«Uhin hedakorrak» sortu dituztenentzat CAF-Elhuyar sariak

Zutik, ezkerretik eskuinera, Ander Gortazar Balerdi, Miguel Querejeta López, Iraia Etxabide Etxeberria eta Josu Lopez Gazpio. Makurtuta, Asier Vallejo Ruiz eta Olatz Arregui Uriarte (Ekaia aldizkaritik), Arantza Aldezabal Roteta (Iñaki Odriozola Larrañaga sarituaren ordezkari). /
Zutik, ezkerretik eskuinera, Ander Gortazar Balerdi, Miguel Querejeta López, Iraia Etxabide Etxeberria eta Josu Lopez Gazpio. Makurtuta, Asier Vallejo Ruiz eta Olatz Arregui Uriarte (Ekaia aldizkaritik), Arantza Aldezabal Roteta (Iñaki Odriozola Larrañaga sarituaren ordezkari).

Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan egin zen sariak emateko ekitaldia

Asier Vallejo Ruiz eta Olatz Arregui Uriarte (Ekaia aldizkaritik), Arantza Aldezabal Roteta (Iñaki Odriozola Larrañaga sarituaren ordezkari). Zutik eta ezkerretik hasita: .utik, ezk

'Egin jauzi, eta sortu uhin hedakorrak' lelopean deitu dira aurten CAF-Elhuyar sariak, eta «horretara ausartu direnei aitortza egiteko asmoz» banatu ziren atzo, maiatzak 16, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.

Antolatzaileek nabarmendu zuten «zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana» aitortzeko eta xede horrekin bat egiten duten proiektuak bultzatzeko sortutako sarietara 71 lan aurkeztu direla, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon dela.

Dibulgazio-artikuluorokorraren saria Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpek irabazi dute, 'Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra' izeneko artikuluarekin. Plastikoen arazoari aurre egiteko irtenbideak ikertzen ditu Alaitzek, eta idatzi duen artikulurako ilustrazioak egin ditu Iraia ahizpak. Lesakarrak dira, eta bien arteko elkarlanaren emaitza izan da lan saritua.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Miguel Querejeta Lópezek eskuratu du, 'Zulo beltzen sinfonia' lanarekin. Querejeta donostiarra da, eta Alemaniatik etorri da saria jasotzera, Max Planck Astrofisika Institutuan baitabil ikertzen. Zulo beltz erraldoien eta galaxien arteko elkarrekintzari buruz egin du tesia, eta ez da CAF-Elhuyar sari bat irabazten duen lehen aldia: 2013an ere jaso zuen, artikulu orokorraren kategorian.

Aurten, bigarren aldiz banatu da Neiker Sari Berezia. Lehen sektoreko lanak saritzen dira haren bidez, eta aurtengo saritua Zestoako Iñaki Odriozola Larrañaga da, 'Euskal mendiak herbiboroek zizelkatuak' lanarengatik. Hark ere bere tesian oinarrituta idatzi du artikulua.

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategoria ez du kazetari batek irabazi, kimikari batek baizik, Josu Lopez Gazpio tolosarrak. Lan handia egiten du dibulgazioan, eta horren erakusgarri da saria irabazi duen artikulua: 'Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea'. Zientzia Kaieran argitaratu zuen, Gabonetako oporrak hasi aurretik, hain justu.

Guztiek ere 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, arkitekturaren gaineko gogoeta eta teknologia uztartzen dituen proiektu batek irabazi du: 'Bastartak!'. Egileak: Ander Gortazar Balerdi donostiarrak eta Jacek Markusiewicz poloniarrak, arkitektoak (RAZ kooperatiba).

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariarentzat izan da. Izan ere, ia 30 urteko ibilbidean, euskarazko zientzia-aldizkarien kalitatea nazioarteko hainbat aldizkariren mailakoa dela frogatu  du Ekaia aldizkariak.

Iazko bekaren emaitza

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen  proiektuaren emaitza erakutsi dute egileek, Armintxe Animazio Taldeak: 'Miraila' animaziozko film laburra.

Bertaratutakoen artean, saridunez eta haien lagun eta senideez gain, epaimahaikideak eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia; Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Igor Arrondo Esnaola CAFeko Giza Baliabideetako ordezkaria; Bittor Oroz Izagirre, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Josune Zabala Alberdi Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria; Miren Elgarresta Larrabide Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria; Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria; Leire Baraño Orbe, NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusia; Asier Vallejo Ruiz, Ekaia aldizkariaren koordinatzaile nagusia eta Iñaki Alegria Loinaz, UEUko zuzendari ohia.

Epaimahaikideak, berriz, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; eta Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna.

Lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER- Sari Berezian, Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza zuzendariak ere egin ditu epaile-lanak.

Azkenik, Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, honako hauek epaitu dituzte: Maria Gil Rodriguez, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedradunak eta Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos