Ugaztunen bilakaerak eta giza-garunak elkarren artean duten lotura

Ugaztunen bilakaerak eta giza-garunak elkarren artean duten lotura
Josemari Aleman Amundarain

Oxfordeko Unibertsitateko, Achucarro zentroko eta Ikerbasqueko zientzialariek egindako lankidetza bidezko ikerketa baten arabera, neurona migratzaileen iritsiera funtsezko faktorea izan zen neokortexaren sorrerarako

DV

Neokortexa ugaztunei baino ez dagokien garuneko alde berezia da, gainerako espezieetatik bereizi, gure portaerak arautu eta sentitzea, arrazoitzea eta, azken batean, gizakiak izatea ahalbidetzen diguna. Garuneko alde berezi hau fetu-aldian nola eratzen den eta eboluzio biologikoan nola sortu zen ikertzean, garrantzi handiko aurrerapausoak eman dira garunaren funtzioa ulertzeko ahaleginetan.

Oxfordeko Unibertsitateko, Achucarro zentroko eta Ikerbasqueko zientzialariek egindako lankidetza bidezko ikerketa batek datu berriak eskaini ditu misterio handi hori argitzen laguntzeko. Esperimentu berri hauei esker, jakin ahal izan dute neurona migratzaileen iritsiera funtsezko faktorea izan zela neokortexaren sorreran.

Egun arte ezin izan da zehaztu, hala ere, nola sortu zen eboluzioan, duela 300-170 milioi urte inguru, naturan dagoen organorik konplexuenetarikoa. Duela zenbait hamarkadaz geroztik, ordea, badakite enbrioiaren garapen-aldian, neokortexeko neurona gehienak enbrioian ondo kokatuta dauden alde jakin batzuetan sortu ohi direla, eta alde horietatik zertxobait mugitu ondoren, geruzetan antolatu eta elkarren artean konektatuz zirkuituetan.

Alabaina, azken aldian, enbrioiaren garunetik at sortu eta neokortexera iristeko distantzia luze samarrak egin behar dituzten beste neurona-talde batzuk deskribatu dituzte, neokortexa osatzeko pieza klabeak.

Hartara, geruza kortikalen birsorkuntza sustatzen dute, garuneko aldeen arteko lotura egokia ahalbidetuz eta neurona-kopuru egokiaren ekoizpena erraztuz. Baina horrez gain, beste ezaugarri berezi bat ere badute: neokortexaren osaketa zuzentzeko eginkizuna amaituta, hil egiten dira.

Ikerbasqueko ikertzaile Fernando Garcia Moreno doktoreak eta Oxfordeko Unibertsitateko Zoltán Molnár irakasleak zuzendutako nazioarteko zientzialari-talde batek funtsezko neurona horien migrazioa ugaztunen enbrioien garunetan baino ez dela gertatzen egiaztatu du.

Beste espezie batzuetan horrelako mugimendu zelularrak ez egoteak iradokitzen du ugaztunen eboluzio goiztiarra primateak eta gizakiak gehien bereizten dituen garunaren alde berezi horrekin lotuta dagoela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos