Eguzki-argia era merkean eta errendimendu handian kontzentratzen duen zuntz optikoa

Eguzki-argia kontzentratzeko eta zelula fotovoltaikoetara garraiatzeko errendimendu handiko polimerozko zuntz optiko dopatuak /Itxaso Parola
Eguzki-argia kontzentratzeko eta zelula fotovoltaikoetara garraiatzeko errendimendu handiko polimerozko zuntz optiko dopatuak / Itxaso Parola

EHU eta Braunschweig Unibertsitateko ikerketa baten arabera, gailu txikiak elektrizitatez hornitzeko aproposagoa da osagai organikoz eta ez-organikoz osatutako dopatzaile bat eranstea zuntz optikoari

Nahiz eta 2017an kontsumitu den energiatik %3 besterik ez izan haizetik, eguzkitik eta biomasatik eratorritakoa, gaur egun eguzki-energia lortzeko aukerak dexente hazi daitezkeela uste dute adituek. Izan ere, eguzki-energia beti izango da bere horretan, eta eguzki-baratzeetatik ez ezik, etxeetan, teilatuetan eta beste hainbat tokitan ezarritako sistema txikiagoen bidez ere eskura daiteke eguzkitiko energia.

Ikerketa ugari egiten dira mundu osoan eguzki-zelula fotovoltaikoak hobetzeko; orain arte lortu diren zelula fotovoltaiko egokienak siliziozkoak dira, baina silizio-iturriak mugatuak dira, instalazio-azalera handiak behar dira, baita eguzkiari jarraitzeko sistemak eta eguzkitiko zuzeneko argia. Gainera, errendimendua asko jaisten da egun lainotuetan edo argi difusoa dagoenean. Laburbilduz, oraindik ere garestia da eguzkitiko energia eskuratzea.

Hain zuzen ere, energia eskala txikian produzitzeko aukera emango duen dopatzaile hibridoko polimerozko zuntz optiko bat lortu dute UPV/EHUko Fisika Aplikatua eta Komunikazio Ingeniaritza sailek Braunschweig Unibertsitateko Teknikoko Applied Organic Materials taldearekin elkarlanean egindako ikerketa batean. Zuntz optikoaren ezaugarriak hobetzeko, osagai organikoz eta ez-organikoz osatutako dopatzaile bat erantsi diote polimeroari.

"Gailu txikiak edo sentsoreak elikatzeko zelula fotovoltaikoetan erabili ahal izango da, eta merkaturatze-aukera handiak izan litzake zelula fotovoltaikoak integratuta dauzkaten eraikinetarako edo eraikin berdeetarako —dio Itxaso Parola ikerketaren egileak—. Gainera, zuntz pasiboetara konektatuz, argia zuntzaren mutur batetik bestera garraia daiteke, eta, horri esker, energia-iturritik urrun dauden gailuak elikatzeko balio du".

Itzal-eremuetarako egokiagoa

"Polimero hibridozko zuntz optikoak eguzki-kontzentragailu lumineszente gisa jokatzen du: eguzki-argia xurgatzen du eta uhin-luzera handiago batean emititzen du; argia zuntz optikoaren muturrera garraiatzen du barne-islapen osoaz, eta muturrean, zelula fotovoltaikoa kokatzen da —azaldu du Parolak—. Lehen aldia da osagai organikoak eta ez-organikoak dituen polimerozko zuntz optikoak erabiltzen direla xede horretarako". Halaber, UPV/EHUko ikertzaileak nabarmendu du, kontzentragailu lumineszente guztiek bezala, hau ere oso egokia dela hirietan izaten diren itzal-eremuetan eta egun hodeitsuetan eguzkitiko energia eskuratzeko.

Egindako neurketen arabera, eguzkiak udako egun eguzkitsu batean ematen duen argiaren herena kontzentra dezakeela ikusi dute, "eta hori oso datu ona da", ikertzailearen iritziz. Hainbat giro- eta argiztapen-baldintzatan neurtu dute zuntzaren errendimendua, eta "ikusi dugu errendimendua ona dela kasu guztietan, baina hobexeagoa dela argiak zuzenean ematen ez zionean. Hori, hain zuzen ere, oso egokia da, siliziozko zelulen errendimendua oso txikia baita egun hodeitsu edo argi difusoko egunetan", dio.

Ikertzaileak adierazi duenez, askoz ere merkagoa da horrelako sistemak prestatzea, siliziozko zelularen azalera handiagoak erabiltzea baino. Nolanahi ere, aldarrikatu du gehiago ikertzeko beharra dagoela, hainbat gakori heltzeko:

"Guk zuntz batekin egin ditugu probak, baina zelula fotovoltaikoetara konektatzeko zuntz-sortak beharko genituzke. Bestalde, zelula fotovoltaikoen azalera karratua da, eta zuntzez azalera hori estaltzean, beti geratuko dira eremu txikiak argirik lortuko ez dutenak. Orain, zuntzaren diametroak aldatuz ari gara probak egiten; zuntza lodiagoa denean, malgutasuna galtzen da, baina, aldi berean, argi gehiago xurgatzen du. Asko daukagu ikertzeko oraindik, baina emaitzak oso itxaropentsuak dira".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos