Azala eta itxura berrituta dator 'Elhuyar'

Azala eta itxura berrituta dator 'Elhuyar'

Lehen baino "txikiagoa, garbiagoa eta erosoagoa da", irakurtzeko atseginagoa

Mamiari eutsita, azala berritu du Elhuyar aldizkariak; diseinua eta formatua aldatu ditu, hain zuzen, eta lehen baino "txikiagoa, garbiagoa eta erosoagoa" izango da aurrerantzean, "irakurtzeko eta eskutan ibiltzeko atseginagoa". Tamainaz txikiagoa izan arren, orri gehiago izango ditu, edukiek ez dezaten pisurik galdu.

Aldaketak aldaketa, helburuari eusten dio aldizkaria, horren xedea izanik "zientzia eta teknologia munduan gertatzen denaren berri ematea, era zorrotz eta entretenigarrian". Eta hori guztia euskaraz, jakina. Gaiak emateko modua ere aldatu da zertxobait. Informazio hotzaren aldean, "zientzialariek beraiek, pertsonek, dute lehentasuna".

Horrenbestez, elkarrizketak, analisiak, iritzia eta ikertzaileek egindako artikuluek osatzen dute aldizkaria. Horrez gain, "gaurkotasuneko erreportajeek eta albisteek ere leku nabarmena dute. Eta bestelako atalak ere baditu aldizkariak, hala nola Istorioak, zientziaren historiaren pasarteekin, edo Ikusmiran, kalitate handiko zientzia-argazkiekin".

Aldizkari berrituaren lehen zenbakian, Eva Poveda López birologoa da elkarrizketatu nagusia. Hiesaren birusean aditua da, eta abenduaren 1a da, hain juxtu, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Erreportajeei dagokienez, bi nabarmendu daitezke: 'Gorputza ere bagara', gorputzaren bidezko bizipenek garunean eta haren funtzioetan duten garrantziari buruzkoa eta Tinto ibaiari buruzkoa.

Urtean lau zenbaki argitaratzen dira, eta 16 eurokoa da urte osoko harpidetza. Webgunean, berriz, egunero eskaintzen dira eduki berriak.

.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos