25.000 parte-hartzaile izan ditu EHUren Zientzia Asteak

Ekitaldietako bat, Tabakaleran./USOZ
Ekitaldietako bat, Tabakaleran. / USOZ

Azaroaren 8tik 12ra burutu da da ekimenaren 17. edizioa Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) adierazi du adin guztietako herritarrek "oso harrera ona" egin diotela Zientzia Asteari, beste behin ere. Azaroaren 8tik 12ra izan da ekimenaren 17. edizioa Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon, eta 25.000 lagun baino gehiago bertaratu dira Zientzia Astea hartu duten lau egoitzetara.

Zehazki, EHUk jakinarazi duenez, 9.600 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, Bilbon.5.000 inguru hurbildu dira Donostiako Takalakera, eta beste horrenbeste Gasteizko Bibat museora. Gainera, 5.400 bisitari izan dira Barakaldoko Clara Campoamor zentroan. Azken edizioetan bezala, zifrek gora egin dute eta 2016an izandakoak baino hobeagoak izan dira aurtengoak.

EHUren Zientzia Astearen edizio honetan inoiz baino ekintza eta jarduera ugariago antolatu dira. Zehazki, 51 txoko zientifiko egon dira ikusgai (22 Bilbon, 17 Donostian eta 12 Gasteizen) eta ehun jarduera baino gehiago antolatu dira: tailerrak (62), bisita gidatuak (40 baino gehiago), hitzaldi (bana Bilbon eta Barakaldon eta lau Donostian), erakusketak (zazpi) eta txikienei zuzenduriko ikuskizun zientifikoak (lau).

Halaber, Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa ere antolatu da aurten, eta Zientzia Astea antolatutako lau hirietan ikusgai egon da. Lau lehiaketa ere antolatu dira.

Bestalde, Zientzia Astearen aurretiko hiru asteetan, urriaren 17tik azaroaren 5era, 'EHU Espazioan' ekitaldia ospatu zen Bilboko Bizkaia Aretoan. "Zientzia Astearen aperitibo bezala" EHUk antolatutako ekitaldiak astronomiaren eta espazio ikerketaren funtsezko ezagutzak era ludiko eta bisualean erakustea zuen helburu. Horretarako, planetario handi bat, planeten zeharreko ibilaldi bat eta espazio misio ospetsuenetakoen maketen erakusketa bat jarri ziren Bilbon.

Jarduerak aurreikuspen guztiak gainditu eta 8.105 bisita jaso zituen lehen asteburuan. Bisitariak etengabe hurbildu ziren azken egunera arte, eta, azkenean, iraun zituen 20 egunetan, 28.600 lagunen bisita jaso zuen 'EHU Espazioan' ekitaldiak.

Zientzia Astearen eta 'EHU Espazioan' jardueraren azken zifrak batuz, "EHUk zientzia eta jakituria 53.300 lagunei hurbiltzea lortu du hiru euskal probintzietan".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos