Diario Vasco

CAF-Elhuyar sarietara lanak aurkezteko azken txanpa

  • Otsailaren 17ra arte dago zabalik aurten lehen sektoreari lotutako lanei zuzendutako kategoria berria duten sarietan parte hartzeko aukera

Aspalditxo aurkeztu zen, udazkenean, CAF-Elhuyar sarien 2017ko edizioa. Aurkezpenarekin batera zabaldu zenez lanak bidaltzeko epea, honezkero bideratuak izango dira zenbait proposamen zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko gizarteratzea aitortu eta bultzatu nahi duten sariotara. Esku artean oinarrietarra egokitzen den lanen bat dutenek jakin behar dute, baina, garaiz dabiltzala oraindik, otsailaren 17ra arte baitute lanak aurkezteko epea. Aurten, gainera, betiko kategoriez gain bada berri bat, lehen sektoreari lotutako lanei eskainia.

'Ez da dirudiena. Azaldu zure ikuspuntua' da antolatzaileek aurtengo ediziorako aukeratu duten leloa. Horrekin gogoratu nahi dute «dena ez dagoela esanda, ez dakigula dena», ekarpen handiak egin daitezkeela; baita euskaraz ere, noski. Hortaz, euren ikuspuntua azaltzera gonbidatzen dituzte «dirudiena zalantzan jartzea», galderak egitea eta horien erantzunak aurkitzea gogoko duten guztiak.

Edizio honetan lau kategoriatan emango dira sariak, berri bat gehitu arren ohiko hiru kategoriei eutsi baitiete antolatzaileek. Sariaren diru aldetiko garrantziari dagokionez, Zientzia Gizartean sorkuntza-beka izan daiteke garrantzitsuena. Zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere. Edozein diziplina artistiko, soziologiko edo zientifikotako proposamenak aurkeztu ahal izango dira sariketara: ikus- entzunezkoak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu duten ikerketa zientifikoak, azterketa soziologikoak... Euskaraz sortuak, euskaraz burutuko direnak eta aurretik aurkeztu gabeak, jakina. Saritua izateko, gainera, ez da beharrezkoa lagin bat aurkeztea, nahikoa baita proposamena aurkeztea.

Dibulgazio-artikulu originalei zuzendutako saria bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du. Zientzia-kazetaritzaren arloko lanei emandako saria ere 2.000 eurokoa da, eta eskultura jasoko du halaber irabazleak.

Horrez gain, esan bezala, aurten beste sari bat dago, lehen sektoreari lotutako lanentzat. Hain zuzen ere, CAFek eta Elhuyarrek elkarlanean antolatzen duten sariketa honek bidelagun berria du, NEIKER, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea. Ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko asmoa du NEIKERek, eta, horren erakusgarri, sariketaren babesle bihurtu da. Oinarriei eta bidalketari buruzko zehaztasunak, hemen eskura daitezke.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate