Diario Vasco

Lurraren soinu-banda berritzeko garaia da

Voyager ontzia eta barruan daraman 'urrezko diskoa'.
Voyager ontzia eta barruan daraman 'urrezko diskoa'. / NASA
  • Voyager espazio-ontziek daramaten musika-selekzioa eguneratzeko ekimena jarri dute abian. Urriaren 7an zabalduko da bilduma berria

Voyager 1 eta 2 espazio-ontzi bikiak 1977az geroztik dabiltza espazioa korritzen eta zientzialarientzat balio izugarria duen informazioa bidaltzen. 'Voyager Interstellar Mission' izeneko misioaren aurreneko helburua Jupiter eta Saturno ikertzea bazen ere, arrakasta ikusita misioa luzatu eta urrunago bidali zituzten ontziak, Urano eta Neptunoraino. Garai batean planeta izandako Pluton nanoa baino urrunago dabiltza une honetan, fin-fin lanean, lau hamarkada ezer ez balira bezala.

Misioaren xede bakarra, ordea, ez zen espazioari buruzko informazioa biltzea eta Lurrera bidaltzea. Inoiz beste zibilizazioren bateko ordezkariekin topo eginez gero Lurrari eta lurtarrei buruzko informazioa zabaltzeko ere badaude prestatuta Voyager ontziak. 'Urrezko disko' banatan, Carl Saganen ardurapeko batzorde batek hautatutako irudiak, mezuak, soinuak eta doinuak grabatu eta espazioratu zituzten, deskuidoan estralurtarren batek aurkitzen baditu jakin dezan nolakoak garen lurtarrak edo, gutxienez, nolakoak garen gure bertsio baketsu eta adeitsuenean.

Diotenez, eskubideen inguruko hainbat listar gainditu ondoren, orain arte oso esku gutxitan egon den diskoa merkaturatu egingo da misioaren 40. urteurrenerako, baina bestelako ekimenik ere bada abian horren inguruan, pentsatu baitute iritsia dela Lurraren soinu-banda egunerako garaia. Horretarako, Estatu Batuetako irrati-kate publikoko 'Science Friday' saioak 'The Golden Record' izeneko ekimena jarri du martxan gaurko mundua hobeto islatzen duten musikak hautatzeko. Ontziek daramaten musika 'berriena', hain zuzen, Chuck Berryk eta Louis Armstrongek ordezkatzen dute, eta ezin da ukatu musika dezente aldatu denik haien garaietatik hona.

Irailean abiatutako ekimenak milaka iradokizun jaso ditu honezkero. Nekez aldatu ahal izango dira fisikoki Lurretik 20.000 milioi kilometro ingurura dabiltzan ontziek daramatzaten diskoak baina aurreratu dute hala eta guztiz ere badutela horien bertsio remasterizatua ekoizteko asmoa. Eduki berriak ezagutzeko urriaren 7ra arte itxaron beharko da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate