Diario Vasco

Angel Rubio EHUko irakaslea Europaea Zientzia Akademiako kide egin dute

Angel Rubio ikerlaria.
Angel Rubio ikerlaria. / DV
  • «Poz eta atsegin handiz sartuko naiz akademian; akuilu bat gehiago da are gogotsuago lan egiteko ikerketaren mundu zirraragarri honetan», adierazi du Rubio irakasleak

Angel Rubio Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisikako katedradun, Nano-bio Spectroscopy Group ikerketa taldearen arduradun eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter institutuko Teoria Saileko zuzendaria Europaea Zientzia Akademiako kide egin dute, zientziari egin dion ekarpen garrantzitsuagatik.

"Europaea Zientzia Akademiako kide izateak mundu osoan balioa ematen dio nik zuzentzen dudan ikerketa taldeak azken urteotan egin duen lanari, baita Espainiako materialen fisikaren arloari ere. Poz eta atsegin handiz sartuko naiz akademian; akuilu bat gehiago da are gogotsuago lan egiteko ikerketaren mundu zirraragarri honetan", adierazi du Rubio irakasleak.

EHUk jakinarazi duenez, Europaea Akademia, 1988an sortua, Giza Zientzien eta Zientzien alorreko ikertzaileak biltzen dituen Europako akademiarik entzutetsuenetako bat da. 3.000 kide baino gehiago ditu, denak ere liderrak euren esparruan. Gainera, erakunde horretako 50 kidetik gora Nobel saridunak izan dira.

Ibilbidea

Angel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko kide osoa, Amerikako Zientzia Akademia (NAS) ospetsuko kide atzerritarra eta American Physical Society (APS) erakundeko kide ikertzailea da. Halaber, hainbat zientzia sari irabazi ditu, besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea saria.

Aurten, gainera, ondoz ondoko bigarren aldiz, Europako Ikerkuntza Kontseiluaren ERC Advanced Grants beka ospetsuetako bat jaso du. European Research Council erakundearen diru laguntza horiek zientzialari europar garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei ematen zaizkie.

Rubio irakaslea eta haren taldea, egindako ikerketa teorikoen ondorioz, "mundu osoko erreferente" bilakatu dira sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan. Haien azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek nola jokatzen duten estimulu jakin batzuekin (besteak beste, argiarekin). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.

Temas