Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Bego Zubia, Lide Jimenez eta Iñaki Alegria Topaketaren aurkezpenean.
Naturaren inguruan lanean dabiltzanen elkargunea

Naturaren inguruan lanean dabiltzanen elkargunea

Natur Zientzien bigarren Topaketa azaroaren 28an egingo da Donostiako Eureka! Zientzia museoan, UEUren eta EuskalNatura taldearen eskutik

dv

Jueves, 5 de noviembre 2015, 13:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

UEUren Natura Zientziak Sailak eta EuskalNatura taldeak antolatuta, datorren azaroaren 28 eta 29an Natur Zientzien 2. Topaketa egingo da Donostiako Eureka! Zientzia museoan. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuean egin den aurkezpenean aurreratu dutenez, bilkura honen helburua naturaren inguruan lanean dabiltzan aditu eta naturazaleen elkargune bat sortzea da. Gai eta partaideen artean diziplinartekotasuna eta dibertsitatea bilatu dute horretarako, eta Euskal Herri mailako alorreko aditu esanguratsuak bilduko dira bertan.

Iñaki Alegriak UEUren izenean hitz egin du: «Hiru helburu nagusik bultzatzen dute UEU bere jarduna egitera egunero-egunero. Lehena, goi-mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori gure tokian tokiko gizarteak dituen beharrei uztartzea; eta hirugarrena, ezagutza hori partitzeko foroak eskaintzea da. Gaur aurkezten den topaketa hau helburu horien adibide ezin hobea dela nabarmendu du Alegriak: «Nahiz eta gero eta gehiago izan, oraindik ez daude gune asko arlo akademiko konkretu batean elkarlanean aritzeko, are gutxiago esparru horretan euskaraz aritzen direnentzat. Hutsune eta behar horretaz jabetuta, UEUko Natur Zientziak sailak eta Euskalnatura taldeak jardunaldi hauek antolatu zituzten lehen aldiz duela bi urte, profesional eta zaletu euskaldunek esparru bakoitzean sortzen diren kezka, iritzi eta gai desberdinak komunean jar ditzaten. Arrakastatsua izan zen lehen topaketa hura, 140 adituk parte hartu baitzuten bertan. Aurtengo egitaraua ikusita, eduki zein partaidetzan helburu berdinak lortzea dugu xede».

Berrikuntzak

Ondoren, Lide Jimenezek, topaketako komunikazio-arduradunak hartu du hitza, bilkuraren xehetasunak emateko: «Duela bi urte Natur Zientzien lehen Topaketa antolatu genuen, Euskal Herrian naturaren inguruko gaietan diharduen jendearen topagune bat sortzeko asmotan. Orduko arrakastaren ondoren bigarren edizioarekin gatoz aurten. Aurreko edizioko ereduari helduko diogu oro har, hasi genuen bideari jarraiera ematea baita helburu nagusia. Dena den, aurreko topaketaren esperientziatik, zenbait berrikuntza izango ditu aurtengoak, eta bertaratuen parte-hartzea sustatzera bideratuta daude gehienak. Hitzaldi formatuko moduluez gain, naturaren kudeaketarekin lotutako hainbat gai prestatu ditugu adituen gidaritzapean talde txikitan eztabaidatzeko. Aurreko edizioan bezala, aurtengoan ere mahai-inguru bat izango dugu: zientziak komunikabideetan eta komunikabideek zientzian izan beharko luketen paperari buruz hitz egiteko Bego Zubia, Miren Bego Urrutia, Urko Aristi eta Jakoba Errekondo gonbidatu ditugu, eta, ikusleekin batera, gai honi buruz eztabaidatu ahal izango dugu. Poster-saioak ere atal berria izango du: enpresa, erakunde zein ikertzaileei aukera emango zaie ikasleentzako praktikak eta gradu edota master amaierako proiektuak aurkezteko. Horrez gain, banako zein taldeek euren posterrak aurkezpen labur batez azaltzeko tartea izango dute. Gainera, posterrik onenentzat sariak banatuko dira! Ekitaldi berezi moduan, UEUren Natur Zientzien saila hastapenetatik bizi izan duten Martxel Aizpuruak, Jesus Mari Txurrukak eta Kepa Altonagak arlo honen urte guzti hauetako eboluzioaz jardungo dute. Biobertsosaio natural baterako tartea ere izango dugu igandean! Aurrekoan bezala, bazkari batekin amaituko dugu Topaketa, bizitakoez edo bakoitzak nahi duenaz patxadaz hitz egin ahal izateko».

Dibulgazioaren garrantzia

Amaitzeko, Bego Zubiak, Elhuyarreko kazetariak, Zientzia eta komunikabideen arteko harremanari buruzko mahai-inguruan parte hartuko du, eta agerraldian bertan esango duenaren laburpen bat egin du. Bere esanetan, azken urte hauetan zientziaren gizarteratzeak garrantzia handia hartu duela azpimarratu du. Horretarako hainbat arrazoi egon daitezkeela aipatu du: «Batetik, esan genezake zientzia-komunitateak berak dibulgazioaren garrantziaren kontzientzia hartu izan duela; eta, bestetik, gizarteak berak informazio gehiago eskatzen duela, besteak beste, gure egunerokotasunean teknologiak eta zientziak gero eta eragin handiagoa dutelako: lana, aisialdia, osasuna... teknologiak erabateko eragina du gure egunerokoan, eta ondorioz, hiritarrok gero eta informazio gehiago eskatzen dugu». Zientziaren gizarteratzeak garrantzia hartzen joan den heinean, hedabideetan zientziak gero eta tarte handiago aurkitu izan duela azpimarratu du Zubiak: «Gaur egun ez da arraroa zientzia informazioa komunikabideek eskaintzea. Bide horretan profesionalizazioa eman da, espezialistak sortu dira, eta informazio eta komunikazioaren teknologien garapenari esker, zientziaren dibulgazioan eta komunikazioan aritzen direnak/garenak elkarren berri badugu, harremanetan gaude eta sare moduko bat osatu dugula esan daiteke».

Bego Zubiaren ustez, urte batzuetatik hona pausu handiak eman dira zientziaren gizarteratzearen alorrean, nahiz eta krisiak sektoreari gogor eragin dion. Egoera honetan egunkariek orriak gutxitu dituzte eta ondorioz zientzia tarteak txikitu egin dira, eta aldizkari espezializatuetan ere egoera ez da hobea izan. Elhuyar aldizkariaren kasuan, finantziazio arazoak behartuta hiruhilabetekari bihurtu behar izan dute orain arte hilabetekari izan dena.

Posterrak aurkezteko epea azaroaren 13a arte dago zabalik, eta matrikula-epea, berriz, azaroaren 20ra arte. Informazio gehiagorako edota matrikula eguteko, jo UEUren web gunera.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios