Bosgarren hizkuntza ikasiena da euskara Estatuko Hizkuntza Eskoletan

Donostiako Hizkuntza Eskolan 1.080 pertsonak ikasten zuten euskara 2015-16 ikasturtean.
Donostiako Hizkuntza Eskolan 1.080 pertsonak ikasten zuten euskara 2015-16 ikasturtean. / ARIZMENDI

2015-16 ikasturtean izan zituen 8.459 ikasleetatik gehienak Euskal Herriko eskoletan zebiltzan, baina Madril, Bartzelona eta Burgoskoetan ere ari zen jendea euskara ikasten

M. IMAZ

Laster abiatuko den ikasturtean zer gertatuko den ezin esan, eta 2016-2017ko datuak ez dira orain zabaldu, baina Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioak eman berri dituenen arabera, 2105-2106 ikasturtean 8.450 ikasle zebiltzan Espainiar estatu osoko Hizkuntza Eskola Ofizialetan euskara ikasten.

Ez da kopuru handia, kontuan hartzen bada guztira 454.642 ikasle izan zituztela Hizkuntza Eskola publikoek. Seitik ia zazpik ingelesa aukeratu zuten, eta %69,1 horretatik oso urrun gelditu ziren gainerako hizkuntza 'handiak': frantsesa (%14), alemana (%9,74) edo italiera (%3,3). Eta ondoren, bosgarren postuan, 8.459 ikasle horiekin, euskara dator. Alde handiarekin da Estatuko hizkuntza ofizial ikasiena, urruti samar uzten baititu gainerakoak: valentziera (1.732 ikasle), katalana (757) eta galiziera (592).

Guztira hogei hizkuntzak osatzen dute Hizkuntza Eskola Ofizialen eskaintza. Aipatutakoez gain, arabiera, txinera, daniera, greziera, irlandera, japoniera, nederlandera, portugesa, errumaniera, finlandiera eta suediera ikas daitezke, eta atzerritarrek gaztelania ere badute aukeran. Hizkuntza denak ez dira eskaintzen, jakina, Eskola guztietan, baina hala ere 'handiak' kenduta bakar bat ere ez zaio hurbiltzen euskarari ikasle kopuruari dagokienez. Handi-handiak izateaz gain modan dauden hizkuntzek, txinerak edo errusierak, esaterako, 2.800 eta 2.500 ikasle inguru dituzte, hurrenez hurren. Gehien hurbiltzen zaiona atzerritarrei zuzendutako gaztelania da, 7.701 ikaslerekin. Ikasle gutxien dituena, berriz, irlandera da. 2015-2016 ikasturtean, hain zuzen, lau pertsonak erabaki zuten soilik irlandera ikastea Hizkuntza Eskola Ofizial batean; zehazki, Madrilgoan.

Ia denak, Euskal Herrian

Euskararen inguruko datuek, jakina, esplikazio argia dute: ikasle gehienak Euskal Herrian daude, EAEn eta Nafarroan Hizkuntza Eskola Ofizialek euskara ikasteko eskaintzen dituzten aukerak 8.212 pertsonak baliatzen baitituzte. Beste datu bat ere hartu behar da kontuan: azken urteetan murriztuz doa Hizkuntza Eskola Ofizialetan euskara ikasten dutenen kopurua. 2011-2012 ikasturtean, adibidez, ia 800 ikasle gehiago zeuden: 9.215.

Datu berrienetara itzulita, ikasle gehien dituen erkidegoa EAE da, 6.337rekin. Horietako 3.734 Bizkaian zeuden, 1.423 Araban eta 1.080 Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 1.975 pertsonak ikasten zuten euskara Hizkuntza Eskola Ofizialetan. Ingelesaren ondotik (6.765 ikasle), hizkuntza ikasiena zen, frantsesaren (gutxigatik) eta alemanaren aurretik.

Gainerako 247 ikasleak euskara ikasteko aukera eskaintzen duten Hizkuntza Eskola Ofizialetan ari ziren 2015-2016 ikasturtean: Bartzelonan, Madrilen eta Burgosen. Bartzelonan 110 ikasle zeuden, Madrilen 74 (katalana eta galiziera batuta baino gehiago) eta Burgosen, zehazki Miranda de Ebroko eskolan, 63.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos