Bizikleta partekatuen erraldoi txinatarrak, Europara begira

Mobike konpainia txinatarraren bizikletak heldu dira Europara.
Mobike konpainia txinatarraren bizikletak heldu dira Europara.

Kudeaketa eredu berriak proposatzen dituzten konpainiak, munduan bizikleta gehien dituen herrialdean sekulako arrakasta lortu dutenak, hasi dira Kontinente Zaharreko hirietan hedatzen

MIREN IMAZDonostia

Donostian, Dbizi; Bilbon, ‘Bilbon Bizi’; Iruñean, ‘nbici’… Gasteiz edo Baionako zerbitzuek ez daukate izen propiorik, baina esan daiteke Euskal Herriko hiriburu guztiek daukatela maileguan har daitezkeen bizikleta publikoak. Hiri bakoitzak dauka bere sistema, baina funtsean denak jarduteko modu berdintsua dute: bizikletak toki jakin batzuetan jaso eta utzi behar dira, eta erabilera-denbora mugatua dute.

Hain zuzen ere, iragan mendeko 60.ko hamarkadan lehen saioak egin zirenetik, ez du etenik izan bizikletak partekatzeko sistemek izan duten hazkundeak. Hirietako kutsaduraren zein horrek eragindako kezkaren areagotzeak, trafiko eta aparkamendu arazo gero eta handiagoek eta krisi ekonomikoak izugarri bizkortu dute bizikleta partekatuen hazkundea azken hamarkadan, eta gaur egun hiri ertain eta handi gehienek daukate horietako sistemaren bat.

Europan abiatu zen fenomenoa mundu osoara zabaldu da, Txinan lortu duelarik inon ez bezalako arrakasta eta hazkunde azkarra. Lehendik ere bizikleta erabiltzera oso ohituta zeuden txinatarrak, eta kontuan izanik zein harrera beroa egiten dieten kanpotik iristen zaizkien berritasunei, gogotsu ekin diote bizikleta partikularrak alboratu eta maileguan har daitezkeen ibilgailu partekatuak erabiltzeari. Hain zuzen ere, sistema horiek 2016an hasi ziren hedatzen Txinan, eta gaur egun 80 konpainiaren artean banatzen da milioika bezero dituen merkatua. Azpimarratu behar da Europan zerbitzu publiko bat eskaintzeko asmoz abiarazi dituztela sistema gehienak eta, horrenbestez, eragile gehienak erakunde publikoak direla, udalak batik bat. Txinan, ordea, negozio gisa planteatu da hasieratik, eta eragile pribatuek jarri dituzte abian ekimen arrakastatsuenak.

Ofo eta Mobike

Konpainia agusia Ofo da, 2015an sortutako ‘star up’-a, akziodunen artean Alibaba eta zenbait inbertsio-funts dituena. Urte hasieran, 6,5 milioi bizikleta zeuzkan Ekialdeko 5 herrialdetako 150 hiritan. Urte amaierarako, 20 milioi bizikleta eduki nahi ditu 20 herrialdetako 200 hiritan. Aurreikuspenak betetzeko, hurrengo hilabeteetan 15 herrialdetan hedatu beharko lirateke Oforen bizikleta horiak. Hedapen hori finantzatu ahal izateko, diru-bilketa erronda egin berri du milia milioi dolarretik gorako balioa duten enpresen taldera heldua den Ofok. Emaitza ikusgarria izan da, inbertitzaileek negozioaren etorkizunarekin fio diren seinale, 600 milioi euro jaso baititu bere eredua Txinatik kanpo zabaltzeko. Eredu berezi samarra, gure inguruan ezagunak ditugun sistemetan ez bezala bizikletak 'solte' baitaude. Horrenbestez, ez da beharrezkoa geltoki finkoetan jaso eta uztea. Ibilgailua edozein tokitan utzi daiteke, eta hartu ere bai, bizikletak desblokeatzea ahalbidetzen duen pasahitza jasotzen baitute erabiltzaileek sisteman erregistratzen direnean. Enpresaren arduradunei esatea gustatzen zaien bezala, "bizikleten Uber"-a izan nahi du Ofok. Zerbitzuari atxikitako aplikazioak, bizikleta libre hurbilenak non dauden erakusteaz gain, nork bere bizikleta partekatzeko aukera ere eksaintzen du.

Egoitza nagusia Pekinen daukan Ofok Shanghain sortutako Mobike-rekin partekatzen du Txinako merkatua, ia erdibana, zati txikitxoa utzirik gainerako eragileei. Mobikeren laranja koloreko bizikletek ere Europa dute jomuga. Eta iritsi dira, oraintsu ezarri baitute Mobike zerbitzua Manchester hirian.

Mobiken atzean ere inbertsio-funts handiak daude, eta konpaina horrek ere diru-bilketa arrakastatsua burutu du, 400 milioi euro ingurukoa, hedapena bultzatzeko. Mantenimendu kostuak murrizteko, bizikleta oso sinpleak proposatzen dituzten, katerik gabeak, gurpil zulaezinak eta aluminiozko koadro erdoilezinak dituztenak. Bizikletak desblokeatzeko telefonoarekin irakur daitekeen QR kode bat baino ez da behar. Enpresak esan du hurrengo hilabeteetan beste 100 hiritara zabalduko dutela eskaintza. Ez dute zehaztu nora eramango dituzten bizikleta laranjak, baina orain arteko martxan hedatzen badira, luze gabe ikusi ahal izango dira Europako hiri nagusietan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos