Berriro zabalduko ditu ateak Sobrongo Ur Museoak

2008ko argazkian, Uraren Museoa.
2008ko argazkian, Uraren Museoa. / J. Andrade

Zazpi urtez itxita egon ondoren, Arabako Añana eskualdean kokatutako museo aitzindaria asteburu honetan hasiko da berriro bisitariak hartzen

Arabako Añanako eskualdean dago Sobron, eta bertan zabaldu zuten duela urte batzuk Ur Museoa, zabalik egon zen bitartean bisitari ugari erakarri zituena. Aizpiegitura aitzindaria izan zen, hain zuzen, beste inon aintzat hartzen ez zen uraren gaiaren inguruan sortu zelako, ingurumenaren aldetik horren garrantzitsua den elementuaren inguruko informazioa bideratuz modu erraz eta atseginean. Batez ere familiei zuzendutako ekipamenduak, baina, zazpi urte eman ditu itxita.

Bolada luze hori amaitu da, eta asteburu honetatik aurrera berriro hartuko ditu bisitariak, ingurumen hezkuntzako funtsezko baliabide izateaz gain erreferentziazko eskaintza kultural eta turistiko bilakatzeko asmoarekin. Horrenbestez, baliabide aurreratuenak baliatuz eta ura oso presente dagoen tokian bestelako jarduera ugari eskainiz, ura interpretatzeko eta ezagutzeko espazioa izango da berriro Museoa. Aurrerantzean, ura bizitzaren eta biodibertsitatearen iturri dela nabarmenduko du, hezkuntza eta ingurumen jardueren bidez.

Elkarlanari esker izan da posible irekiera, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Lantarongo Udalak, Añanako Kuadrillak eta Vital Fundazioak berrindartu baitute zerbitzua. Eragile horiek hitzarmen bat sinatuko dute, datozen lau urteetan zentroa abian egongo dela bermatzeko.

Horixe adierazi dute ostiral honetan arduradunek, instalazioak bisitatu aurretik. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua eta URAko lehendakaria den Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailak Arabako lurraldearekin duen konpromisoa azpimarratu du, "datozen urteetan guztira 200.000 euroko ekarpena egingo da, museoa abian izateko". Gainera, gehitu du "URA-Uraren Euskal Agentziaren bidez, Ur Museoa epe ertainean Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen-hezkuntzako zentroen sarean sartzea ahalbidetzen duen Ingurumen-hezkuntzako proiektu handi bat sustatu nahi dugu, Arabako lehen Ekoetxea izan dadin".

Museoak "urak bizitzaren eta biodibertsitatearen iturri gisa duen garrantziaz kontzientziarazteko" balioko du

Bestalde, "uste osoa dut museo hau Arabako beste turismo eta ingurumen baliabide bat izango dela, eta urak bizitzaren eta biodibertsitatearen iturri gisa duen garrantziaz kontzientziarazteko balioko duela" adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak. Horrez gain, nabarmendu du zein garrantzizkoa den "irekitzen dugun zerbitzu hauen bidez eskualdeei balioa ematea, adibidez, Añanakoari, jendez gehien hustu dena baita. Izan ere, museo honek herritarrei ekonomia eta enplegu aukerak eskainiko dizkie, bisitariak erakarriko ditu, eta Valderojo edo Gatz Harana eragile nagusi izango dituen beste baliabide natural eta turistiko batzuekin lotuko da".

Ingurumen proiektu handi bat

URA-Uraren Euskal Agentziaren bidez ingurumen proiektu handi bat bultzatu nahi da, museoari ahalbidetuko diona epe ertain batean ingurumen hezkuntzako zentroen euskal sarera lotzea eta Arabako lehenengo Ekoetxea izatea.

Baliabide honi bultzada emango dion erabaki honen bidez, gainera, Uraren Museoa eta Ebroko urtegia erreferentziazko zentro bihurtuko dira herritarrak ingurune urtarraren kontserbazioa eta hobetzea sustatzeko beharraz sentsibilizarazteko. Era berean, honako hauek sustatzeko konpromisoa jasotzen da: ingurumen hezkuntzako jolas jarduerak eta eskualdean integratzeko eta kultura eta turismo erakarmen gisa duen zeregina indartzeko ekintzak.

Añanako Kuadrilla arduratuko da museoa koordinatu eta kudeatzeaz Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta azken honen ardura izango da jendaurreko eta ingurumen hezkuntzako langileak jartzea.

Erakusketak ohiko baliabideen (ezenografia, maketak, dioramak, girotzeak edo proiekzio birtualak) eta teknologia berrien (ikus-entzunezkoak, interaktiboak, instalazio edo proiekzio birtualak) arteko oreka lortu nahi du. Horri gehituko zaizkie lantegi eta jarduera didaktiko eta ludikoak, herritarrei ekosistema urtarraren balioak hurbiltzeko eta isurketek eta gehiegizko ur bilketek sortutako kalteak, besteak beste, erakusteko xedez.

Uraren Museoak, era berean, eremu horretako ingurumen, ekologia, paisaia eta geologia intereseko hainbat leku nabarmenduko ditu jadanik dauden azpiegiturekin era koordinatuan. Horrela, eremu horretako hezkuntza eta aisialdi eskaintza osatuko da eta eskualdeko landa garapenaren eta lurralde orekaren estrategiari laguntzen zaio.

Erabakiari jarraituz, helburu gisa jarri da museoa ingurune urtarra ikertzearen eta haren ezagupenak zabaltzearen bitartekari bihurtzea, erakundearteko lankidetza babestuz kontserbatzeko helburuak dituzten beste erakunde batzuekin lankidetza hitzarmenen bidez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos