Euskararen gaztetzea berretsi du Inkesta Soziolinguistikoak

Ezkerretik eskuinera, Mikel Arregi, Mathieu Bergé eta Bingen Zupiria. / IREKIA

Azken 25 urteetan 223.000 hiztun irabazi ditu euskarak, euskaldunaren profila zeharo aldatu delarik, «aukera eta arazo» berriak planteatuz

N. AZURMENDIBaiona

Asteazken honetan Baionan egin den Ipar Euskal Herriari dagozkion datuen aurkezpenarekin, osatutzat jo daiteke 1991 urteaz geroztik Inkesta Soziolingustikoaren bitartez egin ohi den euskararen erretratua. Eta orduko hartan erretratua urtetan aurrera zihoan euskaldun batena bazen, oraingoan gaztea da batik bat argazkian azaltzen den aurpegia. 2016an egindako 8.200 inkestatan oinarritutako VI. Inkesta Soziolinguistikoak erakusten du, alegia, 16-24 urte bitarteko herritarren artean dela altuena euskaldunen kopurua: %55,4koa. Lehendik ere ezaguna zen fenomeno horrek zenbakiez haragoko aldaketak ekarri ditu, zeharo aldatu baita euskaldunaren profila adinari, gaitasunari eta erabilerari dagokionez, "aukera eta arazo" berriak planteatuz.

Alboan Nafarroako Euskarabideako Mikel Arregi eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria zituena, Euskararen Erakunde Publikoko presidente Mathieu Bergék zehaztu ditu Iparraldeko datuak, falta ziren bakarrak, aurretik aurkeztuak baitziren EAEkoak eta Nafarroakoak. "Analisi fina" falta dela adierazi du Bergék, hasiera bateko asmoa aurkezpena irailean egitea baitzen, datuak ondo aztertu eta landu ostean. Hala ere, bada nabarmentzen den datu bat: zenbaki absolututan, lehen aldiz neurketa egiten denez geroztik, ez da murriztu euskaldunen kopurua Ipar Euskal Herrian. Portzentajetan zertxobait egin du atzera, eskualdeak jasaten duen "presio demografikoaren" ondorioz handitu egin baita erdaldun elebakarren kopurua.

Gainerako aldagaiek ere portaera ona izan dute, eta erakutsi dute euskara Iparraldean egiten ari dela aurretik Hegoaldean, zehazki EAEn, egin duen bidea: hiztun kopurua gorantz doa, gero eta gazteagoak dira euskal hiztunak, gero eta gehiagok jaso dute euskara eskolan... Horrekin batera, erabilera eta euskararen aldeko joera ere handitzen doaz Iparraldean non, une honetan, 51.000 elebidun dauden 16 urtetik gorako herritarren artean (%20,5, EAEko %34aren eta Nafarroako %13aren aldean). Horiei gehitu behar zaizkie 23.000 elebidun hartzaile (%9,3) eta 175.000 erdaldun (%70). Bergék azpimarratu du handituz doala elebidunen eta elebidun hartzaileen metaketa, eta bi taldeon artean biztanlegoaren ia %30 osatzen dutela. Aipatzekoa da, gainera, elebidun hartzaile horien artean gehienak euskara galdutako helduak direla, horrek profil oso berezia ematen dielarik.

223.000 hiztun gehiago

Euskararen lurralde guztietako datuak metatuta, ikusten da 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 dela euskalduna, eta % 16,4 euskaldun hartzailea. Orain dela 25 urte egindako lehen Inkesta Soziolinguistikoarekin alderatuz gero, euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu 1991tik. Esan bezala, inkestak argi erakusten du nola gaztetu den euskal hiztunaren profila. Inkestak hartzen duen adin-talderik gazteenak (16-24 urte) du euskaldun ehunekorik altuena (biztanleen % 55,4), eta orain 25 urte euskaldunena zenak (65 urtetik gorakoena) du gaur egun euskara gaitasunik apalena (% 20,4 da euskal hiztuna).

Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan), eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. Aditzera eman diren datuak 2016koak dira eta, lehen Inkesta Soziolinguistikoa 1991koa denez, gaurko prentsaurrekoak 25 urteko bidea aztertzeko beta eman du.

Inkesta Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartzen du kontuan; adin horren azpikoak inkestatik kanpo geratzen dira (kontuan hartuko balira, adin-talderik euskadunena izango litzateke). Inkestak aniztasun handia islatzen du; izan ere, heterogeneotasun handia dago euskararen eremu osoan. Hortaz, lurraldeen edota adinen arabera, dinamikak aldatu egiten dira, baina inkestaren emaitzek euskararen berreskuratze prozesua islatzen dute argi eta garbi.

Ezagutzari dagokienez, 25 urteko bilakaera positiboa islatzen dute. Euskal hiztunen kopurua 1991ko % 22,3tik 2016ko % 28,4ra igaro da, 223.000 hiztun horiek irabaziz. Horri beste datu bat gehitu behar zaio: euskararen eremu osoko biztanleen % 16,4 euskaldun hartzailea da (beti ere 16 urtetik gorakoak). Eremuka, EAEn izan da hazkunderik nabarmenena: 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 33,9 euskal hiztuna da (beste % 19,1 euskaldun hartzailea), duela 25 urte baino % 9,8 gehiago (% 24,1 ziren 1991n).

Orain dela 25 urte adin-talderik euskaldunena zena, 65 urtetik gorakoena (% 28,5), gaur egun euskararen ezagutza apalena duena da (% 20,4 )

Adinaren arabera, neurtzen den adin-talderik gazteena da euskaldunena: 16-24 urte bitarteko gazteen % 55,4 euskalduna da euskararen eremu osoan, adin-tarterik euskaldunena diferentzia handiz (25-34 adin-taldean % 39,7 da euskaraz hitz egiteko gai). Orain dela 25 urte adin-talderik euskaldunena zena, 65 urtetik gorakoena (% 28,5), gaur egun euskararen ezagutza apalena duena da (65 urtetik gorako biztanleen % 20,4 da euskaldun). Iparraldean apalagoa da joera hau.

Euskararen erabilera

Adinari loturiko datu hauek argi erakusten dute euskararen biziberritze prozesuak euskal hiztunen profilaren aldaketa ekarri duela. Euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen, eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntzaren bidez edota euskaltegien bidez jaso dute euskara. Hortaz, euskal elebidunen, elebidun orekatuen eta erdal elebidunen pisu erlatiboa aldatu egin da.

Gaur egun, 16 urtetik gorakoen % 26 euskal elebidunak dira, % 29,5 elebidun orekatuak dira eta % 44,5 erdal elebidunak. 1991an euskaraz hitz egiteko gai zirenen % 34,6 ziren euskal elebidunak, % 27,7 elebidun orekatuak eta % 37,8 erdal elebidunak.

Beraz, euskararen biziberritze prozesuak euskal hiztunen euskara hitz egiteko erraztasunean eragin du, baina euskararen erabilera, hala ere, igo da azken 25 urtean. Era nabarmenean igo da gainera. Gaur aurkeztu den inkesta soziolinguistikoaren arabera, biztanleen % 25,7k hitz egiten du euskaraz neurri batean edo bestean (% 10,3k euskaraz erdaraz baino gehiago, % 6,2k euskaraz erdaraz beste; eta % 9,2k euskaraz erdaraz baino gutxiago); horri gehitu behar zaio beste % 5,2, euskara ‘oso gutxi’ erabiltzen dutenena.

Halaber, euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago edota euskaraz erdaraz beste) ere igo egin da. 1991n % 13,7k egiten zuen euskararen erabilera trinkoa euskararen eremu osoan, eta gaur egun % 16,5ek egiten du euskararen erabilera trinkoa. Euskararen eremu osoan euskararen erabilera trinkoak izan duen hazkundea EAEko hazkundeagatik izan da neurri handi batean, EAEn 5 puntuko igoera izan baitu. Inkestaren arabera, neurturiko adin-talderik gazteena da euskara era trinkoa gehien erabiltzen duena: 16-24ko gazteen % 20,1ek erabiltzen du euskara erdara beste edo gehiago (orain 25 urte % 11,1 ziren).

Transmisioa eta jarrerak

Euskararen transmisiori dagokienez, 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntzaren portaera nolakoa den jakiteko, inkestatuei galdetu zaie zein hizkuntza transmititu dieten seme-alabei. Transmisio hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza izan dira kontuan.

Gurasoak biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 93k euskara soilik transmititu du etxean eta % 7k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, % 83k euskara eta erdara transmititu ditu eta % 17k erdara.

Euskararen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 55,8 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, % 28,2 ez alde ez aurka eta % 16 aurka. Horrela, euskara sustatzearen aldeko jarrerak gora egin du azken 25 urteotan. 1991ko eta 2016ko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 8 puntuko igoera izan du (% 47,5 versus % 55,8).

Euskararen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 85,8k uste du euskaraz eta erdaraz hitz egin beharko litzatekeela etorkizunean. % 9,2k euskaraz soilik egin beharko litzatekeela uste du eta % 4,1ek, halaber, gaztelaniaz/frantsesez soilik. Irakaskuntzari dagokionez, euskararen eremu osoko biztanleen % 57,6k D eredua nahiko luke seme-alabentzat (dena euskaraz, gaztelania/frantsesa ikasgai gisa) eta B eredua nahi luke % 23,7k (euskaraz eta gaztelaniaz/frantsesez).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos