AZTI, ozeanoak behatzeko EuroGOOS sistemako eskubide osoko kide

Artxiboko argazkian, AZTIren Pasaiako egoitza./M.L.
Artxiboko argazkian, AZTIren Pasaiako egoitza. / M.L.

Arduradunen arabera, erakunde horretan sartzeak «balioan jarri du euskal ikerketa zentroak ozeanografia operazionalaren alorrean» egindako lana

AZTI ikerketa zentroa ozeanoak behatzeko EuroGOOS europar sistemako eskubide osoko kide bihurtu da. Horrek, AZTIk ohar baten bidez nabarmendu duen moduan, «ikerkuntza ozeanografikoan egiten duen lana aintzatetsi du». Gobernuarteko Ozeanografia Batzordeko Ozeanoen Munduko Behaketa Sistemako Europako saila da EuroGOOS. Gobernuarteko Ozeanografia Batzordea Unescok sortu du, munduko itsas politika zientifikoa babesten duten datu zientifiko ozeanikoak koordinatzen eta hedatzen direla zaintzeko.

AZTIko arduradunen arabera, EuroGOOS (European Global Ocean Observing System) erakundean sartzeak «balioan jarri du euskal ikerketa zentroak ozeanografia operazionalaren alorrean» egindako lana. Diziplina horrek ozeanoetan, itsasoetan eta atmosferan egindako neurketak eta laginketak hartzen ditu bere baitan, baita horien hedapena eta interpretazioa ere, etekin sozioekonomikoak ateratzeko.

Ildo horretan, AZTIk eta Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak «funtsezko rola» izan dute EuskOOS Euskadiko Ozeanografia Operazionalaren Sistemaren garapenean. Sistema horrek itsasoaren unean uneko egoera etengabe behatzen du.

Zenbait proiektu

Gainera, AZTIk modu aktiboan parte hartu du proiektu desberdinetan, hala nola Europar Batasunak lurra behatzeko daukan Copernicus behaketa programan edota Europako EMODnet edo JERICO itsas behaketa eta informazio sarean. Halaber, 2007tik, IBIROOS Iberia-Bizkaiko Golkoa-Irlanda itsas eskualdeko aliantzako kidea da AZTI.

Esperientzia hori guztia baliagarria izan zaio AZTIri ozeanografia operazionalean «erreferentziazko zentro gisa sendotzeko» eta azkenean EuroGOOS sistemako partaide diren 19 herrialdetako 42 kideen arteko bat izateko.

Erakundeko eskubide osoko kide gisa, lehentasunak identifikatzeko, estrategiak lantzeko, lankidetza hobetzeko eta Europan ozeanografia operazionalaren onurak sustatzeko prozesuetan parte hartuko du AZTIk. Gainera, Ozeanoaren Europar Behaketa Sistema integratu, iraunkor eta eskuragarri bat ezartzen parte hartuko du.

Berez, korronteak, mareak, sedimentuen garraioa eta halako itsas prozesuak denbora errealean neurtu eta behatzeko sistema eraginkorren erabileran oinarritzen da AZTIk ozeanografia operazionalaren alorrean egiten duen lana. Lan horren osagarri, itsasoaren portaerari buruzko aurreikuspenak edukitzea ahalbidetzen duten simulazio eredu estatistiko eta matematikoak erabiltzen ditu. Teknika horien bidez, giza ekintzek inguruneari eragiten dizkioten inpaktuak ebaluatu eta isuri kutsatzaileen kontra eraginkortasunez borrokatu daiteke, besteak beste.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos