Australiaraino joan da nanoKOMIK erronkaren lehen saria

Hauxe da irabazi duen komikiaren hasiera.
Hauxe da irabazi duen komikiaren hasiera.

Gazteen kategoriakoa, berriz, Jonas Casado Etxeberria hernaniarrak irabazi du, 'Besaluze' lanarekin

Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenak eta horiek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzeko eta gazteen sormena pizteko helburuarekin antolatu zuten iaz lehen aldiz CIC nanoGUNEk eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) nanoKOMIK erronka. Nanozientzian eta materialen zientzian espezializatutako ikerketa-zentrook abian jarritako esperientzia ez da zimeldu bigarren ediziorako. Aitzitik, sekulako harrera izan du, eta 70 lan baino gehiago aurkeztu dira erronkara, eta ostiral honetan jakinarazi dute antolatzaileek zein izan diren irabazleak. Sariak bi kategoriatan ematen dira: helduen kategorian eta 14-18 urte arteko gazteei zuzendutakoan. Sari nagusiez gain, bigarren sari bat ere banatu da kategoria bakoitzean, baita publikoaren saria ere.

Eta esan behar da helduen kategoriako sari nagusia oso urrutira joan dela, Australiako Perth hirira. Egileak Aśka izenarekin sinatzen du, eta komikiaren izenburua da 'QUBLINGS - the espionage mission to pluto'. Azaltzeko oso konplexua den komunikazio kuantikoaren gaia komikira eramateko gaitasuna nabarmendu du epaimahaiak, baita gidoian zientzia eta umorea nahastu izana. Ilustrazioen kalitatea eta egituraren konplexutasuna ere aipagarritzat jo ditu.

Kategoria honetako bigarren saria, berriz, Bartzelonako Jose Sénder Quintanak irabazi du, nanozientziatik eratorritako botereen eta beste botere mota batzuen arteko lehia islatzen duen 'Teknaria' lanagatik.

Jonas Casado Etxeberriaren hernaniarraren heroi nagi eta besoluzea.

Gazteen artean, euskarazko lanak izan dira lehen eta bigarren sailkatuak. Lehenengo saria Hernaniko Jonas Casado Etxeberriak irabazi du, 'Besaluze' komikiagatik. Besaluze beso bionikoa erabiltzen duen heroi nagi bat da, eta hernaniar gaztearen lana aurkeztu direnen artean artean borobilena dela ebatzi du epaimahaiak, "nanozientzia, istorio original bat eta umorea gidoian modu egokian integratzen baititu". Komikiaren egitura dinamikoa da eta kalitatezko ilustrazioak ere balioetsi ditu.

Bigarren saria Berako Maricielo Asto Huamanek eskuratu du, 'Kasu inurriekin' lanagatik. Gidoiaren originaltasuna eta narraziorako komiki baliabideen aberastasuna azpimarratu dituepaimahaiak. Publikoaren saria, berriz, Bartzelonako Ruben Molinaren 'Hackgirl'-entzat izan da.

Parte-hartzaile gehienak EAEkoak eta Nafarroakoak izan dira, baina estatuko eta nazioartekoak ere aurkeztu dira (Puerto Rico, Australia…).Lan guztiak hemen daude ikusgai.

Aurtengo epaimahaia Irune Arnaez (KomikiGUNE), Jon Ander Arregi (Brno University of Technologyko fisikaria), Ricardo Diez Muiño (DIPCko zuzendaria), Angel L. Fernández (Jotdown-eko editorea), Hodei Iparragirre (komikilaria) eta Itziar Oteguik (nanoGUNEko komunikazio arduradunak) osatu dute.

Erronkara aurkeztutako ideia originalenak dibulgazio-komiki batean jasoko dira, aurreko edizioan bezala. Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa proiektuaren laguntzaile izan da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos