"Aurtengo abuztuak marka guztiak apurtuko ditu"

Mendigorriako 'El Molino' kanpineko etxetxoa. Aurten ere, bungalowak dira kanpineko izarrak.

Euskal kostaldeko kanpinetan batez besteko okupazioa %85-90ekoa izango da, sektoreko enpresak biltzen dituen elkartearen aurreikuspenen arabera

"Abuztua hastear da, eta sektorearen aurreikuspenak ez dira inoiz izan horren onak". Espainiar estatuko kanpinak kudeatzen dituzten enpresen elkarteak igorri duen oharra esaldi horrekin hasten bada, argi dago gustura daudela kanpinen jabeak 2017ko udak daraman martxarekin, uztaila ere oso ona izan dela baitiote, %80ko batez besteko okupazioarekin. Hala, uste dute posible dela aurreikuspenak betetzea eta, besteak beste, uda honetan turistek kanpinetan 22 milioi gau igarotzea. "Aurtengo abuztuak marka guztiak apurtuko ditu", aurreratu dute.

Uztailaren amaieran ia ezinezkoa zen kanpinetan abuztuko lehen asteetarako bungalow bat nahiz nork bere denda, karabana edo autokarabana jartzeko lurzati bat aurkitzea, bereziki Mediterraneoan. Azken urteetan bezala, kanpinetan gero eta espazio gehiago hartzen ari diren bungalowak dira izarra. Aukera hori eskaintzen duten kanpin gehienetan, denak hartuta daude abuztuaren lehen asteetarako, okupazioa %100ekoa delarik. Gainerako plazetan, berriz, %75-80koa da. Hilaren 20tik aurrera hasiko dira etxetxoak libratzen. Lurzatiak ere data horretan hasiko dira hustutzen.

Kanpinlari beri ugari

Okupazio altuena kostaldeko kanpinek izango dute, batez ere Mediterraneokoek. Horietan batez bestekoa %90-95ekoa izango da. Zertxobait baxuagoa izango da, eta eguraldiaren arabera aldakorragoa, Kantauriko komunitateetako kanpinetakoa baina, hala eta guztiz ere, %85-90ko okupazioak espero dira Euskal Herritik Asturias bitarteko itsasertzean dauden kanpinetan. Barrualdekoetan ere altua izango da hartutako plazen kopurua, %80 ingurukoa.

Federación Española de Camping delakoak dioenez, hazkunde handi hori Espainiar estatuko bezeroei zor die batik bat sektoreak. Antza denez, 100.000 familiak aurten igaroko dituzte oporrak lehen aldiz kanpin batean, eta gaina hartuko dio bertako bezeroak kanpokoari, 60-40 erlazioan.

Bezero kopuruak ez ezik, beste aldagai batzuek ere hobera egin dute. Hala, egonaldia luzatu egin da, eta familiako gastua handitu: sei egunekoa da batez besteko egonaldia, eta familia bakoitzak 90 euro gastatuko ditu egunean.

Aurreikuspenak betetzen badira, errekorra lortuko da uda honetan kanpinetan igarotako gauei dagokienez. Aurreneko aldiz 22 miloi gauetara iritsiko da, uztaila, abuztua eta iraileko datuak pilatuta, 2016ko datuak 700.000 gauetan hobetuta.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos