“Aukera berriak ere ekarriko ditu herritarren zahartzeak”

Mari Karmen Garmendia eta Beatriz Artolazabak sailburua, Bilboko jardunaldian. /
Mari Karmen Garmendia eta Beatriz Artolazabak sailburua, Bilboko jardunaldian.

"Daukagun erronka handia adinekoak ahalik eta bizi-baldintza onenetan bizi ahal izatea da", esan du Beatriz Artolazabal sailburuak 'Lagunkoitasunari buruzko Europako Jardunbide Egokiak' jardunaldian

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak 'Lagunkoitasunari buruzko Europako Jardunbide Egokiak' jardunaldia inauguratu du, Bilboko Guggenheim Museoko Entzungelan. Bertan nabarmendu du "adinekoei zuzendutako politikak, dagoeneko, beharrizan barik betebehar direla". Esan du, halaber, "herritarren zahartzeak behar berriak ekarriko dituela, baina baita aukera berriak ere".

Artolazabalek gogorarazi du "Euskadik munduko gizarte urtetsuenetakoa duela; bertan, bizi-itxaropena, batez beste, 83,4 urtekoa da". Bizi-itxaropena luzatu egin da azken urteotan, "eta urte gehiago betetzen dituztenen bizi-kalitatea ere hobetu egin da". "Daukagun erronka handia adinekoak ahalik eta bizi-baldintza onenetan bizi ahal izatea da, mendekotasun-egoerarik gabe, ahal den denbora gehien eta behar den erosotasunarekin", esan du sailburuak.

Horretarako, "euskal erakundeak zahartzen diren pertsonen kolektiboari begira jarri dira, eta gure auzo, udalerri eta hiriak eroso sentitzeko ingurune bilakatzeko mekanismoak sortu dituzte", esan du Beatriz Artolazabalek. Eusko Jaurlaritzak, 2015-2020 Zahartze Aktiboaren Estrategiaren sustatzaileak, inplikatuta dauden sektore guztiek zahartzerako etorkizun onena eraikitzeko konpromisoa har dezaten bilatzen du, "autonomiaren sustapenean, herritar-talde horren heterogeneotasunaren aitorpenean eta gizarte lagunkoiagoa eta solidarioagoa eraikitzeko eta mantentzeko konpromisoaren eta erantzunkidetasunaren sustapenean oinarritzen den" ikuspegitik.

Esparru horretan, OMEk adinekoei egokitutako inguruneetarako duen Programan oinarrituta, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarearen sustatzailea da; bertan, berrogeita hamar euskal udalek baino gehiagok parte hartzen dute. Lagunkoitasunaren programan, adinekoak gure eguneroko bizitzan eragina izango duen ongizatea sortzeko prozesuaren protagonista dira; izan ere, horrela, espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zaintzen transferentziak modu arrazoizkoagoan berreskuratuko dira.

"Elkarrekin, adinekoetara egokitutako hiri eta erkidegoak eraikitzea herritarren zahartzeari erantzuteko plangintza politiko eraginkorrenetako bat delako ikuspegia partekatzen dugu", esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. "Guk esperientzia eta anbizioa dugu. Nire ustez, jarraitzen ari garen bidea zuzena da, baina kanpora begira jarraitu behar dugu. Beste leku batzuetan egiten ari dena jakin behar dugu".

Zehazki, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu duen jardunaldiaren bidez, adinekoekin zerikusia duten Europako eta estatuko esperientziak ezagutu dira, zenbait lekutatik heldu diren profesionalen eskutik, besteak beste, Belgikatik, Erresuma Batutik edo Poloniatik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos