Asmorik onenek ere badituzte albo-ondorio kaltegarriak

Olio palmondo landaketa Indonesian. /
Olio palmondo landaketa Indonesian.

Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaileak zuzendutako lan batek erakutsi du toki jakin batean egindako jasangarritasunaren aldeko ahaleginek ingurumenaren gaineko presioa eragin dezaketela beste leku batzuetan

M. IMAZ

Esaldiak dio tximeleta baten hegalen mugimendua munduaren beste muturrean sentitu daitekeela; dena dagoela erlazionatuta, alegia, eta edozein akziok duela egilearen kontrolpetik at dagoen eragina. Jasangarritasunaren aldeko ahaleginetara eraman du printzipio hori BC3n lanean diharduen Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaileak. Hark zuzendutako lanak, berriki 'Environmental Research Letters' aldizkari ospetsuan argitaratu denak, erakutsi du zenbait lekutan egindako jasangarritasunaren aldeko ahaleginek ingurumenaren gaineko presioa eragin dezaketela beste leku batzuetan.

'Environmental Research Letters' aldizkariak argitaratu duen ikerlanean, BC3 Klima-Aldaketari buruzko Euskal Zentroko ikertzaileek, Alemania, Holanda, Suedia, Erresuma Batua, Espainia eta Kanadako ikertzaileekin batera, bertatik bertara aztertu dute nola askotan ekosistemen ebaluazioak ezikusiarena egiten dien horrelako inpaktu "urrun, lauso eta geroratuei", egileen esanetan.

Konstatazio horretan oinarrituta, jasangarritasun globalerako kritikotzat jotzen den ekosistemen kudeaketa berri bat proposatzen du lanak. Irudi argigarri bat darabil, gainera, proposamenaren nondik norako nagusiak azaltzeko, Guaca-mole haurrentzako mahai-jokotik hartua. Joko horretan, jokalariek mazo bat erabiltzen dute han-hemenka ateratzen diren satorrak kolpatzeko, eta kolpe bakoitzaren ostean, satorrak beste zulo batzuetatik ateratzen dira.

Joko honek iradokitzen duen irudiak ezin hobeto adierazten du, hain zuzen, leku jakin bateko arazo baten konponbideak beste arazo batzuk sorraraz ditzakeela beste leku batzuetan, eta jasangarritasunaren kasuan, zenbait esku-hartzek oso ondorio larriak ekar ditzakeela. Jasangarritasunaren arloan, toki baten ingurumen- edo giza-arazo bat konpontzen saiatzen garenean arazo hura beste eremu batzuetara tokialdatu daitekeela iradokitzen du. Tokialdaketa honek klima aldaketa, biodibertsitatearen murrizketa edo deforestazioren bezalako mundo mailako ingurumen arazoei mundo mailako erantzunak emotea eragozten du.

Ingurumen-ihesak

'Ingurumen-ihesak' izenaz ezagutzen dira, toki bateko ingurumenaren gaineko presioak murrizteko esku-hartze arrakastatsuek beste toki batzuetan eragin edo areagotzen dituzten presioak.

Era askotako kasuak daude; adibidez, Europako arrain-populazioak berreskuratu ahal izateko, Mendebaldeko Afrikako uretan egiten den arrantzaren gaineko presioa areagotu da, eta ondorioz, tokiko arrantzaleek pairatzen dituzten inpaktuak ere. Bestalde, Txinako eta Europako basoei buruzko arautegiaren hobekuntzak Asia, Hegoamerika eta Afrikako tropikoetako deforestazioa areagotu du, Txinan eta Europan biomasaren inportazioak gehitu diren heinean. Honek ingurumenaren gaineko ondorio globalak ditu, baita ondorio sozialak ere askotan, zenbait lekutako biztanleen ogibidea kaltetzen den aldetik, adbidez, uholdeen kopurua handitzea, lurzoruaren higadura, uraren kalitatea murriztea, etab.

"Ikusten ez dena ez da existitzen" delako ikuspuntuak ondorio larriak ekar ditzake erronka sozio-ekologiko konplexuei aurre egitean, jasangarritasunaren aldeko asmo oneko jardunbideak zalantzan jarriz.

«Ezin dugu jasangarritasun-trantsiziorik lortu, baldin eta ez baditugu kontuan hartzen munduko beste leku batzuetan edo etorkizunen gerta daitezkeen agertokitik kanpoko kargak»

Unai Pascual lan honen ikertzaile nagusiaren esanetan, "ekosistemen agertokitik kanpoko kargak" izendapena eman dieten inpaktu horiek guztiak kritikoak izan daitezke jasangarritasun globalaren ikuspegitik. Hartara, Pascualen hitzetan, "aurrerapauso handiak eman ditugu zenbait lekutako ekosistemek gizakien ongizatearen gainean duten eragina ulertzeko, baina gaur egun, gure mundua estu-estu interkonektatuta dagoen arren, ezin dugu jasangarritasun-trantsiziorik lortu, baldin eta ez baditugu kontuan hartzen munduko beste leku batzuetan edo etorkizunen gerta daitezkeen agertokitik kanpoko kargak".

Garapen Jasangarriaren helburuak, arriskuan

Ingurumen arloko jardunbideak arrakastatsuak izan daitezen, karga horiek aintzakotzat hartu eta Klima-Aldaketari buruzko Gobernu-Arteko Panelak (IPCC) eta Ekosistemen Bioaniztasun eta Zerbitzuei buruzko Gobernu-arteko Plataformak (IPBES) ekosistemen gainean egiten dituztenen antzeko ebaluazioetan sartu behar dira. Zenbait politikak inpaktu jakin batzuen ingurumen-ihesak aitortzen dituzte, adibidez, CO2 harrapaketa gaitasun handia duten basoen kontserbazioak ekosistema tropikaletara eraman dezakeela deforestazioa. Hala ere, horien gaineko neurketa zehatza egitea oso zaila denez gero, ingurumen-politika gehienetatik nahiz ekosistemen zerbitzuei buruzko ebaluazio gehienetatik baztertuta geratu ohi dira.

Unai Pascualen iritziz, agertokitik kanpoko karga horiek aintzakotzat ez hartzeak arriskuan jar dezake Garapen Jasangarriaren helburuak lortzea. Ikerketan, Pascualek eta bere lankideek zenbait bide iradoki dituzte, zientzialariek nahiz erabakiak hartzen dituztenek ekosistemei buruzko ebaluazioetan 'karga' horiek sar ditzaten. Horren harira, Unai Pascualek beharrezkotzat jo du "ingurumen-inpaktuei buruzko lana eta arriskuen analisia ekosistemek denboran eta espazioan zehar eskaintzen dituzten zerbitzuei buruzko ebaluazioekin konbinatzea. Zientziak ekarpen handia egn dezake mundo mailan ekintza politiko jasangarria errazteko, Globalki pentsatu eta tokian ekin" idea jarraituz". Gainera, kargak neurtu eta bistaratzeko, dagoeneko asmatuta dauden kontzeptuak erabil daitezke; esaterako, 'ur birtuala', leku bakar batean inportatutako ondasunen kontsumoak ondasun horiek ekoizten diren eskualdeetako ur-horniketari eragiten diola irudikatzen duena.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos