Kostatzen zaigu kuxkuxero hutsak garela onartzea

Beste herrialde batzuetan ere oso gogoko dituzte txutxu-mutxuak. Argazkian, maiz muga guztiak gainditu dituen 'Chi' aldizkari italiarra./AFP
Beste herrialde batzuetan ere oso gogoko dituzte txutxu-mutxuak. Argazkian, maiz muga guztiak gainditu dituen 'Chi' aldizkari italiarra. / AFP

Uste dugu 10 pertsonatik 9 esameszaleak direla, baina horietatik 2k onartzen dute soilik eurak ere aritzen direla txutxu-mutxuka

M. IMAZ

Denetarako daudenez inkesta eta ikerketak, egin berri batek erakutsi du Espainiar estatuko biztanleek uste dutela herrikideen %87 kuxkuxero hutsak direla. Inkestak bi alde harrigarri samar ditu: kontuak ez dira ateratzen, eta gaiarekin harremanik ez duen Nueva Pescanova egin du.

Kontuak ez dira ateratzen inork gutxik sartzen duelako bere burua kuxkuxeroen taldean. Hain zuzen ere, 10 lagunetatik 2 baino ez daude txutxu-mutxu zaleak direla onartzeko prest, hartzaile zein sortzaile edo hedatzaile gisa. Gazteei gutxiago kostatzen zaie izaera hori aitortzea, eta hamarretik 3k esaten dute baietz, badireka kuxkuxeroak. Deigarria da, bestalde, gaiari buruzko inkesta arrantza-konpainia batek egitea.

Bi fenomenoek dute, nolanahi ere, esplikazio erraza. Batetik, kuxkuxero-izaerari dagokion moduan, nahiago dugu akats eta bekatuak hurkoari leporatzea gure gain hartzea baino. Bestetik, Nueva Pescanovak txutxu-mutxuek duten eragin soziala neurtu nahi izan du inkesta horrekin, horietan oinarritutako kanpaina bat abiarazteko.

Intentzio onekoak

Autonomia erkidego guztietako 1.000 lagunen artean egindako inkestaren arabera, datuak ez gaitu gehiegi kezkatu behar. Kuxkuxeroak asko badira ere –gehiago edo gutxiago, segun eta zein den aintzat hartzen den ehunekoa…-, oso gutxik jokatzen dute maltzurkeriaz kontu kontari dabiltzanean. Esamesa gaiztoek txutxu-mutxuei emandako denboraren %5 baino ez omen dute hartzen. Eskerrak gutxiengoa diren, ondorio larriak izaten baitituzte askotan. Inkestari erantzun diotenak, dena den, kezkatuta daude mota horretako esamesa kaltegarriek sare sozialek ahalbidetzen duten anonimotasunari esker bizi duten loraldiarekin.

Gaiei dagokienez, gustatzen zaigu batez ere ezagunei buruz aritzea kontu kontari. Hortaz, senideak, lagunak, lankideak eta ezagunak dira esamesen lehengai nagusia, denbora gutxiago eskaintzen baitiegu gure zirkulutik kanpokoei, nahiz eta pertsonaia ezagunak izan (famatuak, politikariak, kirolariak…).

Berriketarako afizioa, dena den, oso hedatuta dago, eta inkestari erantzun diotenen ustez beste herrialde batzuetan ere antzekoak dira kontuak. Heren baten uste du, alegia, espainiar baino kuxkuxeroak direla alemaniar eta ingelesak, eta gehiengoak dio Espainiaren parean dabiltzala Portugalen, Italian eta Frantzian.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos