Arte feminista bultzatzeko lehiaketa

Prado museoan, eta beste hainbat erakuslekuetan emakumeen piezarik ez dagoela ere salatu dute
Prado museoan, eta beste hainbat erakuslekuetan emakumeen piezarik ez dagoela ere salatu dute / EFE

Emakumeen artea "ikusezintasunetik" ateratzea dute helburu

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Artestura lehiaketa artistikoa antolatu dute hainbat elkarte feministek, gune hauen nortasuna eta baloreak ezagutarazteko eta arte feminista bultzatzeko helburuarekin. Azpeitiko Emakume Txokoa, Donostiako Emakumeen Etxea, Eibarko Andretxea, Durangoko Andragunea, Arrasateko Emakume Txokoa, Basauriko Marienea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroako Emakumin Topalekuak hain zuzen.

Elkarrekin antolatutako ekimen honen bidez, emakumeen etxeek euren arteko sarea ere indartu nahi dute. 2016an egin zuten lehen proiektua elkarlanean: 'Testurak', bertsolaritza saio berezia, sareko herri bakoitzean programatu zena. Aurten, lehiaketa amaitzerakoan, "Artestura Feministak" erakusketa antolatuko da, eta hori ere emakumeen etxeetatik pasako da.

Lehiaketaren oinarriak emakumeen etxe antolatzaile bakoitzean eskatu daitezke. 400 euronako zortzi sari eta 200 euronako zortzi aipamen berezi banatuko dira. Udal bakoitzak sari bat eta aipamen berezi bat kudeatuko du. Sarea osatzen duten udalerrietako batean erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute.

Errealitatea eraldatzeko

Antolatzaileek azaldu dutenez, "artea baloreak adierazteko eta transmititzeko modu bat da, eta, hortaz, tresna garrantzitsua da errealitate soziala aztertzeko eta eraldatzeko". Hala ere, arte feminista eta emakumeen artea "ikusezin bihurtuta" daudela deitoratu dute.

Datu gisa aipatu dute New Yorkeko Metropolitan museoan artelanak jartzen dituzten artisten %4 baino ez dela emakumea, eta, ostera, biluziak agertzen diren obretan %76 emakumeen gorputzak direla. Bestalde, Madrilgo Prado museoan, 5.071 gizon artistek erakutsi dituzte lanak, eta soilik 41 emakumek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos