Arbitro bakoitzari berea, baita nekatzeko orduan ere

Premier League-ko arbitro baten lanabesak. / Reuters

UPV/EHUko tesi batek kolektibo horrek partida ofizialetan dituen erantzun fisiko eta fisiologikoak deskribatu ditu eta horiek eragiten duten nekea aztertu du

Txarrerako ez bada, futbol partidetan gutxitan jartzen da arreta arbitroengan, are gutxiago laguntzaileetan. Hala ere, futbolariak bezain ezagunak izatera gutxitan iritsi arren, euren lana ezinbestekoa da jokoak aurrera egiteko, eta haientzat ere lan neketsua da partidan parte hartzea.

Partidetako errendimendu fisikoa eta futboleko arbitroen baldintza fisikoaren profila ezagutzeko interes zientifikoak gora egin du, nabarmen, azken bi hamarkadotan. Hori horrela, Daniel Castillo Alviraren doktorego tesiak ('Cuantificación de las respuestas físicas y fisiológicas y análisis de la fatiga inducida por los partidos oficiales en árbitros de fútbol') JCR zerrendan indexatutako nazioarteko aldizkarietan argitaratu diren lau azterlan zientifiko ditu oinarri. Tesi honetan aurkeztutako azterlan guztiek jarraitzen diote tematika berari; tematika hori erantzun fisiko eta fisiologikoen deskribapenean eta futboleko arbitroetan partida ofizialek eragiten duten nekearen analisian oinarritzen da.

Arbitroek, edozein kategoriatan arbitratzen dutela ere, proba fisiko batzuk gainditu behar dituzte, denboraldiko zenbait unetan, eta horien emaitzen bidez, dagozkien Arbitro Batzordeek (nazioartekoak, nazionalak, autonomikoak edo probintzialak) prestatutako partiden txosten teknikoekin batera, gaikuntza eskuratzen dute beren jarduera betetzeko eta, hala badagokio, kategorian gora edo behera egiteko.

Ariketa desberdinak

Ikerketa hori osatzen duten azterlanek erakusten dute zelaiko arbitroek distantzia gehiago egiten dutela, eta batez beste abiadura balio handiagoa erregistratzen dutela partida ofizialetan laguntzaile dauden arbitroek baino. Gainera ikusten da beherakada dagoela 15 eta 30 metro bitarteko distantzietan esprintatzeko gaitasunean, partidaren ondoren, haren aurretik erregistratutako errendimenduarekin erkatzen denean, bai zelaiko arbitroetan, bai arbitro laguntzaileetan. Esprintaren errendimenduan antzeman den beherakada partidak eragindako neke eragiletzat har daiteke. Hala ere, ez da errendimendu galerarik ikusten bi aldetako eta alde bakarreko jauzi bertikalaren errendimenduan.

Halaber egiaztatu da beherakada dagoela neurtu diren beste parametro batzuen errendimenduan, edo arbitro laguntzaileek neke muskular handiagoa dutela eskuineko hankan, partidaren amaieran. "Horrek –dio Daniel Castillok– erakusten du arbitro laguntzaileek inplikazio handiagoa izan dezaketela jokoan eskuinaldeko beheko gorputz adarrean eta horrek, ondorioz, nekea eragin dezakeela, egiten dituzten ekintza bereziak eta esanguratsuenak beren eskuinaldean gertatzen direlako, penaltiaren eremua dagoen lekuan".

Kolektibo horretan prestaketa fisiko desegokia izateak partidetan beren ekintzak muga ditzakeenez eta horrek eragin negatiboa izan dezakeenez, besteak beste, kategoriaz jaisteko, tesiak ondorioztatzen du entrenamendu programa bereziak diseinatu behar direla zelaiko arbitroentzat eta arbitro laguntzaileentzat, beren errendimendu fisikoa hobetzeko lehiaketan. "Nahiz eta FIFAk test batzuk ezarri dituen zelaiko arbitroek eta arbitro laguntzaileek esprintatzeko duten gaitasuna baloratzeko, interesgarria izango litzateke ezaugarri hori baloratzea, distantzia laburragoetan, batik bat probintzia kategorietan. Gainera, prestatzaile fisikoek entrenamendu fisikoa jaso beharko lukete, azelerazio gaitasuna hobetzeko, zelaiko arbitroei eta arbitro laguntzaileei futbol partidak arbitratzeak eskatzen dizkien baldintza fisikoak kontuan hartuta", esan du Daniel Castillok.

Tesia Javier Yanci Irigoyen eta Jesús Cámara Tobalina doktoreek zuzendu dute, UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Sailaren barruan, eta bertan batzen dira aurretiko lau azterlan zientifikoren emaitzak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos