Amagandiko edoskitzea sustatzea, inbertsiorik onena

Orain egun gutxi Mexikon egindako argazkia. Herrialde hartan ere urria da seme-alabei bularra ematen dieten emakumeen kopurua. / SASHÉNKA GUTIÉRREZ/EFE

Herrialde bakar batek ez ditu betetzen Osasunerako Mundu Erakundeak egokitzat hotzen dituen jarraibideak

M. IMAZ

Aurreneko sei hilabeteetan, amaren esnea izan beharko litzateke haurraren elikagai bakarra. Ez soilik jaioberrien eta umetxoen elikadura aldetiko behar guztiak asetzen dituelako, baizik eta adin horietan ohikoenak diren gaixotasun arruntei –munduan bularreko ume asko hiltzen dituzten beherakoari edo pneumoniari, adibidez- aurre egiteko botika onenetakoa delako. Frogatuta dago, hain zuzen, amagandiko edoskitzea oso onuragarria dela haurrarentzat zein amarentzat.

Sei hilabetetik aurrera ere mantendu daiteke noski edoskitzea norberak erabakitzen duen momentura arte, haurraren garapenaren une bakoitzari dagokion dieta egokian integratuta betiere, baina aurreneko sei hilabete horiek kritikoak izanik, OMEk, Unicefek eta bi erakunde horiek buru diren Global Breastfeeding Collective delakoak behin eta berriro gogoratzen dute hori dela, ahal bada, jokabide egokiena.

Ez dirudi ordea jaramon handirik egiten dietenik. Abuztuaren 1etik 7ra egiten ari den Amagandiko Edozkitzearen Astea dela eta zabaldu duten txostenaren arabera, herrialde bakar batek ez du betetzen erakunde horiek emandako jarraibide nagusia: sei hilabete arteko bularreko haurrei bularra besterik ez ematea.

194 herrialdetako egoera aztertuta, ikusi dute sei hilabetetik beherako haurren %40 baino ez direla elikatzen soilik amaren esnearekin, eta 23 herrialdetan baino ez dagoela %100ekoa izan beharko litzatekeen ehunekoa hori %60aren gainetik.

Europako bakar bat ere ez dago herrialde horien artean, ezta Ipar eta Erdi Amerikakorik ere. Gehienak Asiako eta Afrikako herrialde txikiak dira, handienen artean aipatu behar direlarik Bolivia, Peru, Uganda, Zambia, Kenya edo Nepal.

4 euro jaioberriko

Ikuspegi ekonomikotik ere neurtu dute egoera, eta ondorioztatu dute amagandiko edoskitzea sustatzea inbertsio bikaina dela, hamar urteren buruan 300.000 milioi dolarreko irabaziak eman ditzakeena.

Egin dituzten azterketen arabera, sei hilabetetik beherako haurtxoen artean edoskitze-tasa handitu eta maila egokietara eramateko 4 euroko inbertsioa egin beharko litzateke jaioberri bakoitzeko. Helburuak betetzea 520.000 heriotza ekidin ditzake bost urtetik beherako haurren artean. Horrenbestez, milaka milioi aurreztuko lirateke gaixotasunen prebentzioan, botikatan eta zaintzatan.

"Amagandiko edoskitzea herritar gazteenen eta etorkizuneko ekonomiaren zein gizartearen osasunaren mesedetan egin daitekeen inbertsiorik errentagarriena eta eraginkorrena da", esan du UNICEFen zuzendari exekutibo Anthony Lakek. "Ez badugu edoskitzean inbertitzen, huts egiten diegu amei eta haurrei, eta bizitza eta aukera galdutan ordainduko dugu hutsegite horren prezioa", gehitu du.

Bereziki kezkagarria iruditzen zaie ekimena bultzatzen duten erakundeei gorantz doazen ekonomia handietan –Txinan, Indian, Indonesian, Mexikon eta Nigerian- gaiari eskaintzen zaion arreta txikia eta egiten diren inbertsio urriak. Herrialde horietan, hain zuzen, edoskitzean behar bezainbeste ez inbertitzeak 236.000 heriotza eragiten ditu urtean haurtxoen artean, eta 100 milioi euroko galera ekonomikoak.

Horren guztiaren ondorioz, Amagandiko Edoskitzaren aldeko Munduko Kolektiboak dei egin die herrialdeei areagotu ditzaten inbertsioak bi urte bitarteko haurren artean edoskitze-tasa handitzeko, eta ezar ditzatela indarrean dauden nazioarteko kodeak amarena ez den esnearen salmentarako edota amatasuna eta edoskitzea babesteko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos