Alga-izurritea Bretainiako hondartzetan

Hondarraren ordez alga berde-bedeak dituzte Locquirec-eko hondartza honetan. / Damien Meyer/AFP

Tenperatura altuen eta lehorte luzearen ondorioz, aurreko urteetakoa baino bortitzagoa eta larriagoa da aurten 'marea berdearen' eragina

M. IMAZ

Europako hondartzarik ederrenetakoak dauzkate Bretainian. Badira labarpeko kala ezkutuak, baita harea xehe-xeheko hondartza kilometrikoak ere... Uda partean, guztiz naturala eta ohikoa da hondartza horietako ia guztietan algak azaltzea. Normalean dira itsas uraza deituriko alga berde-berdeak, bere horretan aparteko arriskurik ez dutenal. Bretainiako kostaldeko udalek, hortaz, aspalditik dakite nola egin aurre arazoari.

Azken urteetan, baina, izugarri areagotu da hondartzak estaltzen dituzten algen kopurua, eta aurtengo uda marka guztiak txikitzen ari da. Zenbaitek diote alga berde inbaditzaileen fenomenoaren areagotzeak zerikusi zuzena duela klimaren aldaketarekin eta ingurumenarekiko oreka aintzat hartzen ez duten jarduera ekonomikoekin.

Aurten, alegia, algak iritsi dira inoiz baino lehenago, eta inoiz baino kopuru handiagoan. Normalean, alga-kolpe handiak abuztu aldera iristen dira, baina aurten ekainaren azken egunetarako algaz estalitako hondartzetan sartzea debekatu behar izan zuten udalen batzuek, eta hasi ziren esaten alga goiztiarren kopuruak aurreko urtekoa bikoizten zuela. Asteak pasa dira, eta zenbaki berriak eman dituzte: 3,5 bider handitu da alga kopurua.

Nitratoak eta beste arrazoi batzuk

"Algak erabateko izurritea dira gure eskualderentzat" esan dio berriki Ouest France egunkariari Eskualdean ingurumenaren ardura duen Thierry Burlotek, eta adierazi du Bretainiaren asmoa dela "alga berdeen neurriz kanpoko ugaritzea kontrolatzea". Hori dela eta, algen kontrako plan berri bat jarri dute abian, bistan delako 2010 urteaz geroztik ezarri direnak ez dutela behar bezala funtzionatu.

Aurtengo egoera berezia ulertzeko hainbat arrazoi ere eman ditu Burlotek: "Itsasoa askoz ere bareago egon zen neguan eta, horrenbestez, ez zituen algak mugiarazi eta lekuz aldatu. Horrez gain, maiatzaz geroztik maiz gainditu ditugu 30 graduak eta lehortea luzea ere ari gara jasaten..." Izan ere, mugimendu faltak eta sakonera gutxiko urak segituan berotzen dituzten tenperatura altuek alga berdeen garapena asko erraztu dute. Ez dira gutxi iradokitzen dutenak gertera horiek guztiak aldaketa klimatikoaren ondorio direla eta, horrenbestez, alga-izurriteak lotura zuzena duela geldiezina dirudien prozesuarekin. Bretainiaren kasuan, kostaldearen zati txiki bati eragiten dio, baina abisu bat ere izan daiteke.

Usteltzean oso arriskutsuak dira hareatzak estaltze dituzten algak. / Damien Meyer/AFP

Bada, dena den, aurrekoekin zerikusirik ez duen beste faktore bat: uretan antzematen den nitrato kontzentrazio handia. Laborantza intentsiboak eragindako kutsaduraren eta algen ugaltzearen arteko harreman zuzen eta ezinbestekoa ez da frogatu, badaudelako nitrato kontzentrazio handia izan arren alga gutxi dituzten guneak, eta justu kontrakoa gertatzen den tokiak ere bai. Hala ere, orain arteko kanpainek erakutsi dute laborariek ekoizteko modua aldatzen dutenean egoerak hobera egiten duela. Hori dela eta, algen aurkako borrokara bideratzen den diru publiko gehiena nekazariei zuzentzen zaie. Laguntzak ematen zaizkie ekoizpen modua aldatzeko eta nitratoak itsasoko uretara hel daitezen ekiditeko hartu behar dituzten neurrien kostuak arintzeko. Eta ez da diru gutxi: administrazioaren maila guztien artean 200 bat milioi euro inbertituko dituzte hurrengo bost urteetan.

Intoxikazio arriskua

Algen arazoa, alegia, ez da soilik estetikoa. Hondarra zapaldu beharrean tapiz berde likatsu eta kirasdun baten gainean ibiltzea oso desatsegina da, eta horrek ondorio kezkagarriak izan ditzake turismoak garrantzi ekonomiko handia duen eskualde batean, hamarkadaren hasieran arazoa anekdotaz haragokoa izaten hasi zenez geroztik frogatu baitute alga inbaditzaileek uxatu egiten dituztela bisitariak hondartzetatik. Hondartzak garbitzea, bestalde, karga handia da kostaldeko herrietako udalentzat, egunero 40.000-50.000 tona jaso behar baitituzte.

Eta ezinbestean jaso behar dira, alga horien deskonposiziok gas toxiko bat sortzen baitu, turisten desertzioa edo inbasioaren estetikoa baino arazo askoz ere larriagoak eragin ditzakeena. Usteltzen direnean, alga berdeek hidrogeno sulfuroa (H2S) isurtzen dute, azido sulfhidrikoa alegia. Oso-oso toxikoa da arnasten bada, eta hilgarria ere izan daiteke. Hori dela eta ixten dituzte batik bat hondartzak alga berde kontzentrazio handia antzematen denean. Hain zuzen ere, 2009an gertatu zen zaldi baten heriotzaren ondorioz hasi ziren konturatzen algen deskonposizioaren ondorioz sortzen ziren gasen eragin kaltegarriena ez zela arrautza usten usaina... Iazko urrian algaz estalitako hondartza batean korrika egiten ari zen gizonezko baten heriotza ere algei egozten diote askok.

Oporretan Bretainiara joatea beti da ideia ona, herrialde zoragarria baita. Hobe, edonola ere, alga berde kontuan bertako turismo zerbitzuak ematen dituen argibide eta aholkuak kontuan hartzea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos