Alemaniako Fisika Elkarteak Angel Rubio EHUko katedraduna saritu du

Angel Rubio ikerlaria/
Angel Rubio ikerlaria

Ikertzailearen eta bere lan taldearen azterlanen helburua materialek estimulu jakin batzuk jasoz gero nola jokatzen duten aurreikustea da

Alemaniako Fisika Elkartearen Fisika Institutuak Max Born saria eman dio Angel Rubio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materialen Fisikako katedradunari. Max Born erakunde alemanaren sari nagusia da. Rubio Nano-bio Spectroscopy Group ikerketa taldearen arduraduna eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter erakundeko Teoria Saileko zuzendaria.

Alemaniako Fisika Elkarteak 1972an sortu zuen Max-Born saria, Britainia Handian eta Alemanian aritu zen Max Born fisikariaren ikerketa lanari balioa emateko. Hala, bi herrialdeotako batean lan egiten duten ikertzaile nabarmenei eman ohi zaie saria urtero, EHUk jakinarazi duenez.

Epaimahaiak Angel Rubioren lana nabarmendu du, "mundu osoan egoera solidoko fisika konputazionalaren esparruan duen lidergoarengatik eta material eta nanoegitura berrien propietateen inguruko iragarpenarengatik". Alemaniako Fisika Elkarteak 2018an emango dio saria, Londresen.

"Ohore handia da Max Born Prize saria jasotzea. Sari honek balioa ematen dio azken urte hauetan egin dugun ikerketa lanari. Meritu hau nirekin lan egiten duten eta lan egin duten ikasle eta doktore guztiena da. Bultzada handia ematen du gaur egun lantzen ditugun ikerketa lerro berritzaileekin aurrera egiteko", esan du Rubiok.

Ikertzailearen inguruko hainbat datu

Angel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko osoko kidea, Amerikako Zientzia Akademiako (NAS) atzerriko kidea, American Physical Societyko (APS) kide ikertzailea, Europako Zientzia Akademiako (AE) kidea eta Simons Fundazioko Flatiron Institutuaren Computational Quantum Physics-CCQ zentroko ikerketa zientzialari nabarmena da.

Hainbat zientzia sari irabazi ditu, besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea. Gainera, ERC Advanced Grants beka ospetsuetako bat jaso du birritan Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik. European Research Council erakundearen diru laguntza horiek zientzialari europar garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei ematen zaizkie. Era berean, Espainiako Fisikako Errege Elkarteak erakundearen domina eman zion iaz. Bigarren aldia izan zen elkarteak Rubio irakaslearen lana saritzen zuela, 1991ean Ikertzaile Berriaren Saria eman baitzion.

Bestalde, Rubiok eta bere taldeak eginiko ikerketa teorikoek mundu osoko erreferente bilakatu dituzte sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan. Hain zuzen ere, azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek estimulu jakin batzuk jasoz gero nola jokatzen duten (besteak beste, argiarekin). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos