Aintzatespen berria Ángel Rubio UPV/EHUko irakasleari

Ángel Rubio, artxiboko argazkian. / Michelena

Simons Fundazioak bere Fisika Kuantiko Konputazionaleko Zentroko ikerketa-zientzialari gisa nabarmendu du

Simons Fundazioak bere Flatiron Institutuko menpeko den 'Computacional Quantum Physics-CCQ' zentroko ikerketa-zientzialari nabarmen izendatu berri du Ángel Rubio. UPV/EHUko Materialen Fisikako katedraduna da Rubio, Nano-bio Spectroscopy Group ikerketa-taldearen arduraduna eta Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter Teoria saileko zuzendaria Hanburgon.

Ángel Rubio irakasleak urtero hiru hileko egonaldia egingo du Flatiron Insitutuan, AEBetako New York hirian. Bertan, material konplexuen deskribapena jorratzeko teoria berriak eta kalkulu-metodoak ikertzen eta garatzen lagunduko du, baita Fisika Kuantiko Konputazionaleko Zentroaren agenda zientifikoa garatzen lagundu ere.

"Benetako ohorea da Simons Fundazioak nigan eta nire taldearengan konfiantza jarri izana New Yorken maila altuko ikerketa-zentro berri bat eraikitzeko eginkizun zoragarri eta konplexu honetarako. Ziur nago denon artean teoriaren eta materialen simulazioen alorreko mundu mailako erreferentzia sortzea lortuko dugula", baieztatu du Rubio irakasleak.

Ángel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko osoko kidea da, izen handiko Amerikako Zientzia Akademiako (NAS) kide atzerritarra, American Physical Society (APS) elkarteko kide ikerlaria eta Zientzien Europako Akademiako (AE) kidea, zientziari egindako ekarpena azpimarragarriaren emaitza. Halaber, hainbat sari zientifiko jaso ditu, besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioaren Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Rey Jaime I saria, Oinarrizko Zientziaren alorrean. Bi alditan jaso du ERC Advanced Grants ospetsuetako bat, Europako Ikerketa Batzordearen eskutik. European Research Councilen izen handiko diru-laguntza horiek zientziaren arloan gehien nabarmentzen diren eta proiektu abangoardistenak aurkezten dituzten zientzialariei eman ohi zaizkie.

Halaber, Real Sociedad Española de Físicak instituzioaren domina eman zion pasa den urtean. Bigarren aldia zen erakunde horrek Rubio irakaslearen lana saritzen zuela. 1991 urtean Ikerlari Berriari Saria eman zioten. Bestalde, Rubio irakaslearen azterlanei esker, eta izaera teorikoko bere taldeari esker, argiaren moduko zenbait estimuluren aurrean materialek nola jokatzen duten ulertu edo aurreikusteko helburuz eskala nanometrikoko sistemen modelizazioaren alorrean mundu mailako erreferente bihurtu da. Horrez gain, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten ezagutzeko simulazio-teknika berriak diseinatu dituzte.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos