Adineko pertsonen independentzia luzatzeko, laguntzaile birtuala

Adinekoek bizimodu osasungarria izan dezaten da progrmaren helburuetako bat./REUTERS
Adinekoek bizimodu osasungarria izan dezaten da progrmaren helburuetako bat. / REUTERS

Zer egin dezaketen gogorarazteaz gain, haien egoera emozionalean aldaketak detektatzeko gai izango da UPV/EHUk koordinatzen duen proiektuaren baitan lantzen ari diren baliabidea

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Speech Interactive Research Group ikerketa-taldearen ardurapean dago EMPATHIC Horizon 2020 europar proiektua. Proiektuaren helburua da adineko pertsonentzako laguntzaile edo coach birtual bat garatzea, eta Europako ebaluatzaileek diote eragin sozial handia izango duela.

Adineko pertsonei zer ekintza edo jarduera egin dezaketen gogorarazteaz gainera, laguntzaile birtuala gai izango da pertsona horien egoera emozionalaren aldaketak detektatzeko, ahots-tonuaren edo aurpegiko keinuen alterazioaren bidez, eta horren arabera jokatu ahal izango du erabat automatikoki.

Adinekoak era independente batean ahalik eta gehiena bizitzea eta bizimodu osasungarria izatea. Horixe da Europar Batasunak mahai gainean jarri duen erronka soziala, zeinari erantzun nahi izan baitio UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektronika eta Elektrizitatea Saileko Speech Interactive Research Group ikerketa-taldeak koordinatzen duen nazioarteko partzuergoak, EMPATHIC proiektuaren bidez. Taldearen proposamenaren arabera, "osasun-laguntzaile edo -coach erabat autonomo bat diseinatu eta garatu nahi dugu, adineko pertsonekin elkarrekintzan arituko dena, eta bizimodu independente bat izaten lagunduko diena hiru oinarri nagusietan: elikadura, bizitza soziala eta ariketa fisikoa", azaldu du María Inés Torres ikerketa-taldeko eta proiektuko buruak.

Tabletean, telebistan, telefonoan....

Azken produktu gisa, "tabletetan, telebistetan, ordenagailuetan, telefono mugikorretan eta abarretan erabili ahal izango den avatar bat lortu nahi dugu, zeinak erabiltzaileekin elkarrizketan jardun ahal izango baitu sentsore, mikrofono eta kamerak erabiliz —azaldu du Torresek—. Hala, besteak beste, hitz egingo dien, gauzak gogoraraziko dizkien eta ekintzak proposatuko dizkien inor izango dute nagusiek. Adibidez, nagusi horrek seme-alabaren bat badu Londresen, sistemak jakin ahal izango du hura Skypera konektatuta dagoela eta harekin dei bat hastea proposa diezaioke". Beraz, "mendekotasunik gabeko adineko pertsonentzako sistema bat izango da. 65 bat urteko pertsonak ditugu jomugan, independentzia luzatzeko aukera izan dezaten".

Baina gogorarazle hutsa izatetik harago, elkarrekintza horri esker, pertsonen jokaera-aldaketak detektatu ahal izango ditu sistemak, bai eta aldarte-aldaketak ere, ahots-tonuan, aurpegieran edota begian aldaketak hautemanez. "Aldaketa horiek hautematean, coach batek egingo lukeen bezala erantzungo du, eta elkarrizketaren bidez egoera zuzentzen saiatuko da", zehaztu du ikertzaileak. Baldin eta sistemak detektatuko balu, adibidez, nagusia ez dela azken egunetan etxetik atera, gustuko duen ekintzaren bat egiteko iradokiko lioke, hala nola kontzerturen batera joateko eta, horretarako, lagunen bati hots egiteko eta txartelak hartzeko.

Proiektuaren helburua "asmo handikoa da", onartu du Torresek; izan ere, jakintza-alor askok jardun beharko dute batera, eta erronka handia da "guztion ikuspuntuak hurreratzea eta guztiok hizkuntza bera erabiltzea". Askotariko jakintza-alorretako profesionalek egin beharko dute bat proiektuan, hala mediku eta psikologoek zein mota askotako ingeniari eta teknologoek, nola amaierako erabiltzaileek. Erabiltzaileen iritzia hasiera-hasieratik izango dute kontuan, egiten diren aurrerapen guztiak probatu eta baliozkotu ditzaten. "Teknologiak funtziona dezan osasun-helburuak eredu matematiko bihurtzea da proiektuaren gauzarik zailenetako bat". Horren ardura duten bazkideei dagokienez, besteak beste, Osatek-eko eta Osakidetzako profesionalen ekarpenak izango ditu proiektuak; hala, Osatek-ekoek betiON Telelaguntzako Zerbitzu Publikoa kudeatzen 6 urtean lortutako eskarmentua baliatuko dute, eta Osakidetzakoek, adinekoen osasun-beharren inguruan duten jakintza.

Bestalde, alderdi teknologikoari dagokionez, laguntza-sistemari ezarri nahi dizkioten funtzio guztiei erantzuteko teknologiak eta sistema garatu beharko dituzte: pertsonekin elkarrekintzan jardungo duen avatarra, hizketaren ezagutza automatikoa, ahots-sintesia eta elkarrizketa-sistemak, emozio-aldaketak ahots-seinalearen bidez detektatzeko sistema, aurpegiera aztertzeko eta emozio-aldaketak aurpegieran detektatzeko sistema, emozio-aldaketak begian detektatzeko sistema, eta teknologiak funtziona dezan osasun-helburuak eredu matematiko bihurtzeko eginkizuna.

Azkenik, produktuaren hiru erabiltzaile-talde boluntario sortuko dira, lortzen diren aurrerapenak ebalua ditzaten: ikastaro-mota desberdinetan parte hartzen duten adineko pertsonez osatua, lehena; telelaguntza-zerbitzuen erabiltzailez osatua, bigarrena; eta medikuek hautatutako pazientez osatua, hirugarrena.

Taldeko kideak zenbait jatorritakoak izango dira: Osakidetzako eta Osatek-eko zenbait zerbitzutako erabiltzaile eta laguntzaileak, Frantziako adineko pertsonen elkarte bateko lagunak eta Osloko Unibertsitateak hautatutakoak. Horiek guztiek antzeko hautaketa-irizpideak beteko dituzte, hala hizkuntza- eta kultura-egoera desberdinetan probatuko baita sistema.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos