979.200 eurorekin sustatuko du Jaurlaritzak euskalgintza

Gizarte aktibazioarekin zerikusia duten egitasmoek berariazko atala dute aurtengo deialdian,/ASIER
Gizarte aktibazioarekin zerikusia duten egitasmoek berariazko atala dute aurtengo deialdian, / ASIER

Astearte honetako Kontseiluan onartu duen deialdiaren helburua «gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko diru laguntzak ematea» da

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak aurtengo 'Euskalgintza' izeneko deialdia onartu du astearte honetako bileran. Deialdiaren bidez, 979.200 euro banatuko dira era ezberdinetako euskararen aldeko proposamenen artean. Deialdiaren helburua da gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko diru laguntzak ematea. Hori lortzeko, euskalgintzaren alorrean lan egiten duten elkarte, jarduera edo proiektuak diruz laguntzen dira.

Jaurlaritzako arduradunek adierazi dutenez, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bideratzen duen diru laguntzen deialdi nagusietako bat da 'Euskalgintza', euskara sustatzeko hainbat proiektu posible egiten baitira hari esker. Urtero 100 proiektu baino gehiago diruz laguntzen dira deialdiaren bidez; esaterako, iaz 153 lagundu ziren.

Lerro honek zazpi multzo ezberdinetan koka daitezkeen proiektuak laguntzen ditu. Aurtengo berritasun nagusia da A multzoa bi zatitan banatuko dela: lehenengoaren bidez diruz lagunduko dira euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak esparru ez formaletan (bereziki aisialdian), eta bigarrenaren bidez lagunduko dira euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak sustatzeko egitasmoak.

B multzoan, euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak lagunduko dira; C multzoan, euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak; D multzoa, euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak (gehienez ere hiru egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).

Halaber, E multzoan, euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak lagunduko dira (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak), eta F multzoan, euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak (gehienez ere, bi egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).

Azkenik, G multzoan, euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak diruz lagunduko dira, hau da, irakurketa eta idazketa trebetasunak garatze aldera buruturiko jarduerak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos