8.634 ikaslek astelehenean egingo dute lehen urratsa EHUn

Orain dela 20 urte ezarri zen EHUn aurrematrikula. Ordukoa da argazki hau. / Aygues

Uztailaren 17an zabalduko da 2017-2018 ikasturterako matrikula egiteko epea

M. IMAZDonostia

Astelehenean, uztailak 17, zabalduko da Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatzeko epea. Egun horretatik aurrera, lehendik ere ikasle zirenek automatrikula egin beharko dute internet bidez, edo ikastegian bertan. Lehen mailan hasiko direnek, berriz, egin nahi dituzten ikasketak eskaintzen diren ikastegiko idazkaritzan eman beharko dute izena. Horrela egingo dute aurreneko urratsa EHUn 8,634 ikaslek, hori baita lehenengo mailan graduko 86 titulazioetan 2017-2108 ikasturtean eskaintzen den plaza kopurua. Aurreko ikasturtean, plazen %96 bete ziren.

Unibertsitario berrien kasuan, hiru deialdi egingo dira eta, horrenbestez, hiru aldi desberdin daude matrikula egiteko. Ezinbestekoa zenez aurre inskripzioa egitea (gehienez ere, 8 titulaziotan egin daiteke aurreinskripzioa, nahiz eta aukera guztiak eskaera berean jaso behar diren), uztailaren 17tik 20ra titulazio horretarako onartuak izan direnek (larunbat honetan, uztailak 15, argitaratu dira zerrendak) egin behar dute matrikula.

Bigarren deialdian, lehenengo matrikula aldia bukatutakoan, hutsik geratu diren plazak banatuko dira; hitzorduak uztailaren 22an kontsultatu ahal izango dira, eta matrikulak hilaren 24an egingo dira. Hirugarren deialdiko hitzorduak hilaren 27an ikusi ahal izango dira, eta matrikulak hurrengo egunean egingo dira. Azkenik, irailean matrikula egiteko beste hiru txanda egongo dira.

Bestalde, lehenengo mailatik gorako ikasleek automatrikula egingo dute uztailaren 17tik 28ra arte, Internet bidez edo ikastegietan matrikulatzeko beren esku jartzen zaizkien ikasgeletan.

Tasak, izoztuta

Matrikula prozesuak berekin dakar ezinbesteko betekizun bat: ordainketa egitea. 2017/2018 ikasturtean EHUrenak ez dira garestituko, izoztuta jarraituko baitute unibertsitate publikoaren tasak EAEn. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak hartu duen erabakiarekin, tasek ez dute inolako aldaketarik izan azken hiru ikasturte akademikoetan (2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018). Azken aldaketa 2014-2015 ikasturtean izan zen, eta %0,4ko igoera aplikatu zen, KPIak izandako hazkundeak adina.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, erabakia gradu guztietan aplikatuko da, bai eta matrikula guztietan ere, lehen matrikulazioan zein deialdi ezberdinen ondoriozko hurrengo matrikulazioetan. Master ikasketetako tasak ere izoztuko dira 2017-18 ikasturterako.

Graduei dagokienez, kredituen prezioak titulazioaren esperimentazio mailaren arabera ezartzen dira. Maila altuena duten ikasketetan 19,84 euro ordaindu behar dira kredituko. Medikuntza ikasketen lehen urteak, esaterako, 60 kreditu ditu; hortaz, 1.168.80 euroko matrikula ordaindu behar da, hori gehitu behar zaizkiola aseguru eta horrelako gastu txikiak. Bigarren eta hirugarren matrikulazioan, asko igotzen da kreditu bakoitzeko ordaindu behar dena: 28,60 eta 43,04 euro, hurrenez hurren. Multzo guztietan gertatzen da hori.

Esperimentazioaren arabera bigarren mailan kokatutako ikasketetan (horixe da multzorik zabalera, ingenieritzak barne hartzen dituena), lehen matrikulak 19,19 euroko kostua du kredituko. Hirugarren eta laugarren multzoko ikasketetan, berriz, 14,30 eta 14,08 eurora jaisten da kredituen prezioa.

Ikasle askok, jakina, matrikula murriztua ordainduko dute, horretarako finkatutako baldintzak betez gero. Bekadunak ere asko izango dira. Bukatu berri den ikasturtean, esaterako, 13.314 ikaslek jaso zuten bekarern bat deialdi ezberdinetan. Banatutako beka guztien artean, 11.510 beka orokorrak izan ziren, eta 39,6 milioi euroko inbertsioa egin zen programa ezberdinetan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos