6,4ko nota jarri diote pazienteek euskarak Osakidetzan duen presentzia eta erabilerari

Jon Darpón, ezkerrean, iaz Legebiltzarrean planaren betetze-maila aurkeztu zuenean./I
Jon Darpón, ezkerrean, iaz Legebiltzarrean planaren betetze-maila aurkeztu zuenean. / I

Orokorreak baikor azaldu den Jon Darpón Osasuneko sailburua eta informazioa ezkutatu izana egotzi dioten ELA eta LAB sindikatuak ez datoz bat egindako balorazioetan

Berak eskatuta, Jon Darpón Osasuneko sailburuak agerraldia egin du astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Osakidetzaren 2013-2019 Euskararen II. Planaren bitarteko ebaluazioaren emaitzak aurkezteko. Saileko zenbait arduradun inguruan zituela egin duen aurkezpenean, sailburuak nabarmendu du "hiru urte hauetan aurrera egin dela orokorrean helburuen lorpenean", helburu horiek direlarik euskararen presentzia eta erabilera bermatzea zerbitzuko hizkuntza gisa arlo guztietan, eta euskara laneko hizkuntza bihurtzea "baldintzek hori ahalbidetzen duten zerbitzu eta unitateetan".

Bitarteko ebaluazioan identifikatu diren indargune nagusiak azpimarratu ditu sailburuak. Euskarak irudi korporatiboa osatzen duten elementu guztietan duen "presentzia altua"-rekin batera, herritarren jarrera azpimarratu du, II. Plana onartu zenetik etengabe handitu baita euskara lehenesten dutenen kopurua. 2017ko abenduan, Osakidetzaren erabiltzaileen % 40k du erregistratuta bere lehenetsitako hizkuntza. Zehazki, 200.000 erabiltzailek hautatu dute euskara osasun-arreta jasotzeko lehenetsitako hizkuntza izateko.

Pazienteen asebetetze maila ere aipatu du. Hori ezagutzeko inkesta bat egin zuten, eta azkenean erabiltzeileek euskararen Osakidetzan duen erabilera eta presentziari 6,4ko nota eman diote, 0 eta 10 bitarteko eskalan. Gutxi gorabehera, izan duten esperientziara hurbiltzen da nota hori. Izan ere, % 58,4k adierazi du beti edo ia beti eman zaiola dokumentazioa euskaraz edo bi hizkuntzetan; % 64k adierazi du beti edo ia beti eman direla euskaraz megafoniako mezuak, % 88 erantzungailu automatikoetan eta % 68k SMS mezuetan.

Landu dituen gainerako ataletan ere (langileen identifikazioa, arduradunen inplikazioa, hizkuntza-irizpideen hedapena, euskara zerbitzuak finkatzea eta indartzea...) orokorrean baikor agertu da sailburua.

Langile elebidunen kopurua, gora

Hizkuntza-eskakizunen egiaztapenari dagokionez, "zerbitzu-erakunde gehienetan, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileen portzentajea erakunde horrek arreta ematen duen lurraldearen biztanle elebidun kopurua baino altuagoa" dela esan du, eta positiboa langile elebidun kopuruaren bilakaera "erakunde askotan", urteko batez besteko hazkundea % 2,82koa delarik. Kalitate-sari eta ziurtagiriak, euskara-programen etengabeko ebaluazioa edo eta erakunde eta gizarte-erakundeekin lankidetza-sareak izan ditu hizpide.

"Zerbitzu-erakunde gehienetan, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileen portzentajea erakunde horrek arreta ematen duen lurraldearen biztanle elebidun kopurua baino altuagoa da" jon darpón osasuneko sailburua

Oro har, Osakidetza osatzen duten zerbitzu-erakunde guztiak kontuan hartuta, eta Euskararen I. Planaren ebaluazioan gertatu zen moduan, aurrerapen handiena Irudia eta komunikazioa eta Hizkuntza-eskakizunak, lehentasunak eta derrigortasun-datak alorretan eman da. Bi alorretako helburuek, planaren aldiaren erdi honetan, "garapen-maila altua" lortu dute, plangintzaren aldi osoari dagokionez. Kanpo-harremanak eta Hizkuntza-kudeaketa alorrek ere positiboki egin dute aurrera, "erritmo baxuagoan bada ere", eta helburuak tarteko mailan lortu dituzte. Barne-harremanak alorrari dagokionez, plangintza-aldi honen lehen hiru urteetan uste baino bilakaera baxuaga izan du, eta oinarrizko garapen-maila lortu du.

Emaitzak lurralde historikoen arabera aztertzen badira, guztietan ikus daiteke aurrerapena Euskaran I. Planetik hona. Hala, "biztanleria euskaldunak dentsitate handiagoa duen eremu soziolinguistikoetan baldintza sozial hobeak daude helburuak lortze aldera aurrerapen handiagoak bultzatzeko, eta arreta-jarduera biztanleria euskaldun portzentaje baxuko eremuetan egiten den zerbitzu-erakundeen gogoak eta indarrak eragin positiboa dute helburuak lortzerakoan", adierazi du.

Zerbitzu-erakundeen tipologiari dagokionez, gehiago aurreratu da Erakunde Sanitario Integratuetan (ESIetan). Horiexek dira, hain zuzen ere, lehentasunezko erakundeak, euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegitik.

LABen protesta

ELA eta LAB sindikatuak ez dira bat etorri sailburuaren balorazioarekin, eta aurrea hartu diote euren kritikekin LAB sindikatuak joan den ostiralean adierazi zuela sailburuak deitutako bileran parte hartuko. Ikerketaren emaitzen "ezkutaketa lotsagarria" leporatu zion, hain zuzen, Jon Darpón sailburuari, eta "euskararekiko eta langileon ordezkarienganako duen jarrera aldatzea" exijitu.

LABek gogoratu zuen tarteko ebaluazioa egiteko garaian (Elhuyar enpresari esleitu zitzaion lana) sindikatuak "jarrera aktiboa" izan zuela eta "hainbat informazio eskaini ziela" ebaluatzaileei tokian toki haiekin egindako bilera ugaritan.

"Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ebaluazio honen emaitzak eskutan izan bezain laster Osakidetza osatzen dugun eta ebaluazioan parte hartu dugun eragileoi helarazi ordez, ebaluazioa aste luzez ezkutatu eta soilik bere komenentzia kontutan hartuz pentsatutako egitaraua antolatu du ebaluazioa ezagutarazteko"; astelehen honetako agerraldia, alegia.

"Ondorioz, Osakidetzako langileok eta Euskara Batzordeko sindikatuok ebaluazioaren berri lehenbiziko aldiz komunikabideen bidez izango dugu, Euskara Batzordearen bezperan, beti ere Osasun Sailak prestatu eta makilatutako kontakizunaren bidez" salatu dute. "Osakidetzako Euskara Batzordeetan egin ditugun eskaerek gaurdaino erantzunik ere ez dute izan. Bere interes bakarra, bistan denez, euskarak Osakidetzan bizi duen egoeraren inguruan bere mezua lehena eta nagusia izatea da, gure hizkuntzak osasun arloan bizi dituen begi bistako arazoak eta ezintasunak apaindu eta isildu nahian", adierazi du sindikatuak.

Horregatik guztiagatik, eta zabaldu duen oharrean aipatzen diren beste zenbait arrazoi direla medio, jakinarazi du "Osakidetzak euskararekiko eta langileon ordezkarienganako duen jarrera aldatzea exijitu asmoz asteartean burutuko den Osakidetzako Euskara Batzorde iruzurrezko horretan ez duela parte hartuko, eta Osakidetza ohartarazten dugu euskararen normalizazioan jarrera ez aldatzekotan aurrez aurre tinko izango gaituela".

ELAren salaketa

ELAk, bere aldetik, ELAk Osakidetzari exijitu dio "euskararen erabilera normalizatzeko benetazko konpromisoa" hartu dezan eta "langileak euskalduntzeko eta langileen eta gizartearen hizkuntza eskubideak bermatzen digun zerbitzu publikoa eskaintzeko benetazko neurriak" hartu ditzan.

Sindikatuak, ohar baten bidez, adierazi du Osakidetzak bilera batera deitu dituela sindikatuak astearte honetarako, euskara planaren betetzearen inguruko balorazioa aurkezteko, eta kritikatu du, LABek bezala, balorazio horren edukia aldez aurretik ezagutzeko aukera ukatu dietela, "esanez batzarrean bertan ezagutzeko aukera izango dugula". "Beste behingoz, Osakidetzak iluntasun osoz jarduten du, arau demokratiko eta sindikatuon lana eta ordezkaritza mespretxatuz", salatu du.

Ildo horretan, kritikatu du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldia, Osakidetzako "euskara planaren betetzearen emaitza positiboak azaltzeko". "Nor engainatu nahi dute?", esan du sindikatuak. Sailburuaren agerraldia "propaganda kanpaina" batean kokatuz, ELAk uste du Osakidetza "oso urruti" dagoela Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planean ezartzen diren helburuak betetzetik, eta "horiek betetzeko borondaterik ez daukala". Sindikatuak ziurtatu duenez, "gaur egun Osakidetzak ez ditu hizkuntza eskubideak bermatzen, ez bere langileenak, ez biztanleriarenak, eta horiekiko aurkezten duen jarrera mespretxukoa da".

"Horren adibide argia da Goi Mailako Teknikari lanpostu bat betetzeko Araban martxan jarri duen deialdia. Lanpostu horri formakuntza eta euskara ardurak eman zaizkio eta, hori horrela izanda, lanpostua betetzeko deialdiak ez zuen hizkuntza eskakizunik ezartzen lanpostua bete ahal izateko. Izatez, lanpostua hartu duen pertsonak ez dauka euskara eskakizunik. Zer esan dezakegu Osakidetzak ez duenean bermatzen euskara arduradun batek elebiduna izatea? Nor engainatu nahi dute?", adierazi du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos