Ia 500.000 euro 215 molusku-ale erreskatatzeko

Iaz egindako argazkian, nakra bat Almeriako uretan./IDEAL
Iaz egindako argazkian, nakra bat Almeriako uretan. / IDEAL

Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak dirutza hori erabiliko du nakra, egoera 'katastrofikoan' dagoen Mediterraneoko molusku erraldoia, salbatzen saiatzeko

Itsas kirolak gogoko dituzten gipuzkoarrentzat, Iker Martínez de Lizarduy nabigatzaile donostiarra oso ondo moldatzen den ontzi klasea da Nacra. Itsas kirolak ez ezik itsasoaren osasuna ere kontuan hartzen dutenentzat, berriz, desagertzeko zorian dagoen molusku bat da nakra edo Pinna nobilis. 120 zentrimetro neurtzera -munduko molusku handienetako bat da- eta 60 urte bizitzera hel daitekeen muskuilu erraldoi modukoa da. Dena den, lehen begi-kolpeko itxura baino ez duen haien antzekoa. Mediterraneo osoan hedatuta dauden nakrak zutik egoten dira hondoan, tente, norbaitek landatu izan balitu bezala, posidonia-zelaietan batik bat.

Daukan tamainagatik, espezie egituratzailetzat jotzen dute, presente dagoen ekosistemetetan habitat berriak sortzeko aukera ematen baitu, beste espezie batzuei bizitokia eskainiz eta, horrenbestez, bioaniztasuna sustatuz. Garai batean oso ugariak ziren nakra aleak Mediterraneoan, baina desagertzear daude une honetan, hainbat arrazoi tarteko, besteak beste posidonia-zelaien hedapenaren murrizketa, kutsadura eta kalte handiak eragin dituen arraste-arrantza. Edonola ere, Mediterraneoko nakrei errematea ematen ari zaie Haplosporidio izeneko protozoo bat.

Bost zentrotara

Nahiz eta ikerketaren batzuk hasi diren hipotesi osagarriak plazaratzen, printzipioz ontzat ematen da parasito hori ari dela nakrak ia desagertzeraino kaltetzen. Ezabatu ditu Almerian, Murtzian, Balear Uharteetan, Valentziako kostaldean... Ebro ibaiaren deltaren iparraldean kokatutako koloniaren batzuk jarraitzen dute bakarrik sasoiko. Hain zuzen ere, kolonia horietako ale guztiak erreskatatzea eta kutsatu gabeko toki seguruetara eramatea da MAPAMA Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak espeziea salbatzeko duen plana. Aurretik, urriaren 17an espeziea larrialdi-egoeran zegoela jakinarazi zen, egoera "katastrofikoan".

Oraingoz parasitoaren eragina jasan ez duten 215 nakra baino ez dituzte aurkitu. Tarragonako La Ametlla de Mar herriko uretan daude, eta horiek erreskatatuz espeziaren biziraupena bermatu ahal izateko 491.521 euroko diru-laguntza onartu zuen joan den ostiralean Ministroen Kontseiluak.

Asmoa da dauden tokitik ateratzea eta bost zentro espezializatutara eramatea. 50 eramango dira Huelvako IFAPAra (Instituto de Investigación y Formación Agraria y Pesquera); 50 Murtziako IEOra (Instituto Español de Oceanografía); 100 Tarragonako IRTAra (Institut de Recerca i Tecnologia Agroalimentàries); 10 Calpeko IMEDMARera (Investigación en Medio Ambiente y Ciencia Marina) eta 5 Valentziako Oceanogràfic-era.

Gaixotu gabeko aleen erreskatearekin, infekzioa eragozteaz gain, bioaniztasunari eusteko oinarrizkoa den funtzioa duen espezie bat bizirik mantendu nahi da, espeziearen gordailu genetiko moduko bat osatu, ikerketa gehiago egin eta ikusi ea posible ote den bere habitat naturaletik kanpoko hazkuntza.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos