2018an "jauzia egiteko aukerak" egongo direla uste du Kontseiluak

Paul Bilbaok euskalgintzako eragile ugariren aurrean aurkeztu ditu balantzea eta aurrera begirako asmoak./KONTSEILUA
Paul Bilbaok euskalgintzako eragile ugariren aurrean aurkeztu ditu balantzea eta aurrera begirako asmoak. / KONTSEILUA

"Hizkuntza-politiken sakoneko berrikuspena egin beharra ikusten dugu", adierazi du Paul Bilbaok

Euskalgintzako 50 eragile baino gehiagoren aurrean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak 2017 urteak euskararen normalizazioan zer eman duen eta, horretan oinarrituta, hurrengo urterako erronka nagusiak aurkeztu ditu Donostian. Urteko irakurketa egiteko, "2017an euskararen normalizazio-prozesuan eragiten duten lau faktoreen bilakaera azaldu nahi izan ditugu, hain zuzen ere, herri gogoa, corpus juridikoa eta araugintza, plangintzak eta baliabideak" azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Horrekin batera, Bilbaok gogora ekarri du 2017an euskararen osasuna zein den erakusten duten bi inkesta nagusi egin direla eta horiek ere izan ditu oinarri etorkizuneko erronkak zehazteko: "Hizkuntza-politiken sakoneko berrikuspena egin beharra ikusten dugu. Hizkuntza-politikak birpentsatu behar ditugu. Bide horretan, bada garaia hizkuntza-politikak ikuspegi holistikoarekin eta integratzailearekin garatzeko; bada garaia administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez garatuko diren hizkuntza-politikak abiatzeko; bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza-politika abian jartzeko" esan du Bilbok.

Lau zutabeen azterketari dagokionez, Bilbaok adierazi du urteko balantzeak erakutsi duela euskararen aldeko gizarte mugimenduak, bere historian zehar behin eta berriro erakutsi duen bezala, bere burua eta bere egitasmoak berritu eta eraberritzeko duen gaitasuna. Are gehiago, hori gabe, Kontseiluko ordezkariaren arabera, ezin uler litezke, Korrikaren arrakasta edota Euskarak 365 egun bezalako egitasmoak. Horiek izaniko arrakastak, berriz, beste behin agerian utzi du euskararen normalizazioaren aldeko herri gogo indartsua "Zutabe horrek normalizazio-prozesua elikatu izan du urteetan, oraindik elikatzen jarraitzen du eta aurrera begira hala egiten jarraituko duen uste sendoa dugu" esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

"Hizkuntza-politikan lankidetza berrietarako aukeren atea zabaltzen ari den seinaleak ikusten ari direla esan behar dugu" paul bilbao, kontseiluko idazkari nagusia

Hizkuntza-politikei dagokienez, berrikuntzarik handienak Nafarroatik etorri direla gogoratu du Kontseiluko arduradunak "Normala izan liteke, besteak beste, urteetako politika glotozidaren ondotik, ia dena baitago egiteko edota eraikitzeko bertan. Halere, euskaldunon hizkuntza-eskubideak egikaritzearen aurkakoen jarrera deseraikitzailearen eta beligerantearen aurrean, nabarmen geratu da". Ipar Euskal Herriari dagokionez, instituzionalizazio-prozesuak eta horren ondorioz sortutako Euskal Hirigune Elkargoak hizkuntza-politikan aukera berriak sortu ahal izango dituela adierazi du. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, aspaldiko urteotan hizkuntza-politiketan berrikuntza handirik ez dela sumatu esan du."Halere, hizkuntza-politikan lankidetza berrietarako aukeren atea zabaltzen ari den seinaleak ikusten ari direla esan behar dugu" esan du.

Protokoloa, oinarri egokia

Azterketa horretan oinarrituta, Kontseiluko ordezkariak azpimarratu du hurrengo hilabeteotan euskararen normalizazioan garrantzia izan dezaketen erabakiak hartuko direla, eta beraz, Euskalgintzak, eta noski Kontseiluak, adi egon behar dutela horietan guztietan eragiteko. Horri begira, Bilbaok gogorarazi du badugula esku artean, Europan eta Euskal Herrian hizkuntza-politiken inguruan inoizko adostasun handien izan duen iturburuko kodea. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak oinarri ezin hobea eskaintzen digu aipatutako hizkuntza-politikaren berrikuspena egin ahal izateko

Kontseiluko idazkari nagusiak aurkezpena baliatu du 2018an une honetan 50etik gora gizarte eragilerekin lantzen ari den Protokoloaren Euskal Herriko Kaieraren aurkezpenak beste mugarri bat ekarriko duela aurreratzeko. "2018an Kaiera aurkezteaz gain, proposamen berri horren bueltan jarri nahi ditugu Euskal Herriko eragileak. Finean, hizkuntzaren normalizazio-prozesua ez da Euskalgintzak bere baitan garatuko duen zerbait" adierazi du.

Horrexegatik, 2018an "jauzia egiteko aukerak" egongo direla adierazi du. Batetik, dinamika soziala ikaragarriari ekingo zaiolako euskalgintzaren eta instituzioen artean; bestetik, Europako hainbat eragileren babesarekin, baina Euskal Herriko eragileen ekarpenekin adostutako bide-orria izango dugulako. "Hartara, gizarte eragileok zein instituziook lankidetzan jauzia emateko aukera errealak daude" adierazi du Bilbaok. Eta, Kontseiluak horretan "indarra, pasioa eta determinazioa" jarriko dituela adierazi du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos