Diario Vasco

Ganbatara irten, eta dortokak harrapatu

Dortoka berde bat sarean trabatuta.
Dortoka berde bat sarean trabatuta. / JACOB ASHER/NOIAA
  • Urtero, 29.000 dortoka hiltzen dira Europak inportatzen dituen ganba tropikalak harrapatzeko erabiltzen diren arrasteko sareetan trabatuta

29.000 itsas dortoka hiltzen dira urtero ganbak harrapatzeko erabiltzen diren arrasteko sareetan harrapatuta. Naturarentzako Munduko Funtsak, WWFk, astelehen honetan Genevan eman du jakitera datua, 'Wild-caught tropical shrimp imports into the EU & associated impacts on marine turtle populations: the need for EU import restrictions' txostenaren aurkezpenean (hemen eskura daiteke, ingelesez eta frantsesez).

Txosten horretan zehazten dute zein eragin handia duten dortoka eta beste espezie batzuengan Europar Batasuneko herrialdeek inportatzen dituzten ganba tropikalek, zein kaltegarriak dira horiek harrapatzeko erabiltzen diren tenkikak, eta zein komenigarria izango litzatekeen dortokak sareetan harrapatuta gelditzea ekidin dezakeen DET izeneko dispositiboa ezartzea ontzietan. Soluzioa «eraginkorra eta sinplea» da, baina ez da derrigorrezkoa eta, horrenbestez, ez dago behar bezain hedatua. Frantziar Guyanako Arrantza Batzordeak egindako txostenak gailu hori ganbatan dabiltzan ontzi guztietan jartzea defenditzen du. Horien erabilera sustatzeko modu bat izango litzateke, kanpaina eragiten dutenen ustez, ganbak inportatzeko orduan bermatzea harrapatu dituen ontziak aipatu dispositiboa daukala, eta horren inguruko kontrolak zorroztea.

Azken batean, guk haztegietatik ez datozen ganba 'basatiak ' jan ditzagun, sekulako sarraskiak egiten dira itsasoan, eta dortokak dira kaltetuenak, ohikoa baita sareetan trabatuta gelditzea eta bertan hiltzea.

DETek ez du eragozten dortokak sarekadan erortzea, baina azkar irtetea ahalbidetzen die, eta %97an murriztu lezake horiek hiltzea edo zauritzea, harrapatutako ganba kopuruari kalte handirik eragin gabe. Nahi gabeko harrapaketa, alegia, dortokek pairatzen dute mehatxu nagusia da, eta zeharkako eraginak ere baditu, dortoka ezinbesteko pieza baita itsas ekosistemaren orekari eusteko orduan, algen eta koralezko arrezifeen osasuna mantentzen laguntzen baitute, besteak beste.

«Urtero 29.000 itsas dortoka hiltzen dira gero Europar Batasunera esportatuko diren ganbak harrapatzeko erabiltzen diren arrasteko-sareetan trabatuta. Europar Batasunak horietako heriotza asko ekidin ditzake kontrolak zorrozten baditu eta DET dispositiboen erabilera sustatzen badu» adierazi du WWFko ordezkari Aimee Lesliek.

«Dortokentzat ez ezik, industriarentzat ere onuragarriak izango lirateke dispositibo horiek, ganben zanpaketa asko murrizten baitute, etekinak areagotuz», gehitu du. Talde ekologistarentzat, ganba tropikalen harrapaketa-sistemaren erreformak berma dezake bakarrik dortoken etorkizuna.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate