EcoCuboa, kortxozko etxetxo ekologikoa
Bi ingeniari portugaldarrek garatu duten 9 metro karratuko kuboak ingurune naturalean turismoa garatzea ahalbidetu dezake, neurriz kanpoko eraginik izan gabe
m. imaz
Viernes, 26 de mayo 2017, 17:51
Portugalen denetarik egiten dute artelatzaren azala erabilita: kortxoak, noski; baina baita poltsak, oinetakoak, mantalak, txapelak, abanikoak eta beste mila gauza ere.... Etxeak ere bai. Zehazki, azken asteetan zeresan handia ematen ari den EcoCubo izeneko etxetxoa, txiki-txikia, artelazki edo kortxoz egina eta, zenbait adituren ustez, turismoa ingurune naturaletan uzten ari den arrastoa arintzen lagundu dezakeena.
Ideia Oportoko Unibertsitateko Parke Tekniko eta Zientifikoan diharduten Antonio Fernandes eta Filipe Brito ingeniariek izan zuten, eta eurek garatu dute. Egunotan Sabugal (Portugal) hirian egiten ari den Enertech teknologia eta energien azokan Fernandesek EFE agentziari adierazi dionez, EcoCubo berezia da «material naturalekin egina delako, batez ere kortxoz». Horrela, bederatzi metro karratu baino ez dituen etxetxoak eragin oso txikia du ingurumenean, eta toki batetik bestera eraman daiteke arazo handirik gabe.
Britok argitu du, berriz, ez dagoela pentsatuta etxebizitza egonkor bilakatzeko, baizik eta «naturan murgilduta egon nahi duenak gaua pasatzeko, bertan zerbait jateko edo atseden hartzeko».
ECOCUBO from BUILDING PICTURES on Vimeo.
Edonola ere, nahikoa toki du bi pertsonak egonaldi erosoa egin dezaten, egunean zehar sofa moduan erabil daitekeen ohea, komun txiki bat eta sukaldetxo bat dituelako. Terraza jartzea ere badago. Barrualdeko ekipamenduaren arabera, 10.000 eurotik hasita eskura daiteke, bertsio garestiena 20.000 eurokoa delarik.
Portugalen hasiak dira jada EcoCuboak paratzen zenbait paraje naturaletan, eta orain xedea dute produktua esportatzea, eremu naturaletan turismoa sustatzea posible izan dadin bazterrak kaltetu gabe.