Diario Vasco

Geoparkearen balio erantsia

Geoparkearen balio erantsia
  • Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei hasiera ematearekin batera, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen Deban

Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldiei hasiera ematearekin batera, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen atzo Deban, parkearen plan estrategikoaren berri emateko batzordekideei eta batzordeari berari garrantzia emateko.

Batzorde Zientifikoa "funtsezko bitartekotzat" jo zuten, "Geoparkeari eduki sendoa eta balio erantsia ematen diona", baita interpretazio-diskurtso osoa eta erakargarria sortzeko organoa ere bai.

Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eman zien ongi etorria kideei, jakintza-arlo desberdinetan diharduten mundu osoko 29 adituei hain zuzen. Stanley Finney geologo entzutetsua buru dutela. Finney, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da eta IUGSeko Idazkari Nagusia (International Union of Geological Sciences edo Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna.

Geo-Talks ekimen artistiko-zientifikoak hasiera eman zion Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekitaldi zerrendari. Donostiako Olatu Talka jaialdiaren baitan. Saioak 10 minutuko hitzaldi zientifikoak bildu zituen, sei adituren eskutik, denak Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak, hala nola, Stanley Finney geologoa, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea, IUGSeko Idazkari Nagusia (Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna) eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko presidentea; Juan Carlos Gutierrez, CSICeko paleontologoa (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea); Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa; Jon Zulaika, Gipuzkoako Foru Aldundiko biologoa; Arantza Aranburu, EHUko geologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea; eta Xabier Peñalver, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa.

Egiteke daude oraindik ekimen mordoa. Datorren larunbatean, hilak 27, GFAren laguntzarekin 08:30ean autobusak Debatik eta Zumaiatik aterako dira Geoparkeko kostaldearen garbiketa egiteko auzolanean. Izen-ematea ezinbestekoa da, geoparkea@geoparkea.com helbidean, izen-abizena, mugikorra, e-maila, NAN zenbakia eta jaiotze data jarrita.

Mikel Lopez-Horgue eta Luis Miguel Agirrezabalak, EHUko ikerlariak, 'Mutrikuko ammonite erraldoiak' hitzaldia eskainiko dute 19:00etan, Mutrikuko Nautilus Interpretazio Zentroan, Maiatzaren 30ean.

Xabier Peñalver arkeologoak 'Praileaitz' hitzaldia emango du, gaztelaniaz, hilaren 31an. Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean izango da, 19:00etan eta Leire Arrieta historiagileak 'Erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza' hitzaldia, ordu eta leku berean egingo du, ekainaren batean, besteak beste.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate