Diario Vasco

Ostrak, metal detektagailu apartak

Azterketan ikusi dute ostrek zilar-kontzentrazioari buruzko informazio baliagarria ematen dutela.
Azterketan ikusi dute ostrek zilar-kontzentrazioari buruzko informazio baliagarria ematen dutela. / ANE REMENTERIA/UPV-EHU
  • Ikerlariek ikusi dute metal-kontzentrazio handiak bereganatzen dituztenez oso erabilgarriak izan litezkeela estuarioen ingurumen-egoera zein den jakiteko

Ibaizabal, Oka eta Girondako estuarioetako zilar- eta kobre-kontzentrazioak eta haien eraginak aztertu dituzte UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile batzuek, ostrak eta muskuiluak erabiliz. Lan horretan, ikusi dute ostrek metal-kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituztela, eta, beraz, oso erabilgarriak izan litezkeela estuarioen ingurumen-egoera zein den jakiteko.

Estuarioetatik hurbil egiten den giza jarduerak eragina izan du ingurune horien orekan: degradatu egin ditu, eta funtzionamendu naturala aldatu die. Gaur egun Europako hainbat estuario leheneratzeko prozesuak martxan egon arren, hainbat kutsatzaile agertzen dira oraindik uretan zein sedimentuetan; metalak, esaterako. Eta, metalen artean, garrantzi berezia dute zilarrak eta kobreak, haien toxikotasunagatik eta ugaritasunagatik. Horiek guztiak aztertzeko, organismo behale gisa, bibalbioak (ostrak eta muskuiluak) erabiltzen dira.

«Izaki horiek leku horietan bizi dira, iragazleak dira, eta ezin dira mugitu; kutsadura jasaten dute, eta metatu egiten dute», azaldu du Ane Rementeria (Algorta, 1987) lanaren egileak. Hain zuzen ere, zilarraren kontzentrazioak gora egin duela jakitean ekin zioten azterketa honi: «Bordeleko Unibertsitateko ikerketa-talde batek ikusi zuen Girondako estuarioko ostrek zilar-balio oso altuak zituztela, zilar asko metatzen zutela. Hala, kontuan izanda Ibaizabalek ere antzeko historia izan duela —biek izan dutela historikoki metal-kutsadura handia— eta hemen ere bazeudela zenbait ikerketa muskuiluekin-eta eginak, hiru estuarioak (Gironda, Oka eta Ibaizabal) aztertzea erabaki genuen», dio Rementeriak.

Bereziki interesgarriak

Ikerketaren emaitzek erakutsi dute ostrak bereziki interesgarriak direla zilarra ikertzeko, muskuiluek baino kantitate handiagoan barneratzen dutelako metal hori. Lortutako emaitzak bidea irekitzen du, Ane Rementeriaren ustez, «Euskal Herrian ostrak gehiago erabil daitezen» estuarioen ingurumen-egoera aztertzeko. «Hemen muskuiluak erabiltzen dira gehien ikerketarako; Frantzian, berriz, muskuiluak eta ostrak. Ostrak bereziki erabiliak dira Girondako estuarioan, eta guk erabilera potentzial hori ikertu nahi genuen». Bestalde, ikerketak erakutsi du Girondako animaliek metal-kontzentrazio handiagoak dituztela, eta zilarraren eta kobrearen konbinazioak toxikotasun handiagoa eragiten duela, areagotze-efektu bat duela, alegia.

Hori guztia ikertzeko, zenbait biomarkatzaile aztertu dituzte. «Organismo bat kutsaduraren eraginpean dagoenean, erantzun biologiko neurgarri bat ematen du, izan daiteke proteina bat emendatzea edo zelula batzuk galtzea, eta guk hori neurtzen dugu», azaldu du Rementeriak biomarkatzaileek ematen duten informazioari buruz. Horretarako, IBR (Integrative Biological Response) indizea erabili dute. Tresna horrekin, «lortutako datu guztiak biltzen dira, eta ikuspegi orokorrago bat eskuratzen da».

Aurrera begira, gai honetan sakontzen jarraitzeko beharra azpimarratu du ikertzaileak: «Interesgarria izango litzateke esperimentu gehiago eta epe luzeagokoak aurrera eramatea, ondo ulertzeko benetan zer gertatzen den animalia hauetan zilarraren eta kobrearen eraginpean daudenean».

Azterketa Ane Rementeria Ugalde ikertzailearen doktoretza-tesiaren barruan egin da. 'Understanding the impact of silver as an emerging contaminant in the Ibaizabal and Gironde Estuaries' izenburua du tesiak, eta UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioan eta Bordeleko Unibertsitatean gauzatu da. Beñar Zaldibar UPV/EHUko irakasle agregatua eta Jörg Schafer Bordeleko Unibertsitateko irakasle osoa izan ditu tesi-zuzendari.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate