Borrar
Miren Dobaran, artxiboko argazkian.
Erakundeak eta euskalgintza ari dira lanean «doakotasuna lortzeko»

Erakundeak eta euskalgintza ari dira lanean «doakotasuna lortzeko»

«Helburua da legealdi amaieran sistema amankomun bat adostuta izatea», esan du Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak

europa press

Martes, 18 de abril 2017, 11:31

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du legealdiko konpromisoetako bat B2 mailara bitarteko helduen euskalduntzearen doakotasuna lortzea dela, eta horretarako gainontzeko herri erakundeekin batzordea eratu dela, kontua delako dirua euskalduntzeko "oztopo ez izatea» eta «erraztasun guztiak ematea». Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketa batean Dobaranek esan duenez, euskara maila ebaluatzeko euskaltegiei eskumen gehiago emateko Jaurlaritzaren konpromisoa ere jendeari euskalduntzeko erraztasunak emateko da.

Horrela, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ziurtatu du herri erakundeak eta euskalgintzako eragileak lanean ari direla helduen euskalduntzean doakotasuna lortzeko, hori baita Jaurlaritzak legealdi honetarako duen konpromisoetako bat.

Ildo horretan, adierazi du xede horretarako batzordea gainerako erakundeekin eratuta dagoela, kontuan hartu behar delako «diru laguntza asko eta asko» ematen direla udaletatik eta aldundietatik. «Helburua da legealdi amaieran sistema amankomun bat adostuta izatea. Kontua da azkenean diruarena ez izatea oztopo bat, inork euskaldundu nahi badu erraztasun guztiak ematea. Horretan gabiltza eta uste dut lortuko dugula apurka-apurka», azaldu du.

Halaber, euskara maila ebaluatzeko euskaltegiei konpetentzia gehiago emate asmoa ere jendeari erraztasunak emateko dela ziurtatu du, «askoz erosoagoa» delako ikaskuntza prozesua hastea euskaltegi batean eta «prozesu osoa eta azken azterketa ere» euskaltegian bertan egitea, «eta ez BEC batera joatea, milaka pertsona batzen diren leku batera azterketa egitera, horrek suposatzen duen estresarekin».

«Gainera, uste dut aitortza bat dela. Euskaltegiek ere ibilbide luzea egin dute eta kapaz dira hori egiteko. Horregatik eskumen edo ahalmen hori apurka apurka eman behar zaie, beti ere arreta ikaslean jarrita», gaineratu du.

Hizkuntza eskakizunak

Bestalde, Miren Dobaranek adierazi du orain arte abian izan den hizkuntza eskakizunen sistema «oso egokia» izan dela eta funtzionatu egin duela, baina etengabeko hobekuntza prozesuetan «normala» dela sistema horiek berrikustea, «batez ere administrazioa azken urteetan asko aldatu delako».

«Duela urte asko abian jarri zen sistema oso egokia izan da eta herritarren atxikimendu osoa izan du. Bost urtean behin Inkesta Soziolinguistikoan egiten da galdera hori eta herritarrek argi esaten dute erakundeetan lan egiten duten funtzionarioek euskaraz jakin behar dutela eta Jaurlaritzak herritar horien hizkuntza eskubideak bete eta bermatu behar dituela», azaldu du.

Hala ere, bere hitzetan, sistemak funtzionatu duen arren, etengabeko hobekuntza prozesuetan «normala» da prozedurak berrikustea, «batez ere administrazioa azken urteetan asko aldatu delako». «Gaur egun lanpostuen funtzioak asko aldatu dira teknologia berrien bitartez gauza asko egin ahal izan direlako, eta orduan berrikuspena normala», gaineratu du.

Ildo horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu du aurreko legealdian hasitako prozesua dela eta 38.000 lanpostutako hizkuntza eskakizunak begiratzen ari direla, «ea funtzioen arabera ondo ezarrita dauden».

«Funtzioak asko aldatu dira, eta begiratu behar dena da egokitu behar diren hizkuntza eskakizun horiek edo ez, herritarren eskubide horiek bermatu ahal izateko. Kasu batzuetan beharbada jaitsi behar dira, baina gutxi izango dira, eta beste batzuetan beharbada igo egin beharko dira. Prozesua amaitzen ari gara, baina ez dugu orokorrean aldaketa handirik espero, baina berrikuspen hori egin beharra dago», adierazi du.

Azkenik, Miren Dobaranek esan du euskalgintzak eta Jaurlaritzak argi dutela «erronkarik nagusiena» euskararen erabileran eragitea dela. Bere hitzetan, datu guztien arabera ezagutzak gora egin duen arren, «hutsunerik nagusiena» erabileran dago, «eta erabileran eragiteko antzineko formulek ez dute balio, gizartea asko aldatu delako eta hiztun berriak erabat ezberdinak direlako».

«Une honetan euskaldunaren tipologia gazte bat da, bizkaitarra, hiztun berria, eskolan euskaldundua, eta horren erabileran eragiteko beste formula batzuk behar dira, euskaldun horrek ez duelako aukera handiegirik familian edo lagun artean euskaraz hitz egiteko. Orduan hor asmatu beharra dugu elkarrekin», azaldu du.

Gainera, euskarak Interneten presentzia izatea garrantzitsua dela baina ez dela nahikoa esan du, eta ingurune digitalean benetan lan egiteko beharra azpimarratu du, esaterako, produktuak euskalduntzen. «Jendeak ez daki aplikazio pilo bat euskaraz daudela, telefonoa ere euskaraz konfigura daitekeela. Baina hor produktu eta webgune gehiago behar dira. Esparru hori ezin da galdu», nabarmendu du.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios