Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Bikote bat, Ganges ibaiko ur kutsatuetan.
'Pertsona' bilakatu diren hiru ibai

'Pertsona' bilakatu diren hiru ibai

Gizakiei dagozkien eskubideak aitortu dizkiete berriki Zeelanda Berriko Whanganui eta Indiako Ganges eta Yamuna ibaiei

m. imaz

Jueves, 23 de marzo 2017, 11:58

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Pertsonei aitortzen zaizkien eskubideak eskuratu dituzte azken asteotan hiru ibaik. Zeelanda Berriko ipar uhartean dagoen Whanganui izan zen aurrena, hilaren 14an lortu baitzuen herri maoriek aspaldidanik aldarrikatzen zuten estatusa. Astelehen honetan, Indiako auzitegi batek emandako epaiak 'pertsona juridiko' izendatu ditu bi ibai sakratu, Ganges eta haren adar nagusia den Yamuna.

Bi 'aitorpenen' arrazoiak desberdinak badira ere, emaitza orokorra antzekoa da. Aurrerantzean, hain zuzen, ibai horiek 'ahotsa' izango dute eragiten dieten auzi eta erabakietan, lan hori beteko duten ordezkari gizatiarren bitartez. Prozesuen jatorriari dagokionez, Zeelanda Berriko kasuan maoriek ibaiaz duten betiko ikuspegiaislatu du erabakiak. Indiako ibaien kasuan, berriz, neurriaren helburu nagusia da biek jasaten duten kutsadura ikaragarria arintzen saiatzea.

Ibaiok 'pertsona' bihurtzera eraman duten bideak ere oso diferenteak izan dira. Zeelanda Berriko Parlamentuak Whanganui ibaiaren inguruan hartu zuen erabakiarekin, amaiera jarri zitzaien mende eta erdiko borrokari zein orain dela 80 urte abiatutako ibilbide judizialari. Indian, berriz, Ganges eta Yamunari giza eskubideak aitortzeko eskaera askoz ere berriagoa da. 2014an egin zuen abokatu batek, India iparraldeko Uttarakhand estatuan dagoen Haridwar hiri sakratuko biztanle baten izenean. M. C. Pant abokatuaren hitzetan, hiri hori zeharkatzen duen Ganges «gure ama balitz bezala maite dugu, baina utzikeriaz ari gara jokatzen harekin», eta horrek bultzatu zuen eskaera abian jarri zuen herritarra urrats guztiz ezohikoa egitera.

Kutsadura hilgarria

Uttarakhand estatuko Auzitegi Gorenak hartu duen erabakiarekin, pertsonen pareko izaki bizidunak dira Gantes eta Yamuna ibaiak eta, horrenbestez, eskubide jakin batzuk dituzte: lehena eta nagusia, bizitzeko eskubidea. Epaiaren arabera, legeak babestu egin behar ditu, pertsonak babesten dituen bezala; ezin dute kalterik jasan, eta auzietan parte hartzeko eskubidea dute. Eskubide hori gauzatu ahal izateko ahots gizatiar eta entzungarri bat behar dutenez, hiru lagunen esku gelditu da ibaien ordezkaritza ofiziala. Indiako gobernuaren baitako National Mission for Clean Ganga erakundeko zuzendaria eta beste bi goi-kargu izango dira aurrerantzean ibaien 'ahotsa'.

Neurria eszeptizismoz hartua izan bada ere, badute zerbaiten beharra Delhi Berria zeharkatzen duen Yamunak, zein Himalaian jaio eta 2.500 kilometroko bidean milioika pertsonaren ur beharrak asetzen dituen Gangesek. Hindu erlijioko indiar askorentzat ur sendagarriak dituen ibai sakratu hori munduko kutsatuenetakoa ere bada, alegia. Egunero jasotzen ditu milaka tona hondakin eta isurketa industrial.

Ibilguaren zati handi batean txarra den egoerak, gainera, okerrera egiten du Benares hiri sakratuan. India osotik bertaratzen dira etengabe, eta kopuru handian, azken hatsa ibai sakratuaren ertzetan eman nahi duten gaixo eta adinekoak. Han hiltzen dira, kale gorrian edo ertzetan egindako txabola eskasetan, eta hantxe erretzen dituzte gorpuak. Horren guztiaren ondorioz, Benaresen hartutako Ganges ibaiko ur laginetan 31 milioi bakterio fekal aurkitu dira 100 mililitroko. Baldintza arruntetan, bainurako gehienez ere 500 onar daitezke. Kontsumorako, berriz, zero Horrenbestez, sendagarria izan beharrean hilgarria izan daiteke Gangeseko ur kutsatua, eta frogatuta dago gaixotzeko arrisku handia dutela ur horietan murgiltzen direnek.

Zenbait adituk adierazi dute neurriak ez duela anekdotaz haragoko eraginik izango, ibaien egoera hobetzeari dagokionez. Dirutza ikaragarria xahutu da azken hamarkadetan ibaiak garbitzeko, baina emaitzak ez dira inondik ikusi, eta oraingo honetan ere itxaropena ez da handia. Delhi Berriko Zientzia eta Ingurumenerako Zentroko Suresh Rohillaren ustez, epaiak balio izan du ibaien egoerari buruz hitz egiteko eta gaiaren inguruko arreta pizteko, baina hortik aurrera ez du askorik espero.

«Konstituzioak herritar denak behartzen gaitu gure baliabide naturalak babestera, ibaiak barne», adierazi du hirietako uren kudeaketan aditua den Rohillak. «Hala ere, ez gara ari gure egitekoa betetzen, eta ez diegu jaramon egiten ibaiak babesteko egon badauden legeei. Hortaz, haiei eskubide gehiago autortzearekin ez zaie automatikoki ematen babes handiagoa», esan du.

Te Awa Tupua

Zeelanda Berriko Whanganui ibaiaren kasua, esan bezala, oso desberdina da. Aitortzak badu zerikusiak Maoriek Te Ika-a-Mui deitzen duten ipar uharteko 290 kilometroko ibaiaren kontserbazioarekin, baina sustrai askoz ere sakonagoak dituzte ibaiaren inguruko komunitatea osatzen duten hiru herri maorien aldarrikapenek. Gaur egun hiru herri horien artean 13.500 bat pertsona biltzen dituzte, baino askoz ugariagoa zen bertako populazioa europarrak heldu aurretik, eta Whanganuiren eta horren adarren ibaiertzak zituzten bizigune nagusietako bat.

Haientzat ibaia ez zen menditik itsasora ura zeraman ibilgu soila. Haien ondorengoentzat ere hori baino askoz gehiago da. Whanganui ibaia sakratua da, eta badu espiritua. Hobe esanda, Te Awa Tupua deitzen duten espiritua da, eta espiritu horrek barne hartzen ditu ibaia bera, horren ertzak, baliabide naturalak, ibaiari lotutako ohitura eta tradizioak Elementu fisiko eta metafisikoak biltzen dituen ikuspegi horren arabera, hortaz, izaera propioa eta berezko eskubideak ditu Te Awa Tupuak, pertsona batek dituenen parekoak, eta gizakien ardura da hori babestea eta osasuntsu mantentzea, ordainetan bizimodua ateratzeko aukera eskaintzen dielarik.

Gizakiaren eta naturaren arteko sinbiosi natural eta espiritual ia perfektu hori, pentsatzekoa denez, ez zen erraz txertatu kolonizatzaile britainiarrek eraman zituzten ohitura eta legeetan, eta XIX mendearen erdialdeaz geroztik etengabeak izan dira ibaiaren ustiapenaren inguruko liskarrak maorien eta kanpotik etorritakoen artean. Mende hura amaitu gabe hasi ziren aurreneko eskaerak Zeelanda Berriko Parlamentuan zein epaitegietan, Whanganuiri bertako herriek aitortzen zizkioten eskubideak ematea prozesu luze horren azken urratsa delarik.

Ibaiak, estatus berria ez ezik, bozeramaile modukoak ere lortu ditu, Indiakoen moduan. Hain zuzen ere, Te Awa Tupua legalki pertsona bat baldin bada, «bere izenean mintzatu eta jardungo den eragile gizatiar bat behar du». Horretarako sortu dute Te Pou Tupua 'gizakia', ahots bakarrarekin mintzatzen dena, nahiz eta bi pertsonak osatu: Koroaren ordezkariak eta ibaiko herrienak. Horrez gain, Zeelanda Berriko 110 milioi dolar jasoko dituzte laguntzatan herri maoriek (74 milioi euro), beren eskakizunak gauzatzen joateko.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios