Diario Vasco

Euskarazko wikipedia munduko 31. postuan dago eta wikilariek elkartea sortu dute

Kike Amonarriz, Iñaki Lopez de Luzuriaga, Xabi Cañas eta Josu Albero, atzo Donostiako KMn
Kike Amonarriz, Iñaki Lopez de Luzuriaga, Xabi Cañas eta Josu Albero, atzo Donostiako KMn / USOZ
  • Aurten, batik bat unibertsitate hezkuntzara bideratuko ditu indarrak Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak

Euskaraz ere badago Wikipediarik, eta indartsua da gainera: 278.000 artikulu ditu eta, kopuruari dagokionez, mundu mailan 31. postuan dago. Beraz, milioika hiztun eta estatu propioa duten beste hizkuntza batzuek baino dinamismo handiagoa dauka; adibidez, daniera, greziera eta bulgarierak baino artikulu gehiago ditu euskarak. Israelen ere, hebreeraz artikulu gutxiago sortzen dituzte euskaldun wikilariek baino. Euskarazko wikipediarako lanean ari diren lagun saiatuenek Euskal Wikilarien Kultura Elkartea sortu zuten iaz, eta agerraldi publikoa egin zuten atzo, beren asmoen berri emateko.

Lehendakaria Xabier Armendaritz da, Beasainen jaio eta Araban bizi den itzultzailea. Oso pilotazalea da eta berari esker dago euskarazko wikipedia hain ongi hornitua alde horretatik. Gipuzkoan, aurpegi publiko seguru asko ezagunena Xabi Cañas da, Donostia Kulturako teknikaria.

Euskal Wikilarien Kultura Elkartekoek atzoko agerraldian esan zutenez, besteak beste, EHUko Medikuntza Fakultateko ikasleekin ari dira elkarlanean, gazteok medikuntzari buruzko artikuluak egin ditzaten wikipediarako, eta lehenengo aldiz Iparraldean trebakuntza ikastaroak egingo dituzte, lehen aldiz, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.

Batik bat unibertsitate hezkuntzara bideratuko ditu indarrak elkarteak. Aurten segida emango zaio EHU-Wikipedia plangintzari, eta espero dute ikasleengandik 70 artikulu berri jasotzea, hainbat arlotakoak. Esanda bezala, Medikuntza Fakultatearekin elkarlan berezia jarri da abian eta ehun bat ikasle ari dira artikuluak idazten.

Bestalde, badago martxan beste proiektu bat, haur eta gazte literaturari buruzkoa, eta EHUko Donostiako Irakasle Eskolako ikasleek haur literaturako pertsonaien inguruko artikuluak idatziko dituzte. Horrez gain, Donostiako hamabost liburuzain ari dira trebatzen.

Xabi Cañasek esan zuenez, Europako kultur hiriburutzak eragin positiboa izan zuen arlo honetan, besteak beste Amarapedia eta Donostiapedia ekimenak sortu zirelako hiriburutzaren babesean.

Wikilariek atzokoan azaldu zutenez, herri-erakundeei ez diete diru-laguntzarik eskatu nahi. "Guk beste gauza bat eskatzen diegu: ohituta daude copyright-ekin lan egiten, eta lizentzia askeetan lan egitera gonbidatu nahi ditugu. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako 'Bidegileak' biografia-bilduma ezin dugu erabili zuzenean", esan zuten.

Gaur egun euskarazko wikipediarako buru-belarri lanean ari direnak hogei bat lagun dira. Horiek, hilean ehundik gora aldaketa egiten dituzte wikipediako materialetan; hilean gutxienez bost aldaketa egiten dituztenak, berriz, 80 bat lagun dira.

Kike Amonarriz ez da wikilarien elkarteko kide, baina bai zale handia, eta horregatik gonbidatu zuten atzoko ekitaldira. Gogorarazi zuen "beti minoria aktibo bat" izan dela erabakigarria euskararen iraute prozesuan. "Eta minoria horrek beti sinetsi du teknologia berrietan; baita Beñat Etxeparek ere, 1545ean liburua atera zuenean".

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate