Diario Vasco

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu dute Estrasburgon

  • Neurri zehatzak jasotzen ditu herritarren eskubideak bermatzeko, gizarte eragileek definitutako bide orria dakar, eta Europan hizkunza eskubideen bermea modu homogeneoan egikaritzeko tresna

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak Europako erakundeetan erreferente izateko lehen urratsak egin ditu, Paul Bilbao Kontseiluko idazkar nagusiak Europako Parlamentuko Intergrupoan aurkeztu baitu eta Europako Kontseiluko zenbait arduradunekin bildu baita Estrasburgon.

"Abenduaren 17an, Donostian, zerbait garrantzitsua lortu genuela esan genuen, etorkizunari begira, 30 hizkuntza komunitate baino gehiagoko ehundik gora eragilek, Europa beste oinarri batean eraikitzeko tresna adostu genuela esan genuen, eta orain uzta hori Europako instituzioetara ekarri nahi izan dugu", esan du Bilbaok.

Europako Batasunak ez du inolako erabakirik hartu nahi Estatuei hizkuntza politika demokratikoak abiarazi ditzaten, baina Europako Batasuneko Itunak edota Oinarrizko Eskubideen Gutunak jasotzen dituen printzipioak Europa osoan betetzeko protokoloa "oso erabilgarria" dela nabarmendu du. Izan ere, neurri zehatzak jasotzen ditu herritarren eskubideak bermatzeko, gizarte eragileek definitutako bide orria dakar, eta beraz, Europa osoan hizkunza eskubideen bermea modu homogeneoan egikaritzeko tresna da.

"Protokoloa aipatu ebazpenak jasotzen zituen betebeharrak betetzeko arras lagungarria izango dela esan diegu parlamentarioei. Protokoloak duela lau urte egin zituzten eskaera orokorrak, modu pragmatikoan betetzeko bidea eskaintzen duela gogorarazi diegu", azaldu du Bilbaok eta hainbat arduraduekin bildu da, besteak beste, Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen Markoko arduradunarekin, Eskualde edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunako idazkaritzako arduradunarekin edota Berdintasunerako eta Diskriminazio Ezarako Batzordeko buruarekin.

"Etorkizunari begira protokoloa Euroituna betetzeari begira tresna osagarrria izan daitekeela ondorioztatu dugu itun horretako arduradunarekin. Are gehiago, bat egin dugu gizarte eragileon proposamenak oso eragingarriak izan daitezkeela Europatik egiten diren gomendioak osatzeko. Horrexegatik, Europako Kontseiluaren eta gizarte eragileen arteko zubi sendoak eraiki beharra ondorioztatu dugu", azaldu du. "Iazko abenduan esan genuen lan itzela egin genuela Protokoloa osatzeko, tokia har dezan Europako instituzioetan, bada, hartzen hasia dela esan dezakegu", gaineratu du.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate