Diario Vasco

Kirol elektronikoen lehen mailan nahi dute Gamegune Opens

Iaz Kursaalen jokatu zen lehiaketak txiki utzi zuen aretoa.
Iaz Kursaalen jokatu zen lehiaketak txiki utzi zuen aretoa.
  • Lehen txapelketa Tolosan egiten ari den Gipuzkoa Encounterren baitan jokatuko da ostiral honetan, martxoak 17

Gamegune Opens plataforma berria kirol elektronikoen lehen mailako ekimen bilakatu nahi dute Euskadin. Euskaltel Konektak abian jarri duen plataforma horren helburua da Euskadin antolatutako e-Sports txapelketen eskaintza zabaltzea, eta Gamegune Major hitzordu handian amaituko den lehiaketa-egutegia egituratzea. Nazioarteko txapelketa horrek, hain zuzen, munduko bideojokalari profesional onenak hartu ditu azken urteotan.

Egitasmo honek hartuko duen lehen txapelketa Tolosan egiten ari den Gipuzkoa Encounterren baitan jokatuko da ostiral honetan, martxoak 17, 'Hearthstone: Heroes of Warcraft' jokoaren inguruan. Aurrera begira, Joko anitzetako lehiaketekin osatuko da Gamegune Opens ekimenaren egutegia 2017an, eta aurrez aurrekoak presentzialak nahiz online izango dira.

Tolosako hitzorduan gauzatuko den lehiaketan 32 pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta ikusleek Usabal kiroldegian bertan jarraitu ahal izango dituzte partidak. Urtean zehar, norgehiagoka gehiago egingo dira, bideojoko desberdinen inguruan, eta egutegi hori urtez urte zabaltzen joateko asmoa dute antolatzaileek. Egitasmo honen hitzordu nagusia urtero jokatzen den Gamegune Major txapelketa izango da, munduko bideojokalari profesional onenekin.

Tolosako Usabal kiroldegian, 12:00etatik aurrera burutuko den lehen lehiaketa amateurra ‘Hearthstone: Heroes of Warcraft’ jokoaren inguruan izango da, eta parte-hartzaileek Blizzard konpainiaren bideojoko honetan aritzeko karta-sorta pertsonalizatua eskuratu ahal izango dute. Lehen hiru sailkatuek, gainera, saria irabaziko dute: 100, 50 eta 25 euro, hurrenez hurren. Izen-ematea opens.gamegune.org webgunearen bitartez egin behar da. Halaber, txapelketak zuzenean jarraitzera bertaratzen direnek Gipuzkoa Encounterreko Opengune zonak eskaintzen dituen erakargarritasunez gozatu ahal izango dute: hitzaldiak, zozketak, errealitate birtualeko esperientziak eta jokoak.

Fireside Gathering (Sutondoko topaketak) modalitatearen baitan dagoen lehen norgehiagoka honetan aukera izango dute jokalariek Gamegune Major txapelketa handirako sailkapen lehiaketetara sarbidea lortzeko. Euskaltel Konektak antolatutako egitasmo honekin, Gamegune Major nazioarteko bideojoko-lehiaketa txapelketa-multzo baten barne kokatu nahi dute, ekintza isolatua izan ez dadin. Horrela, gainera, zaleen parte-hartzea sustatu nahi dute antolatzaileek.

Gamegune Opens ekimenak jarraipena izango du Euskadin burutuko diren 'lanpartyetan'; Araba Encounterren eta Euskal Encounterren, hain zuzen. Aurrez aurreko lehiaketa gehiago ere egingo dira beste data batzuetan, baita online partidak ere. Kasu guztietan, bideojoko-aukera zabaltzeko asmoa dago, hala nahi dutenek Overwatch, CSGO, FIFA eta Street Fighter jokoetan ere aritu ahal izateko.

2003 urtean jaioa

2003. urtean jaio zen Gamegune, Euskal Encounter informatika-topaketaren barne. Nazioarteko bideojokalarien txapelketa indartzen joan da 16 urteko eta etenik gabeko ibilbide luzeari esker. Bi alditan, gainera, Mexikon jokatu da. Espainiako lanparty baten baitan burututako mota honetako lehenengo lehiaketa izan zen Gamegune, eta erreferentziazko ekimen bilakatu da nazioartean urteen eta esperientziaren poderioz. Zentzu horretan, munduko bideojokalari onenetarikoak bildu ditu 'Counter Strike', 'Unreal Tournament', 'Warcraft 3', 'Quake III Arena', 'Call of Duty', 'League of Legends' eta 'HearthStone' jokoen inguruan. 2014. urtera arte 'Counter Strike' izan zen nagusi, eta Fnatic, Ninjas in Pyjamas, virtus.pro eta Team Dignita bezalako taldeek hartu zuten parte hainbat urtetan.

2014. urtetik aurrera, Euskal Encounterretik kanpo atera zen Gamegune, merezi zuen protagonismoa lortzeko. Izan ere, agerikoa zen gero eta arrakasta gehiago zuela ekimenak eta jarraitzaile kopurua nabarmen handitzen ari zela. Bi urtez Bilbon egin ondoren -Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Museoan-, Donostiako Kursaalean gauzatu zen iaz.

Azken urteotan, 'HearthStone' jokoa izan da txapelketaren ardatz, eta bertan izan dira 'BlizzCon' lehiaketako munduko bi txapeldunak: Firebat (2015) eta Pavel (2016). Nazioarteko top15ean dauden jokalari gehientsuenek ere parte hartu dute azken bi topaketetan.

Egun, 22.000 eurotik gora banatzen dira saritan, eta gero eta zale gehiago bertaratzen dira partidak zuzenean ikustera. Iaz, Donostiako Kursaal Jauregiko Ganbara Aretoak dituen 650 eserlekuak bete egin ziren, eta 400.000 bisita lortu zituzten streaming bidez eta sei hizkuntzatan eskainitako emankizunek.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate