Diario Vasco

Donostiako Protokoloa mundu mailako erreferente izatea nahi du Kontseiluak

Protokoloa aurkezpena Donostian, iazko abenduan.
Protokoloa aurkezpena Donostian, iazko abenduan. / LUSA
  • Hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko 185 neurri zehatz biltzen dituen dokumentua Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Paul Bilbaok

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak, Donostiako Protokoloak alegia, «nazioarteko errekonozimiendua» izan dezan eta «mundu mailako erreferentea» izan dadin nahi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Paul Bilbao idazkari nagusiak astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian azaldu duenez.

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan landutako proiektuaren ibilbidea, hain zuzen, ez zen urtearekin batera amaitu. Aitzitik, horrek legatu gisa gelditu da, eta une honetan gizarteratze fasean dago. Eragile gehiago erakartzea eta dokumentua Europako erakundeetara eramata da fase honen xedea.

Bilbaok gogoratu du Protokoloa «hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko ehundik gora eragilek adostutako bide-orria» dela, egoera gutxiagotuan dauden komunitateen eskubideak bermatzeko tresna. Adierazpen soil bat izan beharrean, askoren artean landutako Protokoloak 185 neurri zehatz proposatzen ditu hizkuntzen arteko berdintasuna egiazkoa izan dadin. Unescok 1996 urtean Bartzelonan onartu zuen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren eguneratzea ere izan nahi du, orain arte hori izan baita marko nagusia egoera gutxiagotuan dauden hizkuntzen garapenerako estrategiak zehazteko orduan.

Kontseiluko ordezkariak azaldu du hizkuntza baten berreskuratze-prozesuak bi alde dituela, soziala eta politikoa, eta ezinbestekoa dela biak modu orekatuan uztartzea arrakasta lortzeko. Donostiako Protokoloarekin, hain zuzen, eragile sozialek maila instituzionaleko politika jakin batzuk bultzatu nahi dituzte.

Dokumentua hizkuntzen normalizaziorako baliagarri, «mundu mailako erreferente» eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren osagarri izan dadin lortzeko ahaleginean jarraitzeko prest daudela esan du Paul Bilbaok, onartu arren Protokoloak ez duela balio iuridikorik eta ez dela loteslea, gizarte eragileen ekarpena delako.

«Dimentsio zabalagoa eman nahi diogu», esan du, eta izan dezala «nazioarte mailako legitimazioa». Bilbaok gogoratu du halaber hizkuntza bakoitzak bere egoerara egokitu dezakeela protokoloa, eta euskara eredu izan daitekeela beste herri eta hizkuntza batzuentzat gaineratu du. Talde guztiek hartu dute aintzat dokumentua, eta legebiltzarkideren batzuek nabarmendu dute EAEn aplikatzen direla jada Protokoloan proposatzen diren zenbait neurri.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate