Diario Vasco

Wang Qi soldadu ohiaren gerraoste luzea

«Etxean nago», esan zuen Wang Qik Txinara iristean.
«Etxean nago», esan zuen Wang Qik Txinara iristean. / EFE/MARK WONG
  • 1963an, India eta Txinaren arteko mugan soldadu zela, kanpamentutik urrundu eta 'etsaiaren' lurretan sartu zen konturatu gabe; 54 urte eman ditu Indian, jaioterria ezin itzulita

Inor gutxi akordatzen da 1962ko India eta Txinaren arteko gerraz. Bertsio labur eta azalekoan, esan daiteke Txinak Tibet inbaditu ondoren, Indiak Dalai Lamari eskainitako sostenguak gaiztotutako giroan, eztanda egin zutela zenbait hamarkadaz lozorroan-edo mantendutako bi erraldoien arteko muga-liskarrek. Gehiago laburtzeko: gerra hilabetez luzatu zen, eta Txinak irabazi zuen. Bi herriok elkarri mesfidantzaz begiratzen jarraitu badute ere, biek eman zuten amaitutzat gerra.

Wan Qi soldadu ohi txinatarrak, ordea, aste honetantxe eman ahal izan du itxitzat pasarte hura, 54 urte Indiatik ezin irtenda ibili ondoren joan den ostiralean lortu baitzuen jaioterrira itzultzea. Wan Qiren istorioa ez da II. Mundu Gerra amaitua zela jakin edo ohartu gabe Pazifikoko uharteetan bakartuta hamarkadak eman zituzten soldatu japoniar horienak bezain ikusgarria. Gehiago du amesgaizto burokratikotik.

Gerraren biktima baino, alegia, gerraostearena izan da da Wang Qi. Gerraoste luze-luze batena. Izan ere, gerra amaitutzat jo arren muga inguruak ez ziren zeharo baketu, eta herrialde biek eutsi zioten presentzia militarrari. 1963an, gerra bukatu eta gutxira, muga gatazkatsuaren ondoan zegoen destakamentu bateko kide zen Wang Qi. Halako batean, paseo bat emateko asmoz, kanpamentutik urrundu zen eta, konturatu gabe, muga zeharkatu zuen, Indian barneratuz, 'etsaiaren' lurretan. Gurutze Gorriak aurkitu zuen, eta Indiako armadaren esku utzi.

Burokraziaren linboan

Espioitzat hartuta, sei urte igaro zituen kartzelaz kartzela. Libre utzi zutenean egin zuen topo aurrez aurre burokraziaren mugarekin: ez zeukan pasaporterik eta, ez zenez indiarra, ezin zuen bisarik eskatu Txinara bidaiatzeko. Linbo moduko horretan harrapatuta, Indiako emakume batekin ezkondu zen, Madhya Pradesh estatuan jarri zen bizitzen eta familia osatu zuen bertan. Errotari bilakatuta, nahiz eta pobrezia izugarrian bizi lortu zuen familia aurrera ateratzea eta, nolabait, bizimodu normal samarra egitea 'etsaiaren' herrialdean. Hala ere, hor zegoen herrimina, eta Xuezhainango senideei idazten zizkien eskutitz ugarietan beti azaltzen zuen Txinara itzultzeko gogoa. 2006an hil zitzaion 40 urtez ikusi gabe zeukan ama, eta orduan ere ezin izan zuen bidaia egin.

2013an, azkenean, lortu zuen pasaporte txinatarra. Indiak, baina, ez zion baimenik ematen familiarekin batera Txinara bidaiatzeko.Istorioa nazioarteko hedabideetara iritsi zenean, jarrera aldatu zuten India eta Txinako funtzionarioek, eta gauzak konplikatu beharrean erraztu egin zizkioten. Hala, azkenean lortu zuten bidaia baimena Wang Qik, alabak, semeak, errainak eta biloba batek. Emaztea ez da taldera bildu, gaixorik baitago.

Shaanxi probintziako Xuezhainan herrian pankarta handi bat zeukan zain Wang Qik: «Ongi etorri, soldadu, luzea izan duzu bidaia». Anai-arrebak ere zain zeuzkan, eta malkotan egin zioten harrera. «Azkenean, etxean nago», esan zuen berak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate