Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
44 pertsonaren aztarnak aurkitu dituzte Tausteko nekropolian.
Hezurretan eta hortzetan gelditzen da jaten dugunaren aztarna

Hezurretan eta hortzetan gelditzen da jaten dugunaren aztarna

Geologiari dagozkion teknikak erabilita, Erdi Aroko komunitate baten elikadura aztertu du UPV/EHUko ikertalde batek

El Diario Vasco

Martes, 14 de febrero 2017, 12:13

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

UPV/EHUko ikertalde batek Tausteko (Zaragoza) aztarnategi batean aurkitutako giza aztarnem inguruan egin duen ikerketak finkatu du zer jaten zuten gizon eta emakume haiek, eta zein ziren desberdintasunak elikaduran sexuaren eta adinaren arabera. Lana Iberiar Penintsularen iparraldean Erdi Aroan zuten dietari eta mugikortasunari buruz Iranzu Laura Guede geologoa egiten ari den doktorego tesiaren zati bat da, eta berezitasunetako bat da ikerketan geologiari dagozkion teknikak aplikatu direla.

Laura Guede ikertzaileak laser ablazioa erabili du hortzetako analisi zehatzak egiteko. Teknika horren ezaugarrietako bat da laginak ez duela prestaketa handirik behar eta, halaber, ia ez dela erasokorra aztarna fosilekin. Ondorioz, arkeologian oso urriak diren aztarna horiek kontserbatzea ahalbidetzen du, etorkizuneko ikerketetarako babestuz.

Emaitza kimikoek agerian utzi dutenez, alde nabariak daude gizon helduen elikaduraren eta emakume eta gazteen elikaduraren artean. Ikusi ahal izan denez, gizon helduek animali jatorriko proteina gehiago jaten zituzten; emakumeek eta gazteek, aldiz, lekale eta barazki gehiago.

Jaten duguna gara

Ikertalde honek egin dituen azterketek historiagileen, antropologoen eta arkeologoen azterketetan oinarritu eta horiekin alderatu beharra dago. «Zenbakizko datu hutsek ez dute baliorik, baina funtsezkoak dira arkeologoen eta historiagileen hipotesiak eta aurkikuntzak babesteko», nabarmendu du Guederen doktorego tesiaren zuzendarietako bat den Mari Cruz Zuluaga doktoreak. Horrenbestez, «analisi horiek animali jatorriko proteinaren jatorri zehatza ezagutarazten ez badute ere, idatzizko testuetan eta Erdi Aroko komunitate islamiarraren inguruko antropologia ezagutzan oinarrituta, gehienbat ahuntz eta ardietatik etorriko litzatekeela esan genezake».

Zentzu horretan, ikerketa mota honek «jaten duguna garela» frogatzen du, isotopo egonkorren azterketa metodoak garatzeagatik ezagun egin zen Samuel Epstein (1951) geologoak esan zuen bezalaxe. «Irensten duguna gure gorputzen zati bilakatzen da eta gure gorputzean grabatuta (kasu honetan, hortzetan) geratzen den balio handiko informazioa eskaintzen digu».

Ikerketak dentinan jarri du bere arreta, Iranzu Guede geologoaren iritziz hortzetako esmaltea baino «egokiagoa» baita dieta zehazteko; «dentinaren kimika osaera bizitzan zehar birmoldatzen doa eta, ondorioz, banakoen bizitzaren azken urteotako beren elikadura osatzen zuten osagaiak grabatuta geratzen dira».

Elikadurari dagokionean egindako lanaz aparte, ikerketak beste aurkikuntza garrantzitsu batzuk ere egin ditu: lau banakoren dentinan aurkitutako berun kontzentrazio handiak, esaterako. «Berun kontzentrazioa hain da handia, ezen osagai horrekin intoxikatuta zeudela uste baitugu», nabarmendu du ikertzaile gazteak. Osagai horren jatorria antropogenoa da eta ikerketa ezberdinen arabera, berun mineralak maneiatuz egiten zuten lanaren ondorio izan daiteke, zeramikentzako beiradurak egiten ziurrenik.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios