Diario Vasco

Osasun sistemako hamar ikertzailetatik sei emakumeak dira

Artxiboko argazkian, Ana Aiastui, Biodonostiako ikertzailea.
Artxiboko argazkian, Ana Aiastui, Biodonostiako ikertzailea. / USOZ
  • EAEko ikerketa zentroak bere osotasunean hartuta, ordea, %35ekoa baino ez da emakumeek duten pisua

Euskadiko osasun sisteman ikerketa eta garapenaren arloan dabiltzan profesionalen %60 emakumeak dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Guztira, EAEko osasun sistemako ikerketa zentroetan (Osakidetzaren unitateak, Biocruces, Biodonostia, Bioraba eta Kronikgune ikerketa zentroak...) 2.624 pertsona ari dira osasunaren eremuko I+G jardueretan, eta guztizko horretan emakumeek %60a gainditzen dute. Ikertzaile nagusiek osatzen duten talde txikiago eta kontsideratuagoa hartzen bada aintzat, ia hamar puntutan murrizten da emakumeen presentzia. Izan ere, 238 ikertzaile nagusi dituzte zentro horiek, eta %52 dira emakumeak.

Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunaren harira zabaldu dira datuok. Aldarrikapenaren helburua da «emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta partaidetza zuzena eta erabatekoa izatea eta genero berdintasuna eta emakume eta neskatoen ahalduntzea lortzea». Eguna baliatuz, Osasun Sailak eta Osakidetzak «bat egin dute ikerketan jarduten duten zentroetako profesionalekin». Osasun Sailak adierazti du azken15 urteetan nazioartean ahalegin berezia egin den arren emakume eta neskatoek zientzian duten parte hartzea oinarritzeko eta sustatzeko, «oztopoak aurkitzen jarraitzen» dutela.

Aldaketa handirik ez

Jon Darpon Osasun sailburuak aitortu eta eskertu egin du euskal ikertzaileek gainerako profesionalekin batera egiten duten lan garrantzitsua, euskal hiritarren osasunaren alde, eta ikerketa eta berrikuntza laguntza eskaini ditu, «ezinbesteko tresnak osasuneko emaitzak hobetzeko, osasun sistema eraldatzeko eta euskal gizartearen garapen ekonomikoari eta sozialari laguntzeko». Hori dela eta, 2020ra begirako estrategiarekin jarraitzea eta horretan sakontzea izango da lehen mailako helburu datozen urteotan.

Antza denez, emakumeek osasunarekin zerikusia duten arlo guztietan duten presentzia handia ikerketaren esparrura ere heldu da, baina ez da hori ezaugarri orokorra, panorama nahiko bestelakoa aurkezten baitu Ikerbasqueren 2016ko Zientzia Txostenak. Emakumeek zientzian duten presentziari emandako atalean ikus daiteke ez dela aldaketa handirik eman azken urteetan eremu horretan generoari dagokionez. XXI. mendearen hasieran, hain zuzen 2,3 gizonezko ikertzaileko emakume ikertzaile bat zegoen. Azken datua hobea da, baina urrun dago oraindik parekotasunetik, emakumezko bakoitzeko 1,86 gizon baitaude EAEko ikerkuntzaren alorrean.

Datu hori portzentajetan emanez gero, txostenak dio %35 ingurukoa dela emakumeen presentzia, eta ez dela aldaketa handirik izan 2005eaz geroztik. Are deigarriagoa da motelaldia ikusten bada desberdintasunak ez direla jatorrizkoak. Izan ere, azken urteetan gehiago dira doktore bilakatzen diren emakumeak gizonezkoak baino. Hasierako mailetan, beraz, parekotsu dabiltza emakumeak eta gizonak, baina karreran aurrera, eta batez ere gora, egin ahala gero eta emakume gutxiago dago, eta horien presentzia oso txikia lidergo posizioetan; hau da, talde edo laborategi propioak zuzentzen dituzten ikertzaileen artean.

Ikerbasqueren txostenak azpimarratzen du, eta oharra ez da batere lasaigarria, diru publikoz ongi hornitutako zentro horiek guztiak gazteak direla, orain dela bost eta hamar urte bitartean sortuak gehienak, eta hala ere patroi eta eredu zaharrak errepikatzen dituztela emakumeen presentzia eta garrantziari dagokionez.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate