Diario Vasco

136 auto elektriko saldu ziren iaz Euskadin

Espainiar estatuan salgai oraintsu jarri den Tesla S bat, 'autopilotu' moduan AEBetako errepide batean.
Espainiar estatuan salgai oraintsu jarri den Tesla S bat, 'autopilotu' moduan AEBetako errepide batean. / REUTERS
  • Hibrido denak kontuan hartuta, 1.194 auto saldu ziren EAEn, 2015ean baino %46 gehiago

Erregai konbentzionalak eta elektrizitatea uztartzen dituzten ibilgailu hibridoak zein erabat elektrikoak direnak Espainiar estatuko kale eta errepideetan dabiltzanen zati txiki-txiki bat dira oraindik. Salmentei dagokienez ere pisu ñimiñoa izan zuten merkatuan 2016an, autoak eta kamioiak ekoizten dituzten enpresak biltzen dituen Anfac patronalak zabaldu berri dituen datuen arabera. Marka eta modelo denak batuta, 31.019 unitate saldu ziren, guztizkoaren %2,6 apala.

Hala eta guztiz ere, sekulako hazkundea izan zuten horrelako autoen salmentek 2016an. Mota guztietakoak kontuan hartuta, eta hor sartzen dira elektriko hutsak, hibrido entxufagarriak eta hibrido ez entxufagarriak, 31.019 unitate saldu ziren, aurreko urteko 18.467en aldean; hau da, %68 gehiago. Gehien saldu zirenak hibridoak izan ziren, hibrido ez entxufagarriak alegia, HEV (Hybrid Rlectric Vehicle) siglekin ezagunak. Gure kaleetan gero eta gehiago ikusten diren auto horiek bi mekanikazio dituzte, auto arrunten motorizazio konbentzionala eta motor elektriko txiki bat, konbentzionalaren laguntzaile, batik bat hiri barruko kondukzioan eta azeleratzeko orduan. Behar izanez gero, aldi berean funtzionatu dezakete bi motorrek. Oso autonomia txikia daukan elektrikoa elikatzen duen bateriak azeleratzekoan edo aldapa beherakoan kargatzen dira, ezin dira 'entxufatu'. Horietako 26.000 auto saldu ziren iaz Estatuan, gehien-gehienak Toyota markakoak, salduena (ia 11.000 unitate) Auris modeloa izan zelarik.

Oso urrun geratu ziren salmentei dagokienez erabat elektrikoak (BEV edo Battery Electric Vehicle) diren autoak. Saldu ziren 2.220 ibilgailuen salmentak modu oso orekatuan partekatu zituzten Nissan (Leaf eta NV 200), Renault (Zoe eta Kangoo) eta Citroen (C-Zero) etxeetako modeloek. Hibrido enfxufagarriei dagokienez, (PHEV edo Plug-in Hybrid Electric Vehicle) saldu zirenen erdia Mitsubishi Outlander-ak (555) izan ziren. Volvo, B.M.W. eta Volkswagen etxeek ere saldu zituzten motor elektrikoa elikatzen duten bateriak elektrizitate-iturri batera entxufatzea ahalbidetzen duten modeloetako ehunka ale batzuk.

Euskadiri dagokionez, era guztietakoak kontuan hartuta 1.194 auto saldu ziren 2016an, aurreko urtean baino %46 gehiago. Estatuko seigarren erkidegoa izan zen salmentei dagokienez, Madril, Katalunia, Andaluzia, Valentzia eta Galiziaren atzetik. Urte amaiera aldera bizkortzen hasi ziren salmentak, abenduan 126 auto hibrido saldu baitziren, 2015 hil berdinean baino %66 gehiago.

Auto elektrikoen kasuan, kontrakoa izan zen joera urte osoari erreparatzen bazaio, -%5,56 murriztu baitziren salmentak, EAE izan zelarik, Valentzia eta Errioxarekin batera, 2016an 2015ean baino auto elektriko gutxiago saldu ziren urtea: 136, aurreko urteko 144en aldean.

Mundu mailan hedatzen ari diren beste eragile batzuk ere ari dira iristen Espainiar estatuko merkatura, hala nola Tesla estatubatuarra. Nahiz eta oraindik ez duen dendarik zabaldu, abenduaz geroztik enkargatu daitezke Model S eta Model X modeloetako autoak. 80.000 eta 103.000 euroko prezioa dute, hurrenez hurren, bertsio basikoek, eta esan behar da oraindik urria dela auto horren abantaila nagusia den karga azkarra ahalbidetzen duten 'supercharger' karga-tokien sarea. Zazpi daude guztira Estatu osoan.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate