Diario Vasco

Bi bider eta erdi Gipuzkoa den iceberg bat aska liteke Antartikatik

Honela ikusten da arraila airetik.
Honela ikusten da arraila airetik. / EFE/NASA
  • Larsen izotz hesiaren jarraipena egiten ari diren zientzialarien ustez, aurreikuspen ezkorrenak beteko balira gora egingo luke ozeanoetako uren mailak

Pixkanaka-pixkanaka, zatika, desegiten doa Antartikaren ekialdeko kostaldean dagoen Larsen izotz hesia. Aurreneko zatia, txikiena, 1995ean desintegratu zen. Bigarrena, erdikoa tamainari dagokionez, ia osorik desagertu zen 2002an, zatiren batzuk gelditzen badira ere. Sektore handienak, Larsen C izenekoak, egonkorra ematen zuen, baina haren jarraipena egiten duten Swanseako (Gales, Erresuma Batua) Unibertsitateko zientzialarien ustez espero baino lehenago aska liteke kontinentetik. Iceberg edo izozmendi bilakaturik itsasoratuko balitz, ondorio kezkagarriak izango lituzte, besteak beste, itsasoaren mailan.

Arrailaren hurbileko bista.

Arrailaren hurbileko bista. / NASA/EFE

Izan ere, Larsen C segmentuak aspalditik zeukan arrail erraldoi bat, eta aspaldidanik ari ziren zientzialariak horren jarraipena egiten. Berriki, abenduan zehazki, asko eta oso azkar zabaldu da arrakala, eta gaur egun 20 kilometro izotzek mantentzen dituzte lotuta plataforma eta izozmendi bilakatzeko zorian dagoen zatia.

Eta zatia ez da nolanahikoa, 5.000 kilometro karratukoa baizik: bi bider eta erdi Gipuzkoa, hain zuzen. Sakonera ere sekulakoa du, 350 metrokoa, eta funtzio garrantzitsua dauka, atzean dauzkan glaziarren bultzadari eta aurrera egiteari eusten baitio.

«Zeharo harrituko ninduke hurrengo hilabeteetan iceberga ez itsasoratzeak», esan dio BBC telebista kateari Swanseako Unibertsitateko Adrian Luckman irakasleak. Zehaztu duenez, Esa Sentinel sateliteak bidaltzen dizkien irudiei esker ari dira egiten arrailaren handitzearen jarraipena, eta uste dute gehiago dela gertaera geografiko bat klima aldaketaren ondorio baino. Zientzialarien kezka nagusia, dena den, ez da erregistratuta daudenen hamar handienen artean egongo litzatekeen iceberga itsasoratzea, glaziarren portaera baizik. Barrera desagertuta glaziarrak itsasoraino helduko balira, haiek ekarriko luketen izotzak aldaketa handiak eragingo lituzke ozeanoen mailan. Aurreikuspen kezkagarrienen arabera, 10 zentimetro egingo lukete gora urek.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate