Diario Vasco

Astelehenean zabalduko da EGA egiteko izena emateko epea

Astelehenean zabalduko da EGA egiteko izena emateko epea
/ LUSA
  • 2017ko lehen deialdiari dagokion epea urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik, eta otsailaren 25ean egingo da atariko proba

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratu ahal izateko izena emateko epea irekiko du datorren astelehenean, urtarrilaren 9an. 2017ko lehen deialdiari dagokion epea urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik, eta aurreko urteetan bezala, izen ematea on line egin beharko da, honako esteka honetan.

Modu honetan, matrikula epea bukatu ondoren, onartuen behin behineko zerrenda otsailaren 10ean argitaratuko da, eta erreklamazioak otsailaren 16ra arte egin ahalko dira. Onartuen behin betiko zerrenda otsailaren 23an ezagutaraziko da. EGAren atariko proba otsailaren 25ean izango da, eta proba idatzia martxoaren 11n. Azkenik, ahozko proba maiatzaren 26an eta 27an eta ekainaren 2an eta 3an izango da.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, EGA eskuratzeko probetara aurkeztu nahi dutenek bete beharreko baldintza nagusia adinarekin lotutakoa da: 17 urte beteta izatea edo 2017an zehar betetzea (2000. urtean edo lehenago jaioak). Desgaitasunen bat duten azterketariek azterketa egokitzeko eska dezakete matrikula egitean. Probak Bilbo, Donostia eta Gasteizen egiten dira, eta Hezkuntza Sailak urtean bi aldiz egiten du EGA azterketara aurkezteko deialdia: urtarrilean lehena, eta uztailean bigarrena.

2017. urteko bi deialdiek "berrikuntza garrantzitsua" dakarte EGAra aurkeztuko diren azterketarientzat, eta horrela, proba idatzian hamar minutu gehiago izango dute idazlan luzea eta laburra egiteko.

EGAren helburua da ziurtatzea azterketa gainditzen duenak, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, C1 mailari dagokion gaitasuna duela euskaraz ahoz eta idatziz komunikatzeko. Horretarako, atariko probaz gain (aukera anitzeko testa), proba idatzia eta ahozko proba egin behar ditu EGA azterketara aurkezten denak.

2000tik, ALTE (Association of Language Testers in Europe) elkarte europarreko kide da EGA (hizkuntza gaitasuna aztertzen duten kideez osatutako Europako elkartea da ALTE). Bertan, EGA bezala, hizkuntzen azterketetan diharduten erreferentziazko hainbat erakunde biltzen dira, besteak beste, Cambridge University edo Trinity College ingeleserako, CCIP edo CIEP frantseserako, Cervantes Institutua gaztelaniarako, edo Goethe-Institut alemanerako.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate