Diario Vasco

Emakumeak zuhurragoak dira loterian irabazitakoa gastazeko orduan

Iaz izan zuten Pasaian zer ospatua...
Iaz izan zuten Pasaian zer ospatua... / ARIZMENDI
  • Etxebizitza bat erostera, negozio bat abian jartzera edu aurreztera bideratuko lukete gehienek saria

Erregetako eta Umearen loteriak, ostiralean egingo den zozketa bereziak alegia, ez du Gabonetakoaren xarma, eta sariak ere ez ditu hark bezain potoloak. Abenduaren 22koak 2.310 milioi euro banatu bazituen saritan, urtarrilaren 6koa 630 milioi eurotan geldituko da. Hala ere, Gabonetan tokatu den apurra berriro zortearen gurpilean sartzeko asmoz edota festa giroko egunak amaitutzat emateko, ezohiko loteria erosketa egiten dute askok egunotan. Eta gehienek ikusten badute ere nola ihes egiten dien diruak bueltan ezer ekarri gabe, irabazten duenik ere bada...

Gabonetako loteriaren zozketaren atarian zabaldutako datuen arabera, gizonezkoek emakumeek baino afizio handiagoa diote loteria erosteari, eta batez besteko gastua ere handiagoa dute, nahiz eta aldeak ez izan ikusgarriak. Sariren bat irabaziz gero, ordea, portaera desberdina dute gizonezkoek eta emakumezkoek. Emakumeak, oro har, zuhurragoak dira, eta epe luzera errentagarriak izan daitezkeen inbertsioak lehenesten dituzte gizonezkoek gogokoago dituzten 'kapritxoen' aldean.

Emakumeei zuzendutako atari batek egin berri duen inkesta baten arabera, loterian sariren bat irabaziz gero emakumeen %81ek etxebizitza bat erosiko luke, negozioren bat jarriko luke martxan edo gorde egingo luke irabazitakoa. Gizonezkoen kasuan, 10etik 6 izango lirateke horren zuhurrak, nahiz eta dirua etxebizitza bat erostera bideratuko luketenen kopurua oso antzekoa izan bi kasuetan. Dirua enpresa edo negozioren bat martxan jartzeko orduan, berriz, emakumeak ausartagoak direla esan daiteke, %22 baitaude irabaziak arriskatzeko prest, gizonezkoak baino 5 puntu gehiago. Irabazitakoa aurreztea ere gehiago gustatzen zaie emakumeei (%13) gizonezkoei (%9) baino.

Alde handiena, ordea, ondasun arrunten erosketan datza, kapritxotzat har daitezkeen produktuen eskuratzean. Gizonezkoen %18k aitortzen dute damurik gabe xahutuko zuketela saria festatan, kapritxotan eta autoa edo motorra erosten. Portzentaje hori %7raino jaisten da emakumeen kasuan. Bidaien kasuan ere nabarmena da diferentzia, horrenbestekoa ez bada ere: gizonezkoen %19ri eta emakumeen %12ri saria horrela gastatzea gustatuko litzaieke.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate