Diario Vasco

Amsterdamgo 'coffee shop'-en gainbehera

Kalean erretzea debekatzen duen seinalea.
Kalean erretzea debekatzen duen seinalea. / P. DEJONG/AP
  • Urte berria heltzearekin batera itxi da zaharrena, 'Yellow Mellow' famatua, eta gainerakoek gero eta oztopo gehiagori egin behar diete aurre zabalik jarraitzeko

Askok oraindik kontrakoa uste badute ere, Holandak aspalditxo utzi zion marihuana edo haxixzaleen paradisua izateari, nahiz eta orain dela 40 bat urte, heroina eragiten ari zen kalte izugarriari aurre egin nahirik, hango agintariek droga gogor eta bigunen arteko diferentzian oinarritutako 'tolerantzia politika' delakoaren hautua egin zuten, opiazeoen aurka gogor borrokatuz eta kalamu edo kannabisetik eratorritako substantzien kontsumoa baimenduz, baldintza eta toki jakin batzuetan betiere.

Droga bigunak –haxixa, marihuana eta lo egiteko piluka lasaigarriren batzuk, Gobernuak gaiari eskainitako gunean zehazten duen bezala-, ez daude legeztatuta. 'Toleratzen' da ordea horien salmenta eta kontsumoa establezimendu jakin batzuetan eta, esan bezala, batik bat adinari (18 urtetik gora) eta kantitateari (5 gramo) eragiten dioten baldintza zehatzetan. Ñabardura horretan oinarrituta loratu ziren hain zuzen iragan mendeko 70.eko hamarkadatik aurrera 'coffee shop' ezagunak non, bide batez, debekatuta dagoen alkohola saltzea eta kontsumitzea. Marihuana erre, jan edota edan daiteke, baina ez eskatu edari alkoholdunik. Eta ez piztu zigarro arruntik...

Ateak itxi berri dituen establezimendua.

Ateak itxi berri dituen establezimendua. / N.Z.

Apurka-apurka, baina, iraganeko kontu bilakatzeko zorian dira 'coffee shop'-ak Holanda osoan, erakargarri turistiko nagusien artean izan dituen Amsterdamen barne. Atzerritarrei horrelako tokietara sartzea eragotziko zien pase modukoa, 'weed pass' izenekoa, bertan behera geratu bazen ere, 'coffee shop'-ak dituzten herri askotan, herri mailako araudien arabera, holandarra izan behar da 'coffee shop' bateko bezero izateko. Amsterdamen, oraingoz, turistak sar daitezke 'coffee shop'-etan, eta urtero hiria bisitatzen duten 5 milioi lagunen laurdenak edo egiten omen du, Udalaren datuen arabera, sartu-irtena horrelako tokiren batean. Askok ezagunenetakoa zen 'Yellow Mellow'-en helbidea zeramaten apuntatuta, gune, foro eta gida guztietan azaltzen baitzen aurrealde marradun hori eta beltza zeukan 'coffee shop' famatua.

Bada, urtarrilaren lehenaz geroztik, alferrik da hara hurbiltzea, 1973an Amsterdamen zabaldu zen aurreneko 'coffee shop'-a itxita baitago, ez duelako betetzen Udalak droga bigunak kontsumitzea baimenduta dagoen establezimenduen eta ikastetxeen artean finkatutako distantzia, gutxienez 250 metrokoa, ez zuelako betetzen. 'Yellow Mellow', hain zuzen, ile-apainketa eskola batetik 230 metrora dago, eta ikasle gehienak 18 urtetik gorakoak badira ere, amaitu zaizkio luzapenak eta ixtea tokatu zaio. 2014an ezarritako neurriak 28 establezimenduri eragin die dagoeneko. Arrazoi horrengatik 11 itxi ziren 2016an eta beste 8 itxiko dira aurten. Ikastetxeekiko distantzia arautzen duen neurriaz gain, Amsterdamgo Udalak esku-hartze berezia jarri du abian 'auzo gorria' delakoan, eta horrek beste 22 establezimenduren itxiera ekarriko duela iragarri dute.

'Coffee shop'-en gainbehera, baina, lehenagotik dator, beste herrialde batzuen presioen eraginez-eta mendea hasi zenez geroztik geroz eta estuagoa baita 'tolerantzariaren' eremua. Eztabaida, berez, askoz ere sakonagoa da, drogen despenalizazioaren aldeko aktibistek eman ohi dituzten datuen arabera drogekiko politika debeku soilean oinarritzen duten herrialde gehienetan baino txikiagoa baita kontsumoa Holandan. Hala ere, legearen interpretazio berezi hori baliatuz droga bigunak kontsumitzeko inguru atsegina eskaintzen duten kafetegi edo dena delako horien gainbeherak ez du etenik azken urteotan. Azken hamarkadan erdira jaitsi da Amsterdamen 'coffee shop'-en kopurua. Gaur egun, 175 inguru omen daude ia mila izatera iritsi zen hirian.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate