Borrar
Iaz Arantxa Urretabizkaiaren hitzaldi batekin ospatu zuten eguna Mexikon.
Euskal Herritik kanpo ere ospatuko da Euskararen Eguna

Euskal Herritik kanpo ere ospatuko da Euskararen Eguna

Etxepare Euskal Institutuak ekitaldiak antolatu ditu 18 herrialdetan dituen 34 irakurletzatan

El Diario Vasco

Miércoles, 30 de noviembre 2016, 19:39

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Etxepare Euskal Institutuak larunbatean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du bere euskara eta euskal kulturako irakurletza sarearen (34 irakurletza 18 herrialdetan) bidez kultur programak antolatuz edo sustatuz. Institutuak sarea osatzen duten 28 irakasleei eta 1.500dik gora ikasleei aitortza egin nahi die honela.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, aurten bederatzi hiritan izango dira hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, errezitaldiak, zinema proiekzioak eta bestelako kultur jarduerak: Frankfurten (Alemania), Leipzigen (Alemania), Corken (Irlanda), Santa Barbaran (AEB), Bolonian (Italia), La Platan (Argentina), Brnon (Txekiar Errepublika) eta Bartzelonan (Katalunia).

Leipzigeko eta Frankfurteko programek -Cork, Santa Barbara eta Bartzelonakoekin batera Olaso Dorrea Fundazioaren laguntza jaso dute- erbestea eta lehenengo Eusko Jaurlaritza izango dituzte ardatz, haren osaketaren 80. urteurrenarekin bat eginez. Ingo Niebel kazetari eta historialari alemanak eskainiko dituen hitzaldiez gain, "Iragan gunea Berlin' eta 'Gernika. Markak' dokumentalak ikusi ahal izango dira.

Bestalde, Mariasun Landa idazleak Boloniako Unibertsitateko ikasleekin egingo den topaketa batean parte hartuko du eta Etxepare Euskal Institutuaren diru laguntzaz italierara itzuli den 'Maitagarria eta desioa' (La fata e il desiderio) liburua aurkeztuko du Erroman.

Iban Zaldua Mexikon

Euskararen Nazioarteko Egunak Mexikon ere izango du oihartzuna, euskal literatura nazioarteko bihurtzeko hainbat ekintza sustatu baititu herrialde horretan Etxepare Institutuak. Horrela, Iban Zaldua euskal idazlea Mexikon da jada Institutuaren babesaz Latinoamerikako azoka eta literatura jaialdi garrantzitsuenean parte hartzen: Guadalajarako FIL liburu azokan. Gainera, urtero bezala Euskadiko Editoreen Elkarteko standean izango da Etxepare Institutua behin berriro.

Ostegunean Mexiko Hirirako bidea hartuko du Zalduak, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egin eta UNAM unibertsitateko (Universidad Nacional Autónoma de México) ikasleekin antolatutako solasaldi-topaketan parte hartu eta hitzaldi bat eskaintzeko.

Bestalde, Etxepare Institutuak Jacoba Casier Herbehereetako editorea gonbidatu du Euskal Herrira abenduaren 5ean eta 6an. Durangoko Azoka ezagutzeaz gain, euskal idazle eta editoreekin elkartuko da neerlanderara itzulpenak eta argitalpen aukerak aztertzeko.

Ekimen honen bidez jarraipena eman nahi zaio 2014an eta 2015ean eginikoari. 2014an Britainia Handiko editore eta kazetari talde bat etorri zen Euskal Herrira eta iaz Poloniatik jaso zen bisita. Kontaktu hauen ondorioz hiru lan itzuli eta argitaratu dira ingelesez eta bi polonieraz.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios